Garbitu behar ez diren ukipen-
-lenteak
2002/08/22 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Lana erraztearren merkatuan badaude hilero bota daitezkeen lenteak, baita egun baterako balio dutenak ere. Orain, urte osoan kendu eta garbitu beharrik gabe erabil daitezkeen lente berriak sortu ditu Texasko Unibertsitateko zientzialari-talde batek.
Ukipen-lenteen arazo handienetako bat egunero lenteetan pilatzen diren mikroorganismoak dira. Begietan infekzioak sortzeko oso arrisku handia dagoenez, ia derrigorrezkoa da egunero lenteak kendu eta ongi garbitzea.
Asmatu dituzten lente berriek, aldiz, gau eta egun etengabe erabiltzeko aukera ematen dute. Horretarako, lente horiek bakterioak hiltzen dituen seleniozko geruza bat dute. Selenioa asko erabiltzen da gure sistema immunitarioan, bakterioak hiltzeko gaitasuna baitauka.
Seleniozko geruzak ez du eragin txarrik begietan. Gainera eratzen duen geruza molekula baten lodierakoa bakarrik da eta begiari arnasa hartzen uzten dio. Erabiltzaileak egin behar duen gauza bakarra noizean behin lentea seleniozko soluzioan murgilduta edukitzea da, geruza berritu dadin.
Baina lenteekin lan egiten duten beste zientzialari batzuek ez dute hain argi ikusten aurrerakuntza. Izan ere, bakterioez gain, inguruneko kutsadura ere kontuan hartu behar dela diote. Egunero pilatzen dira bakterioak ez diren partikula arrotzak lenteetan, eta horiek garbitzea ezinbestekoa da begiak osasuntsu edukitzeko. Gainera, beste arrazoi ugari omen daude lente berak 30 egun baino gehiagoz ez erabiltzeko.
Beraz, aurrerakuntza honek ez du agian pertsona guztientzat balioko. Lente berrien asmatzaileak ere onartu du oraindik ere saiakuntza asko geratzen direla egiteko, nahiz eta orain arte lortu dituzten emaitza guztiak oso onak izan diren.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia