Gardentasunak heriotza dakarrenean
1993/01/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Euriak, lehorreko bizidunok behar dugun lehengairik preziatuena, hots, ura ekartzen digu. Baina, aldi berean, garden dirudien urak espero ez ditugun substantzia kaltegarriak izan ditzake.
Bigarren Mundu-Gerraren ondoren garapen industrialak abiada beldurgarria hartu zuen eta ondorioz, batez ere erregai fosilak kontsumitzen duen makina eta lantegi ugari sortu zen. Hau dela eta, ekologi sistemak aldatu ezezik bizidunok osasun-arazoak ere izan ditugu.
Poluzioak, oro har, arazo-mota desberdinak eragin ditu Lurrean. Besteak beste, negutegi-efektuak (karbono(IV) oxidoaren metaketaz sortzen denak) hurrengo mendean ur-mailak eta klimatologia alda ditzake. Birziklatu ezin diren hondakin solidoen metaketa goiko mugara heltzen denean, hortik aurrerakoa ezin izango du naturak asimilatu; etab.
Euri azidoa, poluzio-mota batzuk sortutakoa da; zentral termikoek eta ibilgailuek sortutakoa batez ere. Hauek erregai fosilak erretzen dituztenean, tximinietatik edo ihesbideetatik, besteak beste sufre oxidoa eta nitrogeno oxidoa atmosferara isurtzen dituzte. Poluitzaile hauetako zati bat lurreratu egiten da eta beste zatia aireak eramaten du, ur-lurrinaz konbinatu eta azidoak sortuz. Azkenik, azido hauek euriarekin batera lurreratzen dira.
Euri azidoa batez ere azken hamarkadetan nabaritu bada ere, orain dela ehundaka urte, jada, ezaguna zen. Artean industria gutxi baldin bazegoen ere, naturalki (sumendien, ikaztegien eta landare-ustelketaren ondorioz) sortzen zen noizean behin. Hala ere, naturalki sortutako euri azidoaren eragina, poluzioaren bidez sortutakoarena baino askoz ere txikiagoa izan da.
1950-1980 urte-bitartean Europako euriak hamar aldiz handiagotu zuen lurraren azidotasuna. Nahiz eta azken urte hauetan azidotasun-maila txikiagotu, arazoa oraindik larria da.
Euri azidoak badu ezaugarri harrigarri bezain penagarri bat, hau da, euri azidoa lainoekin batera higitzen denez, sortutako lekutik ehundaka kilometrora eror daiteke. Tximiniak, oro har, oso altu izaten direnez, hauek botatako oxidoak lainoek harrapatzen dituzte. Laino hauek haizeen eraginez higitu egiten dira eta handik bizpairu egunera euri poluitua botatzen dute. Batzuetan, ordea, euri azidoa sorlekutik hurbil eror daiteke. Honen adibide; gisa Eskoziako kasua aipa dezakegu; bertan Ingalaterran sortutako euri azidoa erortzen baita.
Hala ere, arestian aipatu bezala, askotan poluzio atmosferikoa esportatu egiten da. Adibidez, Erresuma Batuak Eskandinaviarantz esportatu du. Euri azidoaren eragina jasaten ari diren beste leku batzuk Afrika, Hegoamerika eta Asiako hegoaldea dira.
Orain arte euri azidoaren ezaugarriak eta banaketa aipatu ditugu, baina zeintzuk dira beren ondorioak?
Aurreraxeago lehorreko ondorioak azalduko ditugu, baina lehenbizi uretan bertan duen eragina plazaratuko dugu.
Ur-inguruneetan lakuak dira, ezpairik gabe, ondoriorik larrienak jasaten dituztenak. Euriak utzitako azidoak errekek eta ibaiek eramaten dituzte. Ur hauek lakuetara isurtzen badira, bertako animaliarik eta landarerik gehienek ez dute ur azidoa onartzen. Ondorioz, laku asko kalteturik edo hilik dago. Honi buruz asko dakite Eskandinavian, bertako milaka laku gardentasuna mantenduz hil egin da eta. Eskandinaviako lakuen egoeraren erruduna Erresuma Batua izan da; poluzioa honek esportatzen baitzuen. Harrigarria izanik ere, aipatu laku hilek beren gardentasuna mantentzen dute.
Lehorrean basoak dira kalterik handiena jasaten dutenak. Zenbait lekutan zuhaitzek hostoak galtzen dituzte hil bitartean. Zuhaitzek ezaugarri jakineko lurrak behar dituzte. Euri azidoak lurreko elementuen konposizioa aldatzen duenez, aurreko oreka apurtu egiten da. Lur azidoan hazten diren zuhaitzek, izoztean edo lehortean ez dute behar adinako defentsarik. Ondorioz, ahulezia honen eraginez basoetan dauden birus, onddo edo intsektuen erasoz galtzeko posibilitatea besterik ez dute.
Euri azidoak lurrari ezezik, hostoei zuzen-zuzenean eraso diezaieke. Sufre (IV) oxidoak hostoen poro txikiak ixten ditu, landareak arnasa hartzea eragotziz.
Europan badugu euri azidoak kaltetutako baso ezagun bat, hots, Alemaniako Oihan Beltza.
Arte-lanak eta eraikuntzak ere ez daude eraso honetatik salbu. Euri azidoak estatuetako, pinturetako eta eraikuntzetako materialak ukitzen dituenean, kaltetu ezezik apurtu ere egin ditzake.
Lurrean, arte-lan kaltetuen zerrenda luzea da; Londresko San Pablo katedraleko hormetako harria erortzen ari da; Polonian Krakoviako katedraleko urrezko teilatua herdoiltzen ari da; Indiako Taj Mahal ere jota dago; Erroman Migel Angelek egindako Marko Aurelioren estatua bere lekutik kendu dute euri azidotik babestu nahian.
Artikulu honen hasieran azaldu dugunez, poluzioak osasun-arazoak ere eragin ditzake. Airean dagoen azidoa arnasteak, eztula, arnas arazoak eta begietan, sudurrean eta eztarrian narritadura sor ditzake.
Arnastutako hautsek, gasek eta partikulek substantzia kantzerigenoak izan ditzakete. Batez ere diesel motoreek botatako kedarrezko partikula beltzek kantzerra sor dezakete. Gainera euri azidoak aluminioa garraia dezake urtegietaraino eta horren ondorioz Alzheimer gaitza sor daiteke.
Euri azidoek sortutako arazoak Lurreko leku askotan gertatzen dira eta Euskal Herria ere ez dago salbu. Azken datuen arabera Euskal Herrian arazo larririk ez baldin badago ere, zonalde batzuetan besteetan baino nabariagoa da euri azidoaren eragina. Une honetan, oro har, kostaldeko landarediak barnekoak baino osasun hobea duela esan daiteke.
Artikulu hau amaitu aurretik, euri azidoaren arazoak ekiditeko egin daitekeena azalduko dugu.
Lehenengoa, zentral termikoek isurtzen duten poluzioa kontrolatu egin behar da, tximinietan iragazki egokiak ipiniz.
Bigarrena, ibilgailuen ihesbideetatik botatzen diren gasen kantitatea txikiagotu egin behar da. Horretarako, katalizatzaileen bidea da egokiena.
Hirugarrena, ibilgailu partikula gutxiago erabili behar da eta garraio publikoa edo bizikleta gehiago.
Laugarrena, etxeetan eta lantegietan energia aurreztu egin behar da eta aldi berean energia alternatiboen bidea jorratu.
Azkenik, poluzioaren aurkako arauak indartu egin behar dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia