Garaia baino lehen jaiotako haurrak
2005/01/16 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Haur goiztiarren pisuari dagokionez, errekorra jaiotzean 240 gramo pisatu zuen neskatila batek du; ia lau hilabete ditu, eta, sendagileen arabera, aurrera egiteko gai izango da.
Rumaisa du izena, eta irailaren 19an jaio zen bere ahizpa bikiarekin batera. Bikiak ez ziren beren kabuz jaio, noski, zesarea bidez erauzi zituzten amaren umetokitik, sendagileek garbi baitzeukaten txikien eta amaren bizia arriskuan zeudela.
Halakoetan zer egin erabakitzea ez da erraza. Merezi ote du hain haur goiztiarra bizirik mantendu nahi izateak? Sendagileek ezin dute jakin haur horren organoak nahikoa garatuta dauden. Erradiografien bidez anomalia handiak bereiz ditzakete, baina itxuraz normalak diren organoak martxan jarri arte ez dute jakiten haurrak aurrera egingo duen ala ez.
Garaia baino lehen jaiotako haurretan, pisuak berak baino garrantzi handiagoa dauka amaren sabelean egindako denborak. Muga 23. astean omen dago: hori baino lehen haurraren birikak hain daude heldu gabe, ezen haurrak ezingo duen arnasarik hartu, ezta makina baten laguntzarekin ere.
Rumaisa eta haren ahizpa 26 aste betetzear zeudenean jaio ziren; ohiko 38-40 asteetatik urrun, baina 23. asteko muga hori igarota behintzat. Amaren sabeletik erauzi beharko zituztela jakinik, esteroideak eman zizkioten amari. Hormona horiek biriken garapena azkartzen dute, eta, horrela, fetua bere kabuz arnasteko prestatzen hasten da.
Erronka latza
Neonatologia arduratzen da dagokien baino lehen jaiotzen diren haurrak zaintzeaz. Ikerketa -mailako aurrerakuntzak motel etortzen dira; eta neonatologiaren erronka handiena umetokian fetuaren organoak nola garatzen diren ulertzea da, nolabait kanpoan imitatu ahal izateko. Izan ere, garaia baino lehen jaiotako haurrak amaren umetokian izango lukeen garapena ospitaleko sehaska batean egin beharko du, eta haurraren beharrak ahalik eta hobekien ezagutzea komeni da.
Berez, animalia guztien artean gizakia da erditze goiztiarra jasateko gai den espezie bakarra. Arkume bat dagokion baino astebete lehenago jaioko balitz, hil egingo litzateke, barne-organoek ez baitute beren kabuz lanean hasteko modurik. Gizaki baten birikak, ordea, prest daude 34-35 astetik aurrera bere kabuz arnasa hartzen hasteko; eta, ondorioz, 34. asteaz geroztik jaiotzen diren haur goiztiarrek ez dute tratamendu handirik behar izaten. Nahikoa dute inkubagailua bero mantentzearekin eta amaren jana eta laztanak jasotzearekin.
Benetako arazoak 34 aste bete baino lehenago jaiotakoekin izaten dira. Izan ere, organoak erabat heldu gabe dituztela jarri behar izaten dute martxan. Eta batez ere haur horiek zaindu behar izaten dituzte neonatologian. Birikez gain, burmuina eta digestio-aparatua ere prestatzen dira jaiotzaren unerako. Eta sendagileak burmuinarekin daude kezkatuta gehienbat.
Harrigarria badirudi ere, neskatilek aurrera egiteko aukera gehiago izaten dute sasoia baino lehen jaioz gero. Estatistikek hala diote. Bi X kromosoma izateak abantaila ematen die, antza. Jaiotakoan neskek izaten duten hormona-jarioak burmuinaren garapenean laguntzen omen du batez ere. Eta alderik handiena nerabezaroan igartzen omen da.
Berez, sasoia baino lehen jaiotako haurrek, burmuina behar adina garatu ez eta ikasketetan atzeratuta joan daitezke. Baina ez da zertan beti horrela izan. 1989an Madeleine izeneko neskatila bat jaio zen Rumaisa eta haren ahizpa bikia jaio ziren ospitale berean, Loyola Mediku-zentroan, Chicagon. 280 gramo besterik ez zen orduan. Baina, espezialisten laguntzarekin, aurrera egitea lortu zuen. Eta gaur egun bere ikasgelako onenen artean dago. Beraz, Madeleinek ez du arazorik izan maila intelektualean, nahiz eta tamainaz bere ikaskideak baino txikiagoa den —1,36 metro besterik ez du neurtzen batezbesteko 1,62tik behera—.
Mirariak dira
Dena dela, garbi izan behar da Madeleine bezalako haurrek aurrera egin izana salbuespena dela. Zenbaitek mirari hitza erabiltzen dute. Baina errealitateari begiratuta, orokorrean esan daiteke 500 gramotik beherako haurrek irauteko ia aukerarik ez dutela izaten.
Gaur egun, 24-25 asteko fetuak aurrera egitea lor daiteke, baina ez beti. Pentsa, haurdunaldiaren erdia baino zertxobait gehiago besterik ez dute egin. Hortik behera saiatu ere ez dira egiten. Erabakia, noski, gurasoek eta sendagileek adosten dute, baina haur bat oso-oso goiz jaioko dela ikusten badute, gurasoei azaltzen zaie haur hori ez dela bideragarria. Baina eztabaida zaila izaten da, muga non dagoen bereiztea zaila izaten baita.
Haurra heldugabeegi dagoenean, ez zaio bizitza luzatzen. Azken finean, erabakia etikoa da. Izan ere, zalantzak sortzen dira, eta medikuntza ez da matematika, eta ezin da iragarri zer gertatuko den.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia