}

Futbola, teknologia mundialaren erakusleiho

2002/06/15 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Munduko futbol txapelketak mundu osoko prentsa asetzeko adina kontu sortzen du. Baina horren guztiaren atzean, baloi bereziak, futbolerako zapatilak eta punta-puntako teknologiaz hornitutako estadioak daude. Japonian eta Korean egiten ari den munduko txapelketa berrikuntza teknologikoengatik gogoratuko da.

Teknologia oinetan

Baloia eta zapatilak, teknologi punta-puntakoak.

1970eko Mexikoko munduko futbol txapelketatik, Adidas etxeak baloi berria diseinatzen du munduko txapelketa bakoitzerako. Urteek aurrera egin ahala, teknologiaren azken aurrerakuntzak baloiaren diseinuan txertatu, eta baloien forma eta propietateak eboluzio ikaragarria izan dute.

Formari dagokionez, aurtengo Fevernova (sukarra) izeneko baloiak inoiz ezagutu den berrikuntzarik handiena dakar, orain artekoak ez bezala, baloi biribila baita. Dirudienez, baloi tradizionalak, pentagono txuri eta beltzekoak, ez ziren erabat esferikoak.

Baina kanpo itxuraz gain, baloi berriak propietate berriak ere baditu. Maila horretan, baloien eboluzioa askoz ere ikusgarriagoa izan da. 60ko hamarkadako baloiak oso astunak ziren. Hori ez zen jokaldi politak egiteko eragozpena izan, Pelérentzat eta beste hainbat jokalarirentzat, baina baloi horiek lesio bat baino gehiago eragin zuten.

Urteekin baloiak ekoizteko araudia ez da aldatu, —453 gramo baino gutxiago pisatu, eta 71 cm baino zirkunferentzia txikiagoa izan behar du— baina materialak bai, aldatzen joan dira. Horrela, baloiak zehaztasunean eta abiaduran irabazten joan dira.

Baloi berria kautxu sintetiko berri batekin egina da eta gelaxkak konprimitutako airez beteta daude. Horrela, erdiraketa egitean energia esfera guztian era homogeneoan banatzen da eta horrek baloiaren abiadura handitzen du. Dirudienez, Frantziako munduko txapelketan erabili zen baloiarekin alderatuta, % 10 lasterragoa eta % 25 zehatzagoa da Fevernova.

Zapatilei dagokienez, Nike eta Adidas etxeek baliatu dute munduko txapelketa azken diseinuko kirol-jantziak ateratzeko. Pelék eta Maradonak ez zuten teknologiaren laguntzarik izan munduko txapelketak irabazteko, eta oraingo jokalariek berenetik ere eman beharko badute ere, 196 gr baino gutxiago pisatzen duten zapatilekin ateratzen diren jokalariek zelaian alde batetik bestera lasterka egiteko abantailatxo bat izango dute. Nike Skin deituriko materialarekin egindako zapatilek ez dute urik hartzen, eta larru sintetikoarekin egindakoak baino % 50 gehiago irauten dute. Adidas-ek ateratako zapatiletan, takoen kokapena aldatu dute, eta horrek errotazioak lasterrago egitea ahalbidetzen du. Kanguru-larrua eta gomazko material berriak erabili dituzte zapatila horiek ekoizteko.

Futbol-zelai modernoenak

Munduko futbol txapelketako partidak hogei estadiotan jokatuko dira: hamar Korean daude eta beste hamarrak Japonian. Baina ez Japoniak ezta Koreak ere ez dute futbol tradizio handirik. Hortaz, beisboleko eta atletismoko hainbat estadio futbol-zelai bilakatu behar izan dituzte eta beste batzuk eraiki.

Berdegunea uneoro partida bat jokatzeko moduan egon dadin teknika berriak ere erabili dituzte Japoniako hainbat futbol zelaitan.

Horretarako, Koreak 2 bilioi dolarreko eta Japoniak 9 bilioi dolarreko inbertsioak egin dituztela kalkulatzen da. Baina antolatzaile eta politikariek adierazi dute inbertsio horiek txapelketa amaitutakoan ere merezi izango dutela. Izan ere, Kobe (Japonia) estadioak, esaterako, 42.000 pertsonentzako harmailak ditu, baina estadio txikiagoa bihurtzeko moduan eraikita dago eta, beraz, txapelketa igarotakoan ere erabili ahal izango da.

Baina hori baino askoz gehiago ere egin dute japoniarrek: munduko lehen zelai mugikorra diseinatu dute! Belar naturalez egindako zelaia errail batzuen gainean pausatuta dago, eta Sapporo hiriko beisbol-estadiorako egokituta dago. Futbol-partida jokatu baino bi ordu lehenago, estadioko harmailak ireki eta zelaia errailetan irristatuz sartzen da. Ondoren, sistema biratzaile bati esker, ikusleekiko posizio egokian ezarri eta, kito, beisbol-estadioa futbol-estadio bilakatzen da.

Belar naturala duen beste zelai bat finala jokatuko den Yokohama zelaia da. Zelai hori uraren iragazpen egokia bermatzen duten lur eta tamaina desberdinetako harri-geruzen gainean egina dago. Gainera, berdegunea uneoro partida bat jokatzeko moduan egon dadin, lur azpian dagoen ur beroko sistema bati esker belarrarentzat tenperatura egokiena lortzen da. Belar naturala izango da, baina ezin esan era naturalean lortutakoa denik! Hala ere, ez da zelaia egoera onean atxikitzeko era horretako teknika bat erabiltzen den lehen aldia.

Kazetariak ere gogoan

Horrez gain, munduko txapelketa mundu osoko milaka pertsonak ikusiko duela kontuan izanik, arkitektoak ez dira telebistarako behar bezalako azpiegiturak eraikitzeaz ahaztu. Finala jokatuko den Yokohamako (Japonia) estadioan, alde batetik bestera ziztu bizian mugitu (zazpi segundoan ehun metro), eta, batere kalitaterik galdu gabe grabatzen duen bideo-kamera instalatu dute. Jokalaririk azkarrenak ere ez die ihes egingo kamera horren begiei.

Bestalde, Internetera konektatzeko ez da kable beharrik izango. Kazetarien lana errazte aldera, futbol-estadio denak Wireless area sistemarekin hornitu dituzte. Wireless area sistemak ordenagailu eramangarriak sarera entxufatu gabe, txartel baten bidez, Internetera konektatzea ahalbidetzen du. Horrela, kazetariak estadioko edozein txokotatik bidal eta jaso ditzake posta elektronikoko mezuak.

Wireless area sistema, kablerik gabe Internetera konektatzeko

Munduko futbol partidak jokatuko diren estadio guztiak daude Wireless area sistemarekin hornituta eta, horri esker, kazetariek ez dute eskuin eta ezker lasterka ibili beharrik izango beren artikulu eta erreportajeak bidaltzeko.

Wireless area sistema telefono mugikorren sistemaren oso antzekoa da. Hainbat tokitan atzipen-puntuak instalatzen dira (telefono mugikorren sisteman antenen parekoak) eta, oztoporik ez dagoen lekuan, 150 metroko erradiorako balio dute. Oztopoen arabera, eremu hori murriztu egiten da.

Ordenagailutik atzipen-puntura doan informazioa irrati-frekuentzia bidez transmititzen da, eta atzipen-puntu bakoitza datu-sarera kable bidez konektatuta dago, ordenagailu bat gehiago bailitzan. Atzipen-puntu bakoitzak 68.000 pezeta balio du, eta segundoko 11 Mb transmiti ditzake. 11 megabit horiek konektatuta dauden erabiltzaileen artean banatzen dira eta, beraz, atzipen-puntura zenbat eta erabiltzaile gehiago konektatu, orduan eta geldoago ibiliko da.

Ordenagailu eramangarria atzipen-puntura konektatzeko, ordenagailuan txartel bat sartzen da. Txartel bakoitzak 28.000 pezeta balio du. Munduko futbol txapelketako antolatzaileek kazetariei akreditazioekin batera banatu dizkiete txartel horiek.

Europa mailan, ere, arrakasta lortzen ari den sistema da. Azken zenbaketan, Europan 40.000 atzipen-puntu kontatu ziren eta 2005erako 90.000 puntu egotea espero da. Gehienbat liburutegietan, museoetan, kultur-geletan, aireportuetan, ostatuetan, etab.-etan zabaltzen ari da.

Zabalik-en argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia