}

Galerak naturaren “bizkarrezurrean”

2010/11/14 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Biodibertsitatearen Nazioarteko Urtea izendatu du 2010a Nazio Batuen Erakundeak. Horren harira, Nagoyan (Japon) ospatutako Dibertsitate Biologikoaren Konbentzioan, mundu osoko animalia ornodunen egoeraren berri ematen duen txostena aurkeztu dute. Orain arteko ebaluaziorik osoena da txostena. Haren arabera, bost espezietik bat desagertzeko arriskuan dago. Datua ez da, ez, baikorra. Baina okerragoa ere izan zitekeen, espezieak babesteko egindako ahaleginek fruiturik ere eman dute eta.
Bost ornodunetatik bat galtzeko arriskuan dagoela ohartarazi dute.
Noël Zia Lee

Bioaniztasunaren Goi Bileran, hainbat gobernu aritu dira naturaren eta biziaren aniztasuna babesteko neurriak eztabaidatzen. Mundu osoko 38 herrialdetako 174 adituk (115 erakundetakoak) elkarlanean egindako txostenaren berri han eman dute, eta Science k ere plazaratu ditu datuak.

Ornodunen egoera aztertzeko, Arriskuan dauden Espezieen Zerrenda Gorriko 25.780 espezieren datuak baliatu dituzte, eta denborarekin egoerak aldaketarik izan duen ere ikertu dute. Urtez urte, hegaztien, anfibioen eta ugaztunen 50 espeziek galtzeko arrisku handiagoa dutela nabarmendu dute, eta horren ardura baso-mozketek, gehiegizko ustiapenek, nekazaritza-hedapenek eta espezie exotiko inbaditzaileek dutela azaldu. Bada, bost ornodunetatik bat galtzeko arriskuan dago: anfibioena da egoerarik okerrena, haien % 41 iraungitzeko arriskuan baitago, eta hegaztien % 13 ere gal daiteke.

Kontserbazio-neurriei esker, ipurtats hankabeltzaren ( Mustela nigripes ) egoera asko hobetu da. (Argazkia: Wendy Shattil eta Bob Rozinski).

“Biodibertsitatearen bizkarrezurra hondatzen ari da”, esan du Harvard Unibertsitateko Edward O. Wilson ekologista eta idazleak. “Zerrenda Gorrian gora egindako urrats txiki bat urrats handia da iraungipenean. Mundu osoan bizi ditugun galera guztien leiho txiki bat baino ez da hau”.

Badago beste maila batzuetako aniztasunik ere, baina aniztasun biologikoa adierazteko espezie-kopurua erabiltzen da gehienetan. Alde horretatik, Asiako hego-ekialdeak pairatu ditu galera larrienak azkenaldian, esportaziorako olio-palmondoaren eta antzekoen laborantza-ereiteen, egur gogorraren jarduera komertzialen, arroz-soroen nekazaritzako bihurketen eta ehiza sostengaezinaren ondorioz, hein handi batean. Erdialdeko Amerikako zenbait eremuk, Ande tropikalek eta Australiak ere kalte nabarmenak izan dituzte.

Bestalde, berriki egindako beste ikerlan batzuen datuak ere aipa genitzake. Duela aste gutxi azaldu genuen bezala, hain juxtu, ikertzaile batzuek ohartarazi dute mundu osoko ibaietako habitaten biodibertsitatea arriskuan dagoela kasuen % 65ean. Beste ikerlan batek, berriz, nabarmendu du landareen % 22 ere iraungitzeko arriskuan dagoela, eta beste % 10 ere laster egoera berean egon litekeela, bitartean neurririk hartzen ez bada.

Hobera bai, baina ez nahikoa

Nagoyan aurkeztutako txostenak berretsi egin ditu aurreko beste ikerlan ugariren emaitzak, biodibertsitatea murrizten doala ziotenak. Baina espezieak babesteko egindako lanen eragin positiboa ere aitortu duen lehena dugu; horrek egiten du, nolabait, ezberdin. Ikerlariek diotenez, dibertsitate biologikoaren egoera % 20 okerragoa litzateke kontserbazio-neurriengatik ez balitz. “Kontserbazio-arrakasta” horren onuradun izan dira ugaztunen, hegaztien eta anfibioen 64 espezie, eta emaitzarik onenak espezie exotiko inbaditzaileen aurkako ahaleginen eskutik iritsi dira. Zerbait bada, behintzat!

Oro har, anfibioena da egoerarik okerrena, haien % 41 iraungitzeko arriskuan baitago. (Argazkia: Richard A. Griffiths ).

Kontua da 2010erako biodibertsitatearen galera murrizteko adostu ziren nazioarteko hitzarmenen xede eta erronkak ez direla bete. Hartutako konpromisoek eta egindako urratsek balio izan dute, baina, egoera hain larria izanik, ez da nahikoa izan. 2020rako aurreikusten diren galerei aurre egiteko neurriak “berehala” hartu beharko direla iritzi diote Nagoyan bildutakoek. Mundu mailako erronka da, “elkarlana” eta “eraginkortasuna” eskatzen duena.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia