}

Gamelu amerikarren aztarnak

2002/10/14 Elhuyar Zientzia

Amerikari mundu berria deitu izan zaio betidanik, baina kamelidoen kasuan Asia eta Afrika izan ziren deskubritzeke zituzten munduak.

Onartuen dagoen hipotesiaren arabera, gaurko kamelidoen arbasoak Ipar Amerikan bizi ziren duela 40 milioi urte. Gero, Pleistozenoan lurralde berriak bilatzen hasi, eta Hego Amerika eta Asia aldera mugitu ziren.

Hego Amerikara heldu ziren arbasoetatik llama, guanako, bikuña eta alpaka espezieak bereiztu ziren. Bering itsasartea zeharkatuz Asia aldera jo zutenek Afrikaraino ere heldu ziren. Asiakoa da gamelua eta Afrikakoa dromedarioa.

Alabaina, Ipar Amerikan bizi ziren kamelidoak desagertu egin ziren, eta orain haien lekuko bakarrak fosilak dira. Azkeneko fosila Kalifornian aurkitu dute duela oso gutxi.

Lurrikara-failak bilatzen zebilen geologo batek 100.000 urteko gamelu baten hezurrak aurkitu ditu. Kaliforniako Long Beach hirian egin du aurkikuntza, aparkaleku batean egindako zuloan.

Bizkarrezurreko bost orno bakarrik aurkitu dituzte; ez da gorputzeko beste hezurrik agertu. Hezurdura aztertu duten paleontologoen esanean, litekeena da beste hezurrak orduko harrapariren batek eraman izana.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia