}

Garunaren eremu batek hazten jarraitzen du helduaroan ere

2017/01/05 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

garunaren-eremu-batek-hazten-jarraitzen-du-baita-h
Ikertzaile bat haur bati erresonantzia magnetiko bidez egin berri dizkion argazkiak erakusten. Arg. Jesse Gomez eta Kalanit Grill-Spector. Vision and Perception Neuroscience Lab.

Gizakioi aurpegiak ezagutzeko gaitasuna ematen digun garunaren aldeak hazten jarraitzen du helduaroan ere, Science aldizkarian argitaratutako ikerketa berri baten arabera. Emaitzak harrigarriak egin zaizkie ikertzaileei, nerabezaroan gertatzen den kimatze sinaptikoaren ondoren, ez baitzuten espero garunak gero hazten jarraituko zuenik.

Orain arteko teoriak dio haur jaioberri baten garunak baduela jada helduaroan izango duen neurona-kopuru bera (90.000 milioi inguru neurona). Horren arabera, haurra hazten doan heinean, bere garuna ere hazten doa, baina ez neurona gehiago sortzen dituelako, baizik eta neuronen tamaina eta mielinazko estaldura handitzen doazelako. Nerabezarora iristean nolabaiteko aukeraketa bat gertatzen da: gutxi erabiliak eta ahulak diren neuronen arteko sinapsiak galdu egiten dira, eta gehien erabiltzen direnak sendotu. Hori dela eta, nerabezaroa hartzen zen garuna hazteko muga gisa. Orain, ordea, ikusi dute eremu batean hazten jarraitzen duela, eta gainera, neurona gehiago sortzearen ondorio dela.

Garunaren jarduera hobeto ezagutzeko, erresonantzia magnetikoak egin dizkiete 22 haurri eta 25 helduri, haien garun-ehunak konparatzeko. Garunaren bi eremu aztertu dituzte: aurpegiak ezagutzen inplikatuta dagoena eta tokiak ezagutzen inplikatuta dagoena. Tokiak ezagutzen laguntzen digun garunaren eremua berdina da haur zein helduetan, espero bezala, baina aurpegiak ezagutzen laguntzen diguna handiagoa da helduetan. Hildako helduen garunak aztertuta ere baieztatu dituzte emaitzak. Aurpegiak ezagutzeko gaitasuna funtsezkoa da interakzio sozialetarako, eta, emaitzen arabera, helduaroan gaitasun handiagoa dugu horretan.

Ikerketak galdera berriak ekarri ditu: nola aldatzen da garun-azala haurtzarotik helduarora garunaren prozesamendua hobetzeko bide horretan? Ikerketaren egileek eredu berri baten beharra azpimarratu dute, nerabezaroko kimatze sinaptikotik harago joango dena eta garun-azalaren ehunen hazkuntza hori ere kontuan hartuko duena; adibidez, egitura dendritikoen eta gorputz zelularren areagotzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia