}

Galaxia jaioberriak! Eta gertu!

2004/12/23 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

NASAren GALEX (The Galaxy Evolution Explorer) sateliteak galaxia jaioberriak detektatu ditu gugandik ez oso urrun. Bitik lau mila milioi argi-urtera baino ez daude, eta hori gertu da galaxia jaioberriez ari garenean. Ikerketan parte hartzen ari diren ikertzaileen arabera, etxeko atarian fosil bizidun bat topatzea bezalakoa da hain galaxia gazteak distantzia horietara detektatzea

Irudian eskuinean ikusten dena izango litzateke galaxia jaioberri bat (ezkerrekoa, berriz, zaharra). Argi ultramorean ikusita (espektro horretan emititzen dute izar gazteek erradiazio gehien), galaxia horiek askoz ere distiratsuagoak dira, Esne-bidea baino 10 bider gehiago. Distira horrek adierazten du izarrak sortzen ari diren eremuak eta lehertzen ari diren supernobak daudela hor, eta hori gaztetasunaren seinale da

Aurkikuntzak (gertutasunari esker) gurea bezalako galaxien aitzindariak askoz ere zehatzago aztertzeko aukera emango die ikertzaileei, baita usteak berraztertzeko ere. Izan ere, galaxia gehienak unibertsoaren gaztaroan sortu zirela uste zen. Teoria horren arabera, jaiotzek duela 5 eta 10 mila milioi urte bitartean jo zuten goia, eta, ordutik aurrera, jaiotza-ratioak behera egin zuen nabarmen. Horregatik behatu behar zituzten oso urruneko guneak galaxia jaioberriak ikertzeko.

Argazkia: NASA/JPL-CALTECH

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia