}

Galvani, Luigi

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1737-1798)

Zientzilari italiar hau Bologna-n jaio zen 1737ko irailaren San eta bertan hil zen 1798ko abenduaren 4an. Bere jaioterriko unibertsitatean egin zituen ikasketak, 1762an doktoratu zen arte. Urte hartan unibertsitate berean anatomi irakasle gisa hasi zen lanean eta aldi berean Arte eta Zientzi Institutuan obstetrizia irakasten zuen.

Bolognako Zientzi Akademiako lehendakari izendatu zuten 1772an eta harez gero animalietako elektrizitatea ikertu zuen. Bere aurkikuntzak 1791 n argitaratu zituen De Viribus Efectricitatis in Motu Musculari Commentarius (Elektrizitateak Muskulu-Higiduran duen Eraginari buruzko Iruzkinak) liburuan.

Galvaniren garaian, oso modan zeuden makina elektrikoak eta edozein unibertsitatetan zeuzkaten aparatu elektrikoak; Leyden-eko botilak adibidez. Galvaniren laborategian ere baziren eta honek anatomia edo fisiologiako saiakuntzetan erabiltzen zituen.

Galvanik ikusi zuenez, igel-hankak (gorputzetik ebakita bereizitakoak) uzkurtu eta zabaldu egiten ziren deskarga elektrikoa jasaten zutenean edo makina elektrikoari konektatutako bisturi mekanikoak ukitzen zituenean. Bisturiak ukitu gabe, hurbiltze hutsarekin ere uzkurtu egiten ziren igel-hankak.

Gertaera hura berez ez zen hain harrigarria, deskarga elektrikoak muskulu biziak uzkurtu egiten dituela jakinda. Beraz, hildako muskuluak zergatik ez uzkurtu?

Franklinek aurretik frogatua zuen tximistak deskarga elektrikoak zirela eta horregatik ekaitza zegoenean igel-hankak uzkurtzea espero zitekeen. Galvanik beraz, igelaren muskuluak orratz metalikoz ziztatuta leihoan ipini zituen. Muskuluak ekaitz-garaian uzkurtu eta zabaldu egin zinen, baina baita ekaitzik ez zegoenean ere. Horretarako nahikoa zen muskulua bi metal desberdinez ukitzea. Nondik zetorren elektrizitatea? Metaletik? Muskulutik?

Galvanik, bera anatomista zelako, muskuluetatik zetorrela zioen: elektrizitate animala bazegoela alegia.

Galvanik bere ideiari setatsu eutsi zion, baina arrazoirik ez zeukan, urte batzuk geroago Voltak frogatu zuenez. Galvani oso nahigabetu omen zen Voltaren frogapenaz.

Dena dela, bere bizialdiko azken urteetan Galvani izena mundu guztira hedatu zen. Elkar ukituz dauden bi metalek sortutako elektrizitate iraunkorrari elektrizitate galvaniko deitu zitzaion, anbarea beiraz igurtzita sortzen zenetik (elektrizitate estatiko deitutakotik) bereiztearren.

Altzairuzko piezek, korronte elektrikoz edo beste sistemaz ezarrita, zinkezko kristalezko geruza dutenean galvanizatuta daudela esaten da. Bestetik, 1820an Andre Marie Ampére matematikari eta fisikari frantsesak korronte elektrikoa zegoen ala ez detektatzeko aparatuari galvanometro deitzea proposatu zuen eta harez gero, Luigi Galvaniren izena hitzetik hortzena erabiltzen da elektrizitatearen arloan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia