Galaxia eliptikoen sekretuak agerian
2002/06/05 Elhuyar Zientzia
Nasaren Chandra X izpien behatokiak hartutako azken irudietan, galaxia eliptikoen eboluzioa nolakoa den argitzen lagunduko duten arrastoak agertu dira.
Dirudienez, behatokian aztertu diren galaxia eliptikoetan uste baino zulo beltz eta neutroi-izar gehiago daude. Horrek esan nahi du galaxia horien iragana oso aktiboa izan zela, zulo beltzak eta neutroi-izarrak aurretik egon ziren izar handien eta distiratsuen aztarna baitira.
Gainera, zulo beltza duten izar-sistema bitar gehienak galaxien leku jakin batzuetan kokatzen direla ikusi dute. Zulo beltza duten sistema bitarrak oso arraroak dira, eta orain arte galaxietan oso sakabanatuta zeudela uste zen. Baina, Chandraren irudiei esker, sistema berezi horiek uste baino ugariagoak direla ikusi da, eta galaxien gune jakin batzuetan sortzen direla: izar-multzo globularretan. Gune horiek oso dentsoak dira eta, ondorioz, horrelako sistemak sortzeko aukera gehiago omen dago.
Zulo beltzak eta izar batek osatzen duten sistema bitarra nolakoa den ikusteko, egin klik hemen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia