Gabiriako meatzea, zaharra berri
1998/06/01 Antiguedad, Iñaki Iturria: Elhuyar aldizkaria
Doñanakoa gertatu artean jende askok ez zuen, seguruenik, ezagutuko Gabiria. Goierrin kokatutako udalerri honetan 400 lagunetik gora bizi dira, inguruko industriguneetan dihardutenak. Nahiz eta gabiriar gehienak industrian aritu, bizi udalerriko baserrietan bizi dira, herrigunea bera oso txikia delako; dozena-erditik baino dozenatik gertuago diren etxebizitzak, elizaren, udalaren, ikastetxearen, ostatuaren, eta elkartearen inguruan antolatuta daude, tontortxo batean. Jakina, frontoia ere, bertan.
Euskal Herriko hainbat herrixken argazki tipikoa izan zitekeen deskribatutakoa eta horrelaxe konta ahal izango litzateke, Doñanako hondamendia gertatu ez balitz. Izan ere, Doñanakoa gertatu ondotik, behin baino gehiagotan agertu baita Gabiria komunikabideetan. Gustuak gustu, enbidia handirik ez dio paisaje kontuetan eta ekosistema kontuetan Gabiriak Doñanari, baina ez da horregatik telebistetako kamaren, irratietako mikrofonoen, eta egunkarietako lerroen kontakatilu izan.
Arrazoia, zoritxarrez, beste bat da. Izan ere, hondamendiak gertatzen direnean komunikabideek parekotasunak aurkitzeko izaten duten gosea asetu ahal izan dute Gabirian, horretarako lain badago eta Goierriko herrixka honetan.
Lehen egindako boteprontoko deskribapenean, bada hutsune bat, komunikabideetan ezer agertu ez balitz aipatu ere egingo ez litzatekeena…, baina Gabiria beste hainbat herrirekiko berezi egiten duena. Bada Gabirian, herritik behera Ormaiztegi aldera kilometro pare bat jaitsi eta Mutiloa aldera hartuta, meatze bat Troyako meatzea orain itxita dagoena baina zabalik duela urte gutxi arte. Meatze horren azpian, presa bat. Hortik beraz, Doñana eta Gabiria artean sortzen den parekotasuna. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Autonomi Elkartean dauden 83 meatze-putzuetatik, Gabiriakoa da ingurugiroan kaltea eragin dezakeen bakarra. Azaletik ikusita, lehen begiratuan, egoerak oso antzekoa dirudi; apur bat sakonduta, ikusi egin behar.
1986. urtean Exminesa enpresak Gabiria eta Mutiloa arteko 6 hektarea hartu zituen 20 urterako, zundaketen bidez bertan berunez eta zink-ez aberatsa zen lur-zorua zegoela jakin zuten eta. 1987an zabaldu zen Troyako meatzea, sei urte beranduago ixteko. Produkzioa ona zen, baina konpetentzia handia izanik itxi egin zuten. Meatzea zabalik egon zen tartean Exminesak 1.646.632 tona mineral atera zituen. Itxi eta salgai jarri zen meatze osoa, baita inguruko lurrak ere. Ordurako, dena den, itxuraldaketa gertatua zen, paraje garbi eta txukuna izandako hark beste aurpegi bat erakusten zuelako: hautsez betetako baso-pistak, zuhaitzik gabeko ingurua, itxura eskaseko eraikuntzak, meatzeko zakarrak, eta ur-putzua.
Lehen esan bezala putzu txikia, Doñanan sarraskia eragin zuena baino askoz ere txikiagoa, 1.050.000 metro kubiko hartzeko gaitasuna duena; baina, hala ere kontuan hartzeko modukoa. Aznalcóllar-eko presan gertatzen zen moduan, Troyako meatzetik ateratzen zen minerala garbitzeko ura jasotzen zuen ur-putzua zen. Gehienbat zianuroa eta kobre sulfatoak erabiltzen ziren Troyako meatzetik ateratzen ziren mineralak garbitzeko, garbitutako mineral tonako 30-80 gramo zianuro eta garbitutako mineral tonako 200 gramo sulfato.
Troyako meatzean lanean aritu ziren sei urteetan substantzia pozoitsu horiek erabili ziren; egunez egun urarekin eta lokatzarekin nahastuta presaren sakonean baretzen zirelarik.Eta egun, egon han daude hondoan, urez estalita, eta itxuraz presa ixten duen hormaren atzean gordeta. Itxuraz gordeta, zeren eta 1995-96 urteetan Diputazioak Gipuzkoako ibaiei buruz egindako txostenak zioenez, Troyako meatzeak Eztanda ubidea poluitzen jarraitzen zuen.
Salgai jarri eta gero, “Asfaltos Urretxu S.A½ k erosi zuen oso-osorik Troyako meatzea. Jose Mari Uria enpresa horren jabeetariko bat da. Berak hartu zuen parte erosketa-operazio osoan, eta berak hartu du parte ordutik meatzaren inguruan egon diren mugimenduetan. “Subastara irten zenean erosi genion guk hau Exminesari, meatzea zegoen tokian zepa birziklatzeko lantegi bat eraikitzeko asmoarekin. Hori egin ahal izateko beharrezko baimenak eskuratu genituen, bai Udalaren aldetik baita Industria Sailetik ere, baina baldintza batekin, dena konpontzekotan. Kontua da meatze bat ixtean dena lehen bezala ipini beharra dagoela, ezin da itxi eta kitto! egin. Gu horretaz geure proiektua aurrera eraman ahal izateko pausuak ematen hasi ginenean jabetu ginen. Exminesak bere aldetik ez zuen ezer egin, horregatik geuk txukundu genuen½.
Putzuari eta inguruari orain duen itxura emateko lan handia egin behar izan zuten Gabirian, baita meatzearen lanaren ondorioz sortutako hondakinen arriskuaz ohartzeko beta hartu ere. “Bai egia da, material bizia zegoen hor, burbuxak atera eta atera zegoena; ez dakit nik zer zuen baina gauza onik ez. Hemen lana amaitu eta buruko minez ibiltzea ez zen arraroa, ezta azaleko azkura edukitzea ere.
Dena estaltzeko 100.000 metro kubiko lur mugitu genituen, 10 metroko zabalerako dikea bota, lurra eguzkitan lehortu, estali, mendiko urendako kanalak zabal-zabal jarri buztin-lurrez hartuta… putzua iragazkaiztuta gera zedin. Putzura datorren ura, meatzetik bertatik sortzen den metal-ura (segundoko 50 litro inguru bataz beste) dekantazio bidez garbitzen da. Diputazioko teknikoek kontrolatzen dute hemengo zer dena, egunean daramate, noiznahi agertuz. Lehengoarekin konparatuz, orain inguruak ez dauka itxura txarrik; putzura karramarroak bota genituen, ahateak eta beste hegazti batzuk ibiltzen dira uretan… atzerrian balego norbaiti hotelen bat edo jatetxeren bat jartzea ere bururatuko litzaioke½.
Nolabait Jose Mari Uriaren hitzak baieztatuz, Diputazioko ordezkariek eta Gabiriako udalekoek ere izan dute tokirik komunikabideetan, kontrolak noiznahi egiteaz gain, orain azterketa sakonagoa egitekotan direla esateko. Beste ezer ez luke nahi Jose Mari Uriak, egin ditzatela egin beharreko azterketak eta ea eurek pentsatuta zuten eran eraman dezaketen aurrera birziklatze-negozioa. “Galdategietan sortzen diren soberakinak jaso eta birziklatzeko asmoa dugu, gero errepideak egiteko erabil dadin. Europako hainbat tokitan dagoeneko martxan dagoen teknologia da, galdategietako zepak jaso eta errepideak asfaltatzeko gaia lortu. Guk teknologia badugu, tokia eta gogoa ere bai, baina baimena falta zaigu½.
Jose Maria Uriak eta bere lan-taldeak hartutako neurriak zerbait hobetu dute Gabiriako presaren egoera, gutxienez lehen zakar-toki eta hondakin toxikoen bilgune zen hura gaur egun lurrez estalita eta belar berdez jantzita ikus baitaiteke, presara doan ura gero eta garbiagoa ateratzen baita, eta meatzera zeraman sarrera itxita baitago gai-poluitzaileak kanporatzea ekidinez. Hala ere, ez dirudi nahikoa, lurrez estalita dauden zakarrak plubiometriaren eraginagatik, neurri txikian, isurtzen jarraitzen dutelako. Adituen arabera, hori gerta ez dadin depositua isolatu eta iragaizkaztu egin beharko litzateke.
Behin betirako konponbidea aurkitzeko bada Madrilgo Unibertsitate Autonomoak landutako plan bat, Troyako meatzearen esplotazioa behin betiko bukatzeko programa izenekoa. Plan horrek dioenez, erabateko isolamendua da irtenbide bakarra, eta ez presa lehortzea, neurri horrekin gai-toxikoak orain dauden tokian egongo liratekeelako gero ere. Pirita-hondakinak fase desberdinetan eraikitako lur-geruzen azpian egon beharko lukete, baina aurrez uraren tratamendua eginda. Gainera, metal eta zianuro asko duen lohia bertatik hartu, toki egoki batera eraman eta han behar bezala tratatu beharko litzateke.
Jakin-jakinekoa da zer egin behar den Gabiriako inguru horrek duela urte batzuetako itxura eta egoera bera erakus dezan, kontua da nork eta noiz. Ea komunikabideek horren berri emanez Gabiria laster duten berriro hizpide.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia