G. Robert Kirchhoff fisikaria
1989/03/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kirchhoffek Königsbergeko unibertsitatean ikasi zuen eta elektrizitatearen teoriaz lan interesgarriak egin zituen. Korronte elektrikoa adibidez, argiaren abiaduraz desplazatzen zela adierazi zuen beste inork baino lehen.
Bere fama, 1854. urtean Heidelberg-en fisika-irakasle izendatu zutenean zabaldu zen. Han R. Wilhelm Bunsen-ekin topo egin zuen. Bunsen fotokimikaz arduraturik zebilen, koloretako iragazkietan igarotako argia ikertuz. Kirchhoffek Newton-en eragina eta prestakuntza matematikoa zituen. Horregatik Bunseni argia ikertzerakoan prisma erabiltzea gomendatu zion eta biek, argia zirrikitu batetik pasatuta prismara proiektatuz, espektroskopio berbera lortu zuten. Argiaren uhin-luzerak desberdin errefraktatzen ziren eta zirrikituan imagina desberdinak ipinita espektro desberdinak lortzen ziren.
Bunsenen metxeroa erabiltzea ere onurakorra izan zen. Metxeroaren argia ahula zen, eta ez zuen hondo argitsurik sortzen. Horrela ez zen aztertzen ari zen argiarekin edo goritzeraino berotutako mineralen argiarekin nahasten.
Espektroskopioa erabiliz, berehala ohartu zen Kirchhoff elementu kimiko bakoitzak berotzen zenean kolore-lerro jakin batzuk uzten zituela. Sodio-lurrin goriak adibidez, lerro hori bikoitza uzten du. Nolabait esan, elementu bakoitzak bere hatz-markak uzten ditu espektroskopioan eta horrela edozein mineral zein elementuz osaturik zegoen jakin zitekeen.
1859. urte inguruan, materialen konposizioa ezagutzeko sistema hau hedatua zegoen, eta ordurarte ezagutzen ez ziren elementu kimiko berri batzuk aurkitu zituzten espektroskopioz. Zesioa eta rubidioa adibidez, Kirchhoffek 1860.ean eta 1861.ean hurrenez hurren deskubritu zituen.
Kirchhoff urrutirago heldu zen ordea bere espektroskopioaz. Sodioak utzitako lerro distiratsu bikoitza Fraunhofer-ek eguzki-espektroan adierazitako D lerroaren berdina zela ikusi zuen. Beste saiakuntza lagungarri batzuk ere egin zituen eta azkenean Eguzkiaren argiak sodio-lurrina zeharkatzen zuela ondorioztatu zuen. Beraz Eguzkian sodioa zegoen. Horrela beste dozenerdi bat elementu ere identifikatu zituen.
Bere ikerketa espektroskopikoetan, zera frogatu zuen: Argia gas batean zehar igarotzen denean, gasak bera gori legokoenean izango lituzkeen uhin-luzerak zurgatzen dituela. Fenomeno honi “Kirchhoffen legea” esaten zaio askotan.
Geroago, espektroskopiak beste bide bat ere hartu zuen. Izan ere espektroskopioaren bitartez Unibertso zabala ezezik atomo ñimiñoen barnea ikertzen hasi bait ziren.
Gorputz beltza aztertzen ere saiatu zen Kirchhoff fisikaria. Gorputz beltza, beregana iristen diren uhin-luzera guztitako erradiazioak zurgatzen dituena da. Horregatik zioen Kirchhoffek gorputz beltza gori-gori ipinitakoan uhin-luzera guztiak igorriko zituela.
Gorputz beltza lortzearren, Kirchhoffek honako hau iradoki zuen: barnean horma beltzak eta aurpegi batean zulo txikia zuen kaxa eraikitzea. Horrela, zulotxoan zehar sartutako erradiazioak berriz irteteko ia batere aukerarik ez zuen izango. Erradiazioen bitartez kaxa gori-gori jartzen bazen, zulotxotik uhin-luzera guztiak aterako ziren.
Gorputz beltzaren ikerketak, berebiziko garrantzia izan zuen geroago Max Planck-ek teoria kuantikoa argitaratu zuenerako.
Kirchhoff fisikaria, Berlin-en hil zen 1887.eko urriaren 17an.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia