Azken asteotan martxan hasi da IBM-Euskadi Konputazio Kuantikoko Zentroan instalatu den ordenagailu kuantiko berria. Trasteak IBM Quantum System Two izena du, 156 Qbiteko potentzia, eta munduko 6 ordenagailu ahaltsuenen artean omen dago. Komunikabideek luze eta zabal eman dute honen berri.
Adinean gora goazenontzat mugarri nabarmena da. Gazte ginela mundu kuantiko misteriotsu eta ezezaguna aipatzen ziguten, Richard Feynman fisikariaren ateraldia errepikatzen zutela: “mundu kuantikoa ulertzen duzula uste baduzu, ez duzu deus ulertu”. Fisika kuantikoaren balizko aplikazio gehienak espekulazio hutsa ziren oraindik. Gaur, ordea, haietako asko martxan daude: positroien igorpen-tomografia, supereroaleak edo ordenagailu kuantikoa.
Azken hau diseinatu eta eraikitzea ikaragarrizko aurrerapen teknikoa izan da, eta horrelako bat Euskal Herrian edukitzea ez da lorpen politiko-zientifiko makala. Ikusteko dago honek zein ate zabalduko dizkigun, eta hemen ere izanen da tresna miresgarria okerreko helburuetarako erabiltzen saiatzen denik, baina tira. Ziur imajinatzen ez ditugun aukera berri ugari ere sortuko direla.
Egunotan gaiaren inguruan izan diren solasaldi eta elkarrizketa mordoska jarraitu ditut. Eta harritu egin nau behin eta berriz ordenagailu horren kostua aipatzea. 153 milioi euro oker ez banaiz, hemendik 2028rarte. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula eta, diru publikoaz ari garenez, gastu horren egokitasunari arretaz begiratzea zilegi ezezik, ezinbestekoa ere bada.
«Biztanleko 69,19 € kostatu zaigu jostailu berria»
Zientziaz zerbait badakidala uste dut, baina zientzia-politikaz tutik ez. Jaurlaritzan edo antzeko posturen batean ariko banintz eta 153 milioi banitu, ez nuke ideiarik izanen non den hobe horiek gastatzea. Ordenagailu kuantikoari eskaini ala energia berriztagarrien ikerketa-zentro bat ireki? Diru hori minbiziaren aurkako ikerketa klinikoetarako erabili, edo Iruña-Veleiako indusketa behin betiko amaitzen? Ez jakin.
Baina zientzia-politikaz baino oraindik gutxiago dakit ekonomiaz. Milioi askoko kopuru horiek oso urruti geratzen zaizkit, ez dakit asko ala ikaragarri diren. Horregatik, milioiak beste zerbaitera itzultzen saiatu ohi naiz. Esate baterako, zenbatekoa den kostu hori pertsonako. Eustaten arabera, Euskadik 2.211.311 biztanle ditu. Beraz, biztanleko 69,19 € kostatu zaigu jostailu berria. Ez dirudi ikaragarria horrelako iraultza baterako, nik gustura ordaindu dut. Baina ulertzen dut hau oso balorazio pertsonala dela, beste batzurentzat astakeria izan daitekeela.
Eta beste zerbaiterako ordainarazi digutenarekin alderatzen badugu? Badakizu, adibidez, Abiadura Handiko Trenaren zenbateko puska egin daitekeen 153 milioirekin? 3,83 kilometro. Bietatik zein iruditzen zaizu inbertsio estrategikoena? Ditxosozko IBM Quantum System Two, ala 3,83 kilometro AHT?
Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa