Garai bateko trirremeak
1988/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kristau-aroa hasi baino 600-300 urte lehenago trirremea guda-untzirik nagusiena zen ekialdeko Mediterraneoan. Hamaika kontakizun eta ipuin epikok aipatzen du untzi hau eta izena alde bakoitzean hiru arraunlari-ilara izateari zor dio. VI. mendeaz gero zeharo ahaztua egon da.
Duela bost urte zenbait espezialista ingelesek, afal osteko solasadian trirreme bat eraikitzearen ideiaz aritu ondoren, egitearen erabakia hartu zuten. Lana ez zen amateur batzuena, horiren artean John Coates, Britainia Haundiko armadaren arkitekto-buru izandakoa bait zegoen. Aintzinako plano eta deskribapenak aztertu ondoren lanari ekin zioten eta joan den urteko udan uretaratu bota zen Greziako kostaldean.
Untzia Oregon-eko pinuz eraiki da, egun Mediterraneo ingurutan pinuak horren luze hazten ez direlako. 39 m luze du, 22 tona desplazatzen ditu eta 130 cm-ko kalatua du. 170 arraunlarirentzako postuak daude hiru ilaratan jarririk eta goi-ilarakoek bakarrik ikusten dute itsasoa. Trirremea uste baino azkarragoa da: 28-30 arraunkada minutuko emanez 21,7 korapiloko abiadura lortzen du. Hori bela bakarra zabaldu gabe gainera.
Trirremeak ospea merezia zuen, dudarik gabe!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia