}

Gailupa, hazijale zuhaiztar ederra

1993/01/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zuhaitzetan bizi diren txorien artean ederrenetarikoa dugu gailupa (Pyrrhula pyrrhula), eta arrak dituen kolore bizi eta deigarriak direla eta, behin ikusi duenak nekez ahaztuko du fringilido txapar honen itxura bitxia.

Gailupa (Pyrrhula pyrrhula), txonta arruntaren (Fringila coelebs) tamaina beretsuko hegaztia dugu, 16-18 cm-ko luzera eta 21-27 g-ko pisua dituelarik. Eta gainerako fringilido guztiak bezalaxe fitofagoa da; hazijalea gehienbat. Bere itxura ordea, ez da familia honetako kide askorena bezain liraina. Aitzitik, gailupa txori potzoloa da, biribiltsua, lepamotza eta buruhandia, eta bere moko koniko eta sendoaren laburtasunak are lodikote-itxura handiagoa ematen dio.

Hegaztiaren bizimodu zuhaiztarra eta elikadura-mota direla eta, gailupa baso-ertzetan, larreak eta zuhaitz-multzoak tartekatzen direnetan, eta zuhamuxkez jantzitako palaxuetan bizi da gehienbat.

Koloreari dagokionez, ale helduek burua, mokoa eta luma arraunlariak beltzak izaten dituzte, eta ipurtxuntxurra berriz, zuria. Basoan edo baso-ertzetan bizi diren hegazti askotan gertatzen den legez, gailuparen kasuan ere dimorfismo sexuala nabarmena izaten da oso koloreari dagokionez. Emearen bizkarra gris arrea, eta lepapea eta sabela gris argiak diren bitartean, arrak alde dortsal gris urdinska eta paparo nahiz sabel gorrizta deigarriak ditu.

Txori eder hau izaeraz lasaia da oso, fidakaitza eta lotsagabea, eta horrexegatik nahikoa erraza izaten da berau bertatik ikustea. Bizimoduari dagokionez zuhaiztarra da erabat, eta beti ere zuhaitz eta zuhamuxketan aritzen da gora eta behera, lurrera ia sekula ere jaitsi gabe. Elikaduraren aldetik fitofagoa dugu gailupa, eta ondorioz, bere dieta aldakorra da urte-sasoiaren arabera: udaberrian kimuak eta loreak sabeleratzen ditu gehienbat, baina urteak aurrera egin ahala, fruituak eta haziak jateari ekingo dio, hauek eskaintzen dioten balio energetiko handiagoa eskuratzearren. Gainerako fringilidoetan gertatzen den legez, gailuparen kasuan ere mokoa haziak txikitu eta jateko moldatutako tresna bikaina da: aho-sabaian kokatutako barrunbean egokitzen da hazia, eta behe-baraila muskulu maxilar sen-doez igotzen duenean hautsi egiten du, hazi-azala mihiaz kanporatu eta gainerakoa berehala irentsiz.

Hegaztiaren bizimodu zuhaiztarra eta elikadura-mota direla eta, gailupa baso-ertzetan, larreak eta zuhaitz-multzoak tartekatzen direnetan, eta zuhamuxkez jantzitako palaxuetan bizi da gehienbat.

Udaberria ugaltzeko sasoia da gailuparentzat ere, eta ondorioz, urtean zehar talde txikitan bizi diren arren, garai horretan bikote-ka banantzen dira gailupak, eta lurraldekoitasun handia izaten dute gainera. Habia altuera txikian zotz eta sustraitxoz eraikitako ontzi-itxurako egitura xumea izaten da, eta bukatuta dagoenean emea bertan geratzen da 12-14 egunez, ondoz ondo egunetan errundako lauzpabost arrautza urdin txitatzen.

Gailuparen kasuan dimorfismo sexuala nabarmena izaten da oso, koloreari dagokionez.

Bitarte horretan arra habia-inguruko lurralde txikia defen-datzeaz eta emea bazkatzeaz ardu-ratzen da. Eta horra hor txori hauen dimorfismo sexual nabarmenaren arrazoia: emeak luze egon behar du habian, eta ondorioz kolore apalak ditu etsaiek ikus ez dezaten. Arra berriz, lurraldearen defentsaz arduratzen da, eta kolore bizi deigarriak lagungarri ditu egin-behar horretan.

Bestalde, txitoek 16-18 egun igarotzen dituzte habian hegan egiteko gai izan aurretik, eta txori hauen lurraldea tamainaz txikia izaten denez, kumeak elikatzea arraren eta emearen artean burutu beharreko lana izaten da. Hazijale gehienek intsektuz elikatzen dituzte beren txitoak, baina gailupak eta gainerako karduelinoek (karnabak, txokak, eta abarrek...) haziak ere ematen dizkiete intsektuekin batera. Paparoan biltzen dituzte guz-tiak, ondoren habiara iritsi eta txi-toei emateko. Horrela, gailupak 2 edo 3 txitaldi osa ditzake urtean, eta udatik aurrera guztiak familia txikitan bizi dira, hurrengo udaberria iritsi artean.

Baina udazkenarekin batera elurra ere iritsi daiteke, eta gailu-pek migrazio partzialak egin ditza-kete, nahiz eta normalean gure eskualdean bizi direnak sedentarioak izan. Jakia zuhaitz eta sastraketan lortzen duten zenbait espezieren moduan, iparraldeko eremuetan gailupak ere ez du neguan bazka lortzerik izaten, eta hegoaldera, edo elikagaiak topatuko dituen lekue-tara alde egin dezake. Era berean, uzta ugari biltzen denetan bertako gailupa-populazioa ikaragarri emenda daiteke inmigrazioa dela eta, eta zenbait eskualdetan horrek ondorio latzak ekar ditzake; aldika behintzat gailupak frutarbolak ugari diren lurraldeetan izurrite bilakatzera ere iristen baitira.

Ikusi duenak nekez ahaztuko du fringilido txapar honen itxura bitxia.

Banaketari dagokionez, gailupa espezie eurosiberiarra da, eta ondorioz ia Europa osoan aurki genezake, eskualde mediterraniarrean bakanagoa den arren. Iberiar penintsulan oso urria da, eta iparraldean eta Pirinio ingurutan soilik da habiagile. Euskal Herrian berriz, eskualde eurosiberiarrean eskuarki ugaltzen den espeziea da gailupa, bai pagadietan, hariztietan, amezti-etan nahiz oihan mistoetan. Araba eta Nafarroako erdialde eta hegoaldean berriz, ingurune menditarretako laiotzetan aurki genezake, amezti eta erkameztietan batez ere, eta inoiz baita artadietan ere.

Fitxa teknikoa GAILUPA

Espeziea: Pyrrhula pyrrhula

Familia: Fringilidoak

Ordena: Paseriformeak

Klasea: Hegaztiak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia