}

Garunak, atsedenean, oroitzapenak errepikatu eta lekuz aldatzen ditu

2016/04/19 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

garunak-atsedenean-oroitzapenak-errepikatu-eta-lek
Arg. Pedro Ribeiro Simões

Londresko Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, ekintza bat egin eta ondoren atseden hartzean, garunean oroitzapenak errepikatu egiten dira, eta, jarraian, garuneko beste gune batera transferitzen dira.

Ikerketaren emaitzek erakusten dute bizitako esperientziak garunean errepikatzea garrantzitsua izan daitekeela oroimena sendotu eta etorkizunean oroitzapenak azkar berreskuratu ahal izateko; baina, horrez gain, garunean informazioaren nolabaiteko berrantolaketa eskatzen duela.

Arg. Wikimedia

Ikerketa egiteko, 6 arratoi jarri zituzten 30 minutuz pista batean korrika, eta gero, 90 minutuz atseden hartzen egon ziren. Lo ziren bitartean, ikertzaileek haien garunaren aktibitatea aztertu zuten, eta ikusi zuten arratoiek korrika-saioa errepikatzen zutela hipokanpoan (oroitzapenak sortzen diren gunean), berez egin zutena baino 10-20 aldiz azkarrago. Eta errepikapen hori bera garunaren beste gune batean gertatzen zela 10 milisegundu geroago: garun-azal entorrinalean. Alegia, nolabait, oroitzapenak bigarren gune batera eramaten zirela.

Hipokanpoak etengabe jasotzen du informazioa, baina badirudi ezin duela dena gorde. Hortaz, oroitzapen garrantzitsuak errepikatzen ditu, eta garun-azal entorrinalera eramaten ditu, han gorde daitezen eta, behar dituenean, azkar berreskuratu ahal izateko.

Hain zuzen ere, hori da alzheimer gaixotasuna dutenei aurrena kaltetzen zaien garuneko guneetako bat, eta justu gertatu berri dena gogoratzea dute zailtasun nagusia (nahiz eta haurtzaroko oroitzapenak erraz gogora ditzaketen). Hortaz, alzheimerra eta bestelako gaitz amnesikoak ulertzeko gakoa izan daiteke fenomeno hori sakon aztertzea.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia