}

Galaxiak frantses bidea

1990/12/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gau izartsu batean begi hutsez ikus ditzakegun argiska guztiak, gutxi batzuk izan ezik, gure Eguzki-sistemaren inguruko nahikoa eskualde txikian sakabanatuta dauden objektuetatik datozkigu. Gehienak, jakina, izarrak ditugu, baina tartean badira gas eta hautsez osatutako hodeiak ere; nebulosa galaktiko deitzen ditugunak hain zuzen. Azken hauek ez dute berezko argirik.

Barnean edo inguruan dituzten izarren erradiazioaren eraginagatik edo haien argia isladatzen dutelako ikus ditzakegu. Pentsatzekoa denez, espazio ilunean zehar ikustezin geratzen diren gas- eta hauts-kantitate handiak daude. Izarrarteko materia hau da, hain zuzen ere, murgilduak gaudeneko sistema zabala hobeto ikustea galerazten diguna. Izarrak, gasa eta izarrarteko hautsa ditugu, bada, galaxia deitzen ditugun multzoen osagaiak. Gu barne hartzen gaituena Frantses Bidea edo Esne Bidea deitzen da, eta gure galaxia honetakoak ez diren hasieran aipatutako objektu gutxi horiek ere galaxiak ditugu.

Galaxia txikienek 6.000 argi-urte inguruko diametroak dituzte. Handienen artean 170.000 argi-urtekoak ere ikusi dira. Izar-kopuruaren mugak 3.000 milioi eta 1.000 bilioi (1012) bitartekoak dira. Izarrarteko materia iluna, masa osoaren % 10 izan daitekela uste da.

Frantses Bideari dagokionean, disko launaren itxura du, baina zentruan sabeltsuago den nukleoa du. Disko guztia erradio berdineko esfera batez inguraturik dago. Esfera hau oso izar eta izar-kumulu zaharrez eratuta dago eta halo edo zisku deitzen zaio. Irudian ikus daitekeenez diskoaren barnean bera baino askoz ere meheagoak diren beso kiribilak garatzen dira. Azken batez, gas eta hautsezko hodei-kontzentrazioak dira.

Diskoaren diametro maximoa 100.000 argi-urtekoa da eta lodiera 2.000koa, baina, lehen esan dugunez, nukleoa zabalagoa da eta 15.000 argi-urtera iristen da. Eguzkia nahikoa posizio eszentrikoan dago; erdigunetik 32.000 argi-urtera gutxi gorabehera, Orioneko besoan. Lurretik eginiko hidrogenozko hodei hotzen azterketetan oinarrituta, berrogei urte baino gehiago dira Eguzkiaren inguruko eskualdearen egitura espiralaren hurbilketa egin zela.

Hiru besoren zatiak kokatu ahal izan ziren: gu gaudeneko Orionekoa, Sagittariusena (6.000 argi-urtera galaxiaren zentrurantz) eta Perseusena (800 argi-urtera kanpoalderantz). Gaur egun badakigu beste beso bat ere badela (zentrutik hurbilena) Centaurusen. Hala ere, esan beharrekoa da galaxi barnean egoteagatik bere eskualde zabal batzuk ezin direla aztertu. Ondorioz, ezin daiteke bere osotasunaren egituraren planorik egin.

Talde LokalaSistemaren izenaDiametroa argi-urtetanDistantzia argi-urteta

Frantses Bidea
Leo I
Leo II
Magallaes-en Hodei Handia
Magallaes-en Hodei Txikia
Labea
Sculptor
Wolf-Lundmark
IC 1613
NGC 6822
NGC 221 (M32)
NGC 205
NGC 224 (M31)
Andromeda
NGC 147
NGC 185
NGC 598 (M33)
Maffei 1

100.000
2.000
1.000
21.000
10.000
5.400
2.300
5.000
10.000
7.500
2.300
7.800
110.000

4.600
3.250
46.000
?-
750.000
750.000
165.000
165.000
1.175.000
325.000
1.600.000
2.410.000
1.600.000
2.250.000
2.250.000
2.250.000

2.250.000
2.250.000
2.350.000
3.000.000

Frantses Bideak izan lezaken izar-kopuruari buruzko kalkuluek emaitza ezberdinak eman dituzte, baina denak ehundaka mila milioi gutxikoak dira. Masa kalkulatzea ere ez da batere erraza, baina 2,5 . 1041 kg ingurukoa izan liteke, hau da, 150.000 milioi aldiz Eguzkiarena. Masa honen erdia gutxi gorabehera nukleoan kontzentratua egongo litzateke eta beste erdia disko eta ziskuan sakabanatuta.

Beraz, ezin dugu inola ere materiaren banaketa homogenoa denik esan. Dentsitatearen gehikuntza nabaria da erdigunerantz hurbiltzen garen neurrian. Hala nola, Eguzkitik hurbilen dagoen izarra Alpha Centauri da (4,3 argi-urtera), ondoren, Barnard Izarra dator (6 argi-urtera) eta hurrengoa Wolf 359 da (7,7-ra). Nukleoan, aldiz, izarren arteko distantzia ez da uste argi-aste gutxi batzuetakoa baino handiagoa izango denik.

Taulan, Frantses Bidearen inguruko galaxien zerrenda dugu. Galaxia hauek, Talde Lokal deitzen den multzoa osatzen dute. Dena den, bukatzeko, gaur egun arte aurkitutako galaxien kopurua 200.000ra inguratzen dela esango dugu.

EFEMERIDEAK

EGUZKIA:
Urtarrilaren 21ean Aquariusen sartzen da.

ILARGIA

Ilbehera Ilberri Ilgora Ilbete

Urtarrila

7 15 23 30

PLANETAK:

  • Merkurio: Urtarrilean goizaldera ikusi ahal izango da, baina bere deklinazio baxuagatik zailtasunez.
  • Artizarra: Hilaren hasieran iluntzean ikusten hasiko da, baina oraindik oso baxu egongo da zeruan. Beraz, oso denbora gutxian ikusi ahal izango dugu, baina gero eta gehiago.
  • Martitz: Bere magnitudea jaitsiz doa, baina urtarrilean oraindik ondo ikusi ahal izango dugu; altu zeruan.
  • Jupiter: Ilundu eta laster agertuko da zeruan, igotzen hasteko. Urtarril eta otsailean oposizio inguruan izango da. Beraz, oso baldintza onetan.
  • Saturno: Hil honetan konjuntzioan izango da; 19an. Beraz, ikustezina.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia