Galaxien arteko gas-filamentuak
2002/11/26 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Espaziotik Lurrera datorren argia galaxien izarrek sortutakoa da. Argi hori ikusita, unibertsoan zenbat materia dagoen kalkula dezakete astronomoek. Baina hori ez da unibertsoaren masa kalkulatzeko modu bakarra; galaxien mugimendua aztertuta ere zenbat materia dagoen jakin daiteke. Eta bi kalkuluen emaitzak ez dira berdinak.
Lehen kalkuluaren emaitza bigarrenarena baino askoz txikiagoa da; izan ere, zientzialarien ustez, ikusten dena baino askoz materia gehiago dago unibertsoan. Ikusten ez denari materia iluna deritzo.
1998an, Princeton Unibertsitateko Renyue Cen eta Jeremiah Ostriker astronomoek hori azaltzen zuen hipotesi bat proposatu zuten: galaxien arteko espazioan, ikusi ezin diren gas-filamentuak daude. Dena dela, materia hori detektatzea oso zaila da galaxiak eta galaxia-kumuluak baino askoz tenperatura baxuagoa dutelako gas-hodei horiek, bi milioi gradu besterik ez.
Joan den udan, NASAko astronomo batzuek filamentu horien arrastoa detektatu zuten Chandra teleskopioaz quasar bat aztertzen ari zirenean. Orain, Utrechteko SRON institutuko Jelle Kaastra astronomoak zuzentzen duen taldeak filamentu horiek XXM-Newton teleskopioaz behatu ditu.
Horretarako, ustez filamentu-kopuru handia duten bost galaxia-kumulu aztertu dituzte, eta materia hori existitzen dela baieztatu dute. Oxigeno-atomo ionizatuen hodeiak dira, eta X izpiak igortzen dituzte.
Emaitzak Astronomy Astrophysics aldizkarian argitaratu dituzte. Dena dela, beste astronomo batzuen ustez, filamentuak ez dira benetan ikusi, eta NASAren SPIDR misioaren emaitzak eskuan izan arte itxaron beharko da. Espektroskopiaz eta fotometriaz egingo ditu esperimentuak SPIDR misioak. Hala ere, luze joko du, 2005ean jaurtitzeko programatuta dagoelako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia