Galaxien bidez neutrinoak pisatzen
2002/04/11 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Neutrinoak partikula subatomiko ñimiñoak dira, ez dute karga elektrikorik eta, orain arte, masarik ote zuten ere zalantzan jarri da. Espazioan argiaren abiadura berean mugitzen dira eta planetak zeharkatu ahal dituzte inongo aldaketarik eragin eta jasan gabe.
Zientzialari-taldearen esanean, neutrinoak hidrogeno-atomoaren masaren mila milioiren bat besterik ez du pisatzen. Pisu horrekin ez luke izango unibertsoaren zati ikusgarriaren eboluzioan eraginik edukitzeko, hau da, galaxiak eratzeko adina grabitazio-indar. Baina, unibertsoaren % 5 bakarrik da ikusgarria. Beste guztia zientzialariek materia iluna izendatu dutena da, eta neutrinoak materia horren osagaietako bat lirateke. Hori horrela izanik, unibertsoaren masaren % 20 neutrinoek osatzen dutela ondorioztatu dute zientzialariek.
Ondorio horiek guztiak lortzeko, zientzialari-taldeak unibertsoaren zati baten hiru dimentsioko mapa osatu du. Bertan, agertzen diren ‘pikorrak’ neurtu dituzte, hots, galaxiak eta galaxia-taldeak. Dirudienez, neutrinoak unibertsoan zehar masa birbanatzeko bidaiatzen dute, eta horrela unibertsoa leundu egiten omen da. Ondorioz, neutrinoak zenbat eta pisutsuagoak izan, orduan eta leunagoa da unibertsoa.
Southampton-eko unibertsitateko Stephen King fisikari teorikoak esan du balio horiek beste ikerketa batzuetan lortutako emaitzen antzekoak direla. Hala ere, oraindik ez dakite zehazki zenbat pisatzen duen neutrino batek, eta, dirudienez, luzaroan jarraituko du erantzunik gabe galdera horrek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia