Gaixotasun autoimmuneak ikertzeko aurrerapausoa EHUn
2001/12/19 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia
Gaitz autoimmuneen jatorria guztiz argitu gabe dago oraindik, eta horretan aurrerapausu garrantzitsua izan daiteke Ana Zubiagak eta bere taldeak egindako ikerketa. Lan horren emaitzen arabera, E2F2 deritzon geneak zeresan handia du era horretako gaitzetan.
Gorputzak normalean propiotzat jotzen ditu bere ehun eta organoak , eta soilik kanpoko substantzien eta bizidun arrotzen aurka eragiten du erantzun immunea. Baina gaitz autoimmuneetan, gorputzak bere buruaren aurkako antigorputzak sorrarazten ditu, hau da, autotolerantzia galtzen du, eta bere ehun eta organoei kalte handia eragiten die.
Gaitz horren sorreran eragile genetiko eta infekziosoek hartzen dute parte, baina baita inguruneko faktoreek ere. Hala ere, orain arte ez da argi izan zeintzuk izan daitezkeen eragile genetiko horiek. Ana Zubiagaren taldeak, ordea, saguetan E2F2 izeneko geneak eragin dezakeela ikusi du, gene horren mutazioak, alegia.
Orain arte gene horren funtzioa ezezaguna bazen ere, Euskal Herriko Unibertsitateko talde horren emaitzen arabera, gene hori mutatua duten saguek autoimmunitatea garatzen dute -lupus eritematoso sistemikoaren antzeko gaitza, zehazki-.
Oraingoz saguetan baino saiatu ez diren arren, pertsonengan ere gene horren mutazioak eragin ote dezakeen aztertu beharko da. Hala balitz, gaitz-mota horiek ulertzeko aurrerapauso itzela izan daiteke talde horren ikerketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia