Fusio nuklearreko erreaktoreen dentsitate-muga gainditu dute

EASTen gisako tokamak motako beste erreaktore bat: WEST (Cadarache, Frantzia) - Arg: Christopher Roux, EUROfusion.


EAST erreaktore nuklear txinatarrean plasmaren dentsitate-muga enpirikoa gainditzea lortu dute, lehenengoz. Alegia, fusio-plasma egonkor mantentzea lortu dute, erreaktore mota horretan orain arte ustez lor zitekeena baino askoz dentsitate handiagoan. Hala, frogatu dute mota horretako erreaktoreek urte askoan izan duten oztopo nagusietako bat gainditu daitekeela. “Lortu dutena oso garrantzitsua da”, adierazi du Fernando Plazaola EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko katedradunak.

Tokamak motako erreaktoreetan, fusioa lortzeko deuterio-tritio plasma bat eremu magnetikoen bidez konfinatzen da. Fusio-erreakzioak hasteko, hau da deuterioaren eta tritioaren nukleoak fusiona daitezen, energia asko eman behar zaio makinari. Eta fusioaren bidez energia lortuko bada, hasieran eman behar zaiona baino energia gehiago askatu behar du fusio-erreakzioak. Oraindik, ordea ez da lortu eman behar zaion adina energia lortzea ere.

Konfinamendu magnetikoko errektoreetan, hori hiru parametro garrantzitsuren mende dago: plasmaren tenperatura, plasma-egoeran irauten duen denbora eta plasmaren dentsitatea. “Orain arte plasmaren dentsitatea mugatua zegoela uste zen —azaldu du Plazaolak—; enpirikoki ikusten baitzen muga hori gaindituz gero plasma ezegonkor bihurtzen zela”. Izan ere, konfinamendu magnetikoari esker plasmak erreaktorearen paretak ukitzen ez baditu ere, fusio-erreakzioetan askatzen diren neutroiek ihes egin eta horma metalikoa jotzen dute, eta, horren ondorioz, plasma desegonkortu eta hoztu egiten da.

2022an proposatu zuten plasma-hormaren auto-antolakuntzaren teoriaren (PWSO) arabera ordea, aipatutako muga baino dentsitate altuagoak lor zitezkeen plasmaren eta horma metalikoen arteko orekaren bidez. Bada, horixe da EAST tokamak txinatarrak esperimentalki frogatu berri duena: PWSO teoriak dioena betetzen dela eta plasmaren dentsitate altuagoetan plasma egonkorra lor daitekeela.

“Lorpen hau oso garrantzitsua da fusioa hasteko behar den energia eta erreakzioan lortzen dena berdintzea lortzeko —dio Plazaolak—, ustez dagoeneko balio handienera heldutako plasmaren dentsitateak are balio handiagoak izateko aukera ematen baitu”. Bestetik, gogorarazi du aipatutako hiru parametroen mende dagoela fusio eraginkorra lortzea. “Bide horretan, aipatu beharra dago duela urtebete EAST-en beste lorpen garrantzitsu bat lortu zutela: plasmaren konfinamendu-denboraren errekorra. Agerian dago txinatarrak urrats ikaragarriak egiten ari direla!”.

Egoitz Etxebeste Aduriz

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali