}

Gaixotasunak dituzten zelula amak eskuragarri

2005/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

img height="126" hspace="5" src="Images/A211-032.jpg" vspace="5" width="200"/>

Gaixotasun genetikoak dituzten pazienteetatik abiatuta, zelula amak hazi dituzte Koreako zientzialari batzuek. Hori lortzeko, giza zelulak klonatu egin dituzte, pazienteen azalaren zelulak, hain zuzen, eta informazio genetiko berbera duten zelulen lerro bat sortu dute, gaixotasuna eragiten duten akatsak barne. Azken helburua da zelula horiek laborategian haztea, eta gaixotasunaren garapenari jarraitzea. Hala, gaixotasuna eragiten duten faktoreak identifikatzea eta prozesua nola gertatzen den ulertzea espero dute.

Iaz, Woo Suk Hwang albaitariak eta Shin Yong Moon ginekologoak zuzentzen duten taldeak lehen aldiz lortu zuten zelula amak haztea klonatutako zeluletatik abiatuta. Aurten, talde berak teknika hori hobetzea lortu du. Zelula amen lerro bakoitzak gaixotasun genetiko jakin bat eragiten duen mutazio bat izateaz gain, klonazioaren eraginkortasuna asko hobetu dute.

Berez, obulu baten nukleoa ordezkatzea besterik ez da, baina ordezkapen hori konplexua da: emakume bati erauzi behar zaio obulua, obuluari nukleoa kendu eta klonatu nahi den zelularena txertatu behar zaio, pazientearen zelularena, alegia. Gainera, horrela lortutako obulu berria laborategian hazi behar da, eta horrek asko zailtzen du prozesu osoa. Beraz, obulu guztiek ez dute aurrera egiten.

Iazko klonazioan, 242 obulu behar izan zituzten zelula-lerro bakarra hazteko, 242 saio, azken batean; aurtengoan 17 besterik ez dute behar izan. Klonatzeko teknikaren ikuspuntutik, oso aurrerapen garrantzitsua da, obuluak lortzeko prozesua oso tratamendu erasokorra baita emakumeentzat.