}

Gainazalen fisika Etxenikeren eskutik

2000/05/27 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Science zientzia aldizkariak Pedro Miguel Etxenikek eta bere lankideek gainazalen fisikaz egindako ikerketa baten berri publikatu zuen atzo. Science aldizkarian argitaratutako lana Alemaniako bi ikerketa zentrorekin burututakoa da, Akisgraneko II. Physikalisches Institut bata eta Kieleko Institut fur Ezperimentelle und Angewandte Physik bestea. Artikuluaren sinadura nagusia Akisgraneko R. Berndt ikertzailearena da. Etxenike ez ezik, Donostian lan egiten duten atzerriko fisikariek ere parte hartu dute proiektu horren garapenean.

‘Science’ aldizkariak zientzialari euskaldunaren ikerketaren emaitzak argitaratu ditu

Ikerketak oinarrizko zientzian du garrantzi handia. Izan ere, fisikan ohikoak izaten dira gainazalean gertatzen diren prozesuak eta gainazalen egitura elektronikoaren menpeko ezaugarriak dituzte. Gainazaletako egitura elektronikoak aspaldidanik arreta izan du zientzian, bi dimentsiotako topologia duen sistema baten eta hiru dimentsiotakoa duenaren arteko elkarrekintza izaten delako aztergaia. Kontua izan da, kalkulu teorikoen eta emaitza esperimentalen arteko gai horren inguruan argitaratu diren hainbat datutan desadostasuna nabarmena egon dela. Egoera elektroniko horien bizi iraupena zenbatekoa zen ez zegoen zehazterik. Orain, azkenean, kalkulu teorikoak eta esperimentuak ados daude.

Esparru guztietakoak lanean

Lan horri, bai ikuspuntu teorikotik zein esperimentuen ikuspuntutik, aurre egin zaio. Alderdi teorikoan, Pedro Migel Etxenikeren taldeak eskarmentu handia du. Gainazalean gertatzen diren egoera elektroniko kitzikatuak, kuasipartikulak alegia, eta kuasipartikula horien arteko elkarrekintzak aztertu ditu. Alderdi esperimentala tunel efektuzko mikroskopioaren bitartez landu da. Esperimentuek duten arazo larriena honakoa hau da: aztertutako gainazaletan ezpurutasunak izaten dira. Hori dela eta, egitura elektronikoa asko alda daiteke. Esperimentuetan erabili diren materialak metal nobleak dira.

‘Science’ zientzia aldizkari garrantzitsua

Era berean, emaitza horiek beste hainbat kontzeptu fisiko ulertzeko baliagarriak izan daitezke aurrerantzean, gehienak fisika teorikoaren alorrekoak. Adibidez, supereroankortasuna ulertzeko ideia berriak eman baititzake. Nanoteknologia garatzeko ere, kontzeptu berri interesgarri asko dakarren aurkikuntza da.

Pedro Migel Etxenike zientzialari nafarraren taldekoek orain Donosti International Physics Center-ek ekar litzakeen lankidetzaz ekin diezaiokete lan horri. Urte askoko ikerketaren emaitzak dira. Hala eta guztiz ere, Science bezalako aldizkari batean argitaratzeak bultzada handia emango dio taldeari inolako zalantzarik gabe. Izan ere, Science mundu mailan zientzi aldizkari ospetsuenetakoa da eta norberaren emaitzak bertan agertzea kalitate zientifiko handiaren onarpenaren seinalea da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia