}

Gai solido bat laserrez hoztea lortu dute

2006/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gai solido bat laserrez hoztea lortu dute
2006/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek laserraren bidez erbio-ioiez dopatutako materialak hoztea lortu du. Joaquín Fernándezek zuzentzen duen taldearen lana Physical Review Letters aldizkarian argitaratu dute.

Fenomeno horri hozte optikoa esaten zaio, eta interes handia sortu du azken bi hamarkadetan, batez ere, gasen eremuan. Baina, laser-izpiak erabiliz gai solidoak hoztea askoz ere zailagoa da, eta, izatez, material dopatu mota gutxi hoztu ahal izan dute laborategian. (Material dopatu deitzen zaie beste elementu baten ioi-kontzentrazio txiki bat erantsi zaien materialei).

Erbioa elementu metalikoa da eta berezitasun bat du: haren ioiak uhin-luzera jakin bateko argiak jotzen dituenean, gai dira argiaren uhin-luzera hori handitzeko.

EHUko zientzialariek egindako ikerketan, erbioaren argi-igorpena erabili dute ioi horiek dauden materiala hozteko. Aurkikuntza hau garrantzitsua da, alde batetik, zailtasun teknikoak dituelako, eta, bestetik, erbioz dopatutako materialetan oinarritutako hozte optikoa ohiko diodo-laserrek izaten dituzten uhin-luzera eta potentzia antzekoetan gertatzen delako. Hori dela eta, material horiek idealak dira balizko aplikazioetarako. Aplikazioen artean, esaterako, potentzia handiko zuntz optikozko laserrak, laserrean oinarritutako diagnostiko medikorako teknikak (tomografia optikoa) eta fototerapia egon litezke.

Tresna horiek bi laser-izpi izango dituzte: uhin-luzeretako bat dagokion funtzioa betetzeko erabiliko litzateke, eta beste uhin-luzera, berriz (bestearen hurbilekoa), hozte optikoa sortzeko, laserrak eragindako berotzea berdintzeko. Izan ere, berotzeak zenbait eragin negatibo dauzka, erabiltzen ari den materialaren propietateak alda ditzakeelako, eta erre ere egin dezakeelako materiala bera.

1
224
2006
10
025
Fisika; Teknologia; Materialak
Berriak labur
11