Gaixotasun handien kontrako lagun txikiak
2009/02/01 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hidrogelak sare-formako polimeroak dira. Sare-formako egitura horiek likidotan sartuta puztu egiten dira, baina ez dira disolbatzen. Era horretako polimeroek erabilera ugari dituzte: besteak beste, muskulu artifizialak egiteko nahiz uretako metal astunak erauzteko erabil daitezke.
Issa A. Katime doktoreak zuzentzen duen ikerketa-taldea aitzindaria da hidrogelen ikerketan, eta talde horrek argitaratua da gai horri buruz gaztelaniaz dagoen liburu bakarra. Gaur egun, farmakoak era kontrolatuan askatzeko hidrogelak nola erabili daitezken ikertzen ari dira, minbizi-kasuetan, adibidez. Batetik, farmakoa garraiatu eta askatzeaz gain, minbizi-zelulak detektatzeko gai diren hidrogelak diseinatu dituzte. Zelula horiek detektatzeko, pH-aldaketak detektatzeko gai dira garatutako hidrogelak --odolak 7,4ko pH-a du, baina minbizi-zeluletan 4,7-5,2ra jaisten da--. Gaitasun hori lortzeko azido folikoarekin funtzionalizatu dira hidrogelak. Izan ere, azido hori gai da pH-aldaketak detektatzeko eta minbizi-zelulak engainatzeko. Troiako zaldi batek bezala funtzionatzen du: zelularen barnean dagoenean, pH-aren aldaketarengatik hidrogela puztu egiten da, eta, hortaz, farmakoa askatzen du.
Bestetik, ohiko hidrogelek gaixoetan erabiltzeko arazo bat zuten: tamaina. Farmakoak emateko biderik onena odolaren bidez egitea da --oso denbora motzean leku guztietara iristen da--, baina ezin dira molekula oso handiak injektatu organismoan, buxadurak eragin ditzaketelako --bihotz-angina edo -atakea, adibidez--. Hidrogelak gizakietan erabiltzeko, beharrezkoa da partikula oso txikiak sortzea, buxadura saihesteko eta globulu zuriek horiek ez detektatzeko bezain txikiak --atzemango balituzte, eraso egingo liekete--. Hala, partikula horiek giltzurrunaren mintza zeharkatzeko bezain txikiak badira, minbizi-zelularik aurkitu ezean, gernuaren bitartez kanporatu daitezke.
Tamainaren arazoa
Helburu horretarako erabiltzen diren nanopartikulekin lan egiteak hainbat zailtasun ditu, hala nola era kontrolatuan erretikulatzea --nanohidrogelak sortu ahal izateko--, sare-egituran sortzen diren hutsuneak farmakoa garraiatzeko behar den tamaina izatea, eta nanopartikula guztiek antzeko tamaina izatea.
Izan ere, polimeroak sintetizatzean lortzen diren partikulen tamaina oso desberdina izaten da. Giza gorputzean injektatzeko baldin badira, partikulen tamaina ezin da 15-30 nanometroetatik asko urrundu; horregatik, tamaina bereko nanopartikulak lortzeko teknika garatu dute.
Nanopartikulen diseinua era arrakastatsuan amaitu dute. Probak in vivo egiteko, lankidetzan ari dira Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Medikuntza Fakultateko José María Teijok zuzendutako talde batekin, eta EHUko Medikuntza Fakultateko Antonio Quintanak zuzendutako talde batekin.
Nanohidrogel adimendun horiek aproposak dira, ez bakarrik minbizi-kasuetan erabiltzeko. Orain, nanohidrogelekin tuberkulosiaren kontrako farmakoak erabiltzeko aukera ikertzen ari dira. Izan ere, gaur egun, tuberkulosiaren kontrako farmakorik eraginkorrenak egunean hainbat aldiz injektatu behar izaten dira. Eta hori arazo izan daiteke osasun-zentroetara iristea zaila den guneetan, hala nola azpigaratutako guneetan.
Ikerketa-taldea tuberkulosiaren kontrako farmako-nahastea denbora luzez era kontrolatuan eta konstantean askatzen duten nanohidrogelak garatzen ari dira. Kasu horretan, nanohidrogelak substantzia bat baino gehiago garraiatzen du, eta, horregatik, zaila da farmakoak askatzeko maiztasuna eta kontzentrazioa kontrolatzea. Horrek hidrogelaren egitura kasuan kasuko beharretara moldatzera behartuko ditu ikertzaileak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia