Gamma izpien leherketak eta supernobak
2003/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gamma izpien leherketak azaltzeko bi hipotesi plazaratu dira. Orain, MIT institutuko astronomo batek horietako baten aldeko datuak jaso ditu, izpien jatorritzat supernobak hartzen dituenaren aldekoak, alegia.
Astronomo batzuek uste dute gamma izpien leherketak zulo beltzek igorritakoak direla, baina ez zulo beltz guztiek, baizik eta supernoba bat sortzen dutenek bakarrik. Beste batzuen ustez, prozesua alderantzizkoa da, hau da, supernobaren ondorioz, neutroi-izar ezegonkor bat sortzen da eta, inplosioz, zulo beltza eratu eta gamma izpien leherketa gertatzen da. Zein da lehena, beraz, supernoba ala zulo beltza?
MITeko astronomoak X izpien Chandra behatokia erabili du leherketa horietako bat aztertzeko. Horren bitartez, sufre eta silizio kitzikatuaren aztarnak topatu ditu zulo beltzean; elementu horiek supernoben ohiko 'arrastoak' dira, eta, beraz, lehendabizi supernoba gertatzen dela ondorioztatu du. Astronomo guztiak ez datoz bat datuen interpretazioan eta eztabaida sortu da. Nolanahi ere, garai batean erabat ezezagunak ziren eztanda erraldoi horiek gero eta ezagunagoak ari dira bilakatzen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia