}

Garbigailua

1997/06/01 Irureta Azkune, Onintza Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arropak garbigailuan garbitzen ditugu; non bestela? pentsatuko du norbaitek. Tira, ez da beti horren erraza izan kontua! Gaur egun, garbitu ezezik, urik gehienak ere aparatuak berak kentzen dizkio eta batzuek arropa zeharo lehortu ere egiten dute. Erraza da beraz, arropa garbitzea! Ala ez?

Duela urte gutxira arte garbigailua luxuzko produktua zen eta oso etxe gutxitan zegoen. Baldetxoan ur berotan sartzen zen arropa eta lagarto edo txinbo izeneko xaboi-pastila ezagunekin igurtzitzen zuten garbitzeko zegoen arropa. Eskuz, noski, eta banaka-banaka garbitu behar zen guztia. Betidanik garbigailua ezagutu dugunontzat lan gogorra da arropa guztia eskuz garbitzea. Hala ere, gaur egun helduak direnentzat aurrerapen izugarria izan zen hura etxean edukitzea.

Horri esker, ez zuten garbitegietara edo erreka- eta ibaiertzetara joan beharrik arropa garbitzera. Etxean urik ezean, Euskal Herriko herri gehienetan garbitegiak prestatuta zituzten eta emakume ugari biltzen zen arropa-mordoa buru gainean hartuta. Garbitegietan arropa eroso garbitzeko harri lau eta leun luzeak izaten zituzten. Batzuetan zurezko ohola ere erabiltzen zuten.

Harriaren gainean edo zuraren gainean arropa jarri eta xaboi-pastila eta eskuila txandaka eskuan hartuta, igurtzi-igurtzi egiten zuten arropa. Lan gogorra arintzeko emakumeak kontu-kontari aritzen ziren eta kantatu ere egiten zuten. Kontu zaharrak dirudite horiek guztiak, dudarik gabe; egin berri dugun historia apurra, ordea, Euskal Herrikoa, bertakoa dugu eta ez gara ez denboran oso atzera joan.

Garbigailu modernoaren bidean

Erdi Arora jauzia egiten badugu, arropa garbitzeko ontzi arrunt bat erabiltzen zutela ohartuko gara. Orduz geroztik, ziur asmatzaile bat baino gehiago saiatu zela arropa errazago garbitzeko sistema aurkitzen.Kontua da, esan dugun legez, duela gutxira arte ez dela sistema tradizionala desagertu. Garbigailua, guk ezagutzen dugun tresnaren antzeko aparatua, ez zen XIX. mendera arte ezagutu eta, gainera, XIX. mendeko lehen tresna horiek barregura emango ligukete askori. Zurezko ontzian arroparekin batera ur beroa eta xaboia nahasten ziren. Ontzi horiexek izan ziren lehen garbigailu mekanikoak. Ontziek pala erraldoiak zituzten arropa, ura eta xaboia nahastu eta mugitu ahal izateko.

Joan den mendean erabilitako printzipioak oraindik ere irauten du garbigailu modernoetan: zilindroan arropa sartzen da eta behin eta berriro birak ematen ditu, arropa alde batera eta bestera astinduz. Azken finean, zilindroak palen eginkizun bera du. Urteetan atzera eginez, 1830. urtean garbigailu mekaniko horietako bat martxan ikusi zen lehen aldiz Ingalaterrako garbitegi batean; hamar urte geroago, 1840an, garbigailu industriala agertu zen Frantzian. Ura kanporatzen zuen tutua gehitu zitzaion eta aparatuak biradera baten bidez funtzionatzen zuen.

Mende berriarekin batera etorri zen hurrengo jauzi garrantzitsua: 1901ean garbigailu elektrikoa asmatu zuen Alva J. Fisher estatubatuarrak. Mendearen hasierarako, beraz, garbigailu elektrikoa asmatuta zegoen, baina merkaturatzerako denbora dexente pasa zen. 1907an Hurley Machine Company enpresak patentatu zuen Fisherren garbigailua eta Bigarren Mundu Gerra heltzear zegoela, Estatu Batuetako merkatuan lehen garbigailu elektrikoak saltzen jarri zituzten. Beraz, Fisherren asmakuntza patentatu zen urtea kontuan hartzen badugu, aurten laurogeita hamar urte bete ditu garbigailu elektrikoak.

Hasierako aparatu haien ontziak ardatz bertikalekoak ziren eta ontziko arropa palez astintzen zen. 1960. urtera arte ez ziren agertu danbor horizontaleko garbigailuak.

Gira eta bira

Gaur egungo garbigailuak automatikoki garbitzen du arropa, akzio mekanikoaren, termikoaren eta kimikoaren bidez. Akzio mekanikoaren bidez danborrak biratu egiten du; akzio termikoak, berriz, arropa garbituko duen uraren tenperatura kontrolatzen du; detergenteengan, azkenik, akzio kimikoak eragiten du.

Garbigailua kanpotik ikusita txapazko lauki bat besterik ez da. Txapa hori esmalteztatuta edo lakatuta egoten da. Garbigailua barrutik aztertzen hasiko bagina, lehen begiratuan danborra ikusiko genuke. Ontzi zilindrikoa eta altzairu herdoilgaitzekoa izaten da.

Ontziaren posizioa ere aldatu egiten da garbigailu batetik bestera; garbigailu batzuen altzairuzko ontziek arropa sartzeko eta ateratzeko zuloa gorantz begira izaten dute eta beste batzuek aurrealdera begira. Garbigailuaren goialdetik arropa sartzea eta ateratzea erosoagoa bada ere, gaur egun aparatu gehienek sarrera aldamenean dute eta horrek makurtzea eskatzen dio erabiltzaileari. Aipatu dugun altzairu herdoilgaitzeko danborra zilindrikoa da eta zuloz beteta dago. Arropa ontzi zilindriko horretan sartzen da eta danborrak birak ematen ditu ardatz horizontalaren edo bertikalaren inguruan. Zuloetatik ura sartu eta ateratzen da poliki-poliki arropa garbituz. Tututik ur hotza sartzen da barrura eta danborraren behealdean dauden erresistentzia blindatuei esker, ura berotu egiten da.

Orain arte garbigailuak kanpoaldean izaten duen ontzitxoan jartzen zen garbigarria, baina gaur egun erabiltzaile askok xaboia danborrean sartzen du arroparekin batera. Detergentea kanpoko ontzian jartzen den kasuetan, danborrak automatikoki hartzen du xaboia eta urarekin batera arropa danborrean birak ematen hasten da. Behin arropa garbitu ondoren, garbitzen erabilitako detergentea kendu behar da. Detergenteak tutu baten bitartez ateratzen dira.

Xaboia kenduta ere, badakigu denok beste urrats garrantzitsua eman behar dela arropa lehor dadin zintzilikatzeko. Arropa garbituta dago, baina orain ur handienak kendu behar zaizkio, bestela, tantaka-tantaka aterako baitugu arropa-mordoa. Tresnak berak arropa xukatuko du eta orduan jada arropa prest dago garbigailutik ateratzeko.

Aipatu dugun prozesu osoa garbigailuak automatikoki egiten du eta programa desberdinak egiteko aukera ematen du Arroparen arabera, uraren tenperatura programatzen du erabiltzaileak eta baita garbiketak iraungo duen denbora ere. Xukatzea ere programatu egin behar da eta arropa jada lehortuta atera nahi bada ere erabiltzaileak aukera hori ipini behar du. Zure etxeko garbigailuari azken aukera hori nola eman behar diozun ez baduzu asmatzen, irakurle, lasai; garbigailu guztiek, izan ere, ez dute arropa lehortzeko aukera hori eskaintzen. Ez horratik, teknologiaren garapenari egotzi akats hori: sistema asmatuta dago; erabiltzea falta...

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia