Gantz-ehuneko zelulek obesitatearen memoria gordetzen dute, pisua galdu ondoren ere irauten duten transkripzio-aldaketen eta aldaketa epigenetikoen bidez. Eta memoria horrek pisua berreskuratzeko aukera areagotzen du. Ondorio horiek atera dituzte Nature aldizkarian argitaratu duten ikerlan batean.
Obesitate-kasuetan pisua galtzea izaten da helburu nagusia, osasun metabolikoa hobetzeko eta horrekin lotutako osasun-arazoak prebenitzeko, hala nola diabetesa eta gibel-esteatosia. Alabaina, pisu-galerari eustea erronka handia izaten da, pisua berreskuratzeko joera handia izaten baita. Orain ikusi dute saguen eta gizakien gantz-ehunetako zeluletan gertatzen diren transkripzio-aldaketa batzuek iraun egiten dutela pisua galdu ondoren ere. Aldaketa horiek zenbait prozesu metabolikoren asaldurekin lotuta daude (gantz-azidoen sintesia eta gantz-zelulen sorrera, esaterako), eta litekeena da horrek erraztea pisua berriz hartzea.
Aldaketa horiek identifikatu ahal izan dituzte obesitaterik ez duten 18 pertsonaren gantz-zelulen RNA-sekuentziak obesitatea izan duten 20 pertsonaren pisua galdu aurreko eta ondorengo sekuentziekin konparatuta. Gauza bera egin zuten saguekin, eta kasu horretan aldaketa epigenetikoak ere topatu dituzte; alegia, DNAtik RNA kopiatzeko moduan aldaketak, gene-adierazpena erregulatzen dutenak.
Ikertzaileen ustez litekeena da gantz-zeluletan bezala gorputzeko beste zelula batzuetan ere gordetzea memoria obesogenikoa. Eta nabarmendu dute mekanismo horiek ezagutzea lagungarri izan litekeela pisua epe luzean hobeto kontrolatu ahal izateko.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.