Fukushimaren 10. urteurrena: energia nuklearraren erronkak
2021/03/11 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hamar urte pasa dira Fukushimako istripu nuklearra gertatu zenetik. Hartan, lurrikara eta ondorengo tsunamien ondorioz, zentral nuklearrean erreaktore-eraikinean eztanda gertatu zen, errefrigerazio-sistemak apurtu ziren eta erradiazioa zabaldu. Historiako bigarren istripu nuklear handienaren urteurrenak mahai-gainean jarri ditu, berriz, energia nuklearraren arazoak eta epe ertainean dituen erronkak.
Fukushimako hondamendiak ez zuen eragin giza biktima zuzenik, baina itzulezinak dira bizimoduan, egitura sozialetan eta ekosistemetan eragindako kalteak. 165.000 pertsona desplazatu zituzten eta, hamarkada bat geroago, 43.000 herritarrek ezin izan dute beren herrietara itzuli. Alabaina, industriak istripuaren ondorio ekonomikoak kuantifikatu ditu, baina ez ingurumenean eta ongizatean gertatu diren albo-ondorio larriak.
Hainbat istripu larri eta gero, energia nuklearra eztabaida etengabean dago. Aditu batzuek baleko aukeratzat jotzen dute, planetaren berotze globalari aurre egin eta deskarbonizazioak erreala izan behar badu. Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldeak berak (IPCC), berotze globalari buruzko 2018ko txosten berezian, energia nuklearrak tenperatura globalaren igoera mugatzeko izan dezakeen ekarpena aitortu zuen. Beste asko, ordea, aurka daude, ingurumen- eta gizarte-kezka handien ondorioz.
Orain, sektore nuklearrak erabakiak hartzerakoan izan duen gardentasun- eta ekitate-falta salatu dute Harvard Unibertsitateko hainbat ikertzailek Nature aldizkariko iritzi-artikulu batean. “Segurtasuna eta kostua ez dira industria nuklearrak dituen erronka bakarrak. Sektore nuklearrak sistematikoki porrot egin du herritarren kezkak jasotzeko orduan. 1960 eta 1970eko hamarkadetan arriskuaren inguruan egindako azterketa psikologikoek zabaldu zuten herritarrek modu emozional, irrazional eta zabarrean erreakzionatu zutela, eta industria nuklearrari eskatu zioten publikoaren arrisku-pertzepzioak onartzeko edo “publikoa hezteko”. Industriak azken bidea aukeratu zuen, komeni zitzaion prozesuan bakarrik inplikatuz herritarrak, eta beti ere ikuspegi propioa sinistaraztera bideratua”, adierazi dute ikertzaileek. Haien iritziz, ordea, ezinbestekoa da herritarrak zintzoki entzutea, konbentzitzeko helbururik gabe. Uranioa erauzten denetik hondakinen kudeaketa erabakitzen den arte, herritarrek hitza izan behar dutela diote. Ikuspegi-aldaketa handi bat eskatzen du horrek.
Istripuaren ondorioak industria nuklearrean
Industria nuklearrak berak ere pairatu ditu ondorioak ezbehar bat dagoen bakoitzean. Fukushimako istripua izan eta lau hilabetera, Alemaniak 2022rako energia nuklearra erabat ezabatzeko erabakia hartu zuen. Suitzak gauza bera egin zuen eta herrialdeko bost erreaktoreak desegin zituen. Japonian, 54 erreaktore operatiboetatik 12 betiko itxi zituzten, eta beste 24k itxita jarraitzen dute oraindik.
Une honetan, ordea, energia nuklearreko 50 erreaktore inguru eraikitzen ari dira munduan. Txina da gehien eraikitzen ari dena (16 planta); hurrengoak, India eta Hego Korea. Munduko industria nuklearraren egoerari buruzko txostenaren arabera, energia nuklearreko 414 erreaktore daude martxan, eta munduko elektrizitatearen % 10,3az hornitzen dute.
Nola ebatzi segurtasunaren auzia?
Segurtasunak mahai-gainean jarraitzen du, ordea. Industria nuklearrak arazoa ebazteko proposatzen duen irtenbideetako bat da erreaktore modular txikiak eraikitzea, tamaina txikiak balizko hondamendia bera txikituko duelakoan. 300 MW-tik beherako ekoizpena izango lukete erreaktoreek, 200.000 etxe inguru elikatzeko.
Beste irtenbideetako bat erreaktore eraginkorragoak eta seguruagoak eraikitzean datza, ura ez den beste likido hozgarria erabiliko luketenak. Baina teknologia berrien garapen-abiadura ikusita, baliteke erreaktore horiek mendearen erdialdera arte ez merkaturatzea. Bitartean, gero eta lehiakorragoak bihurtzen ari dira eguzki-energia eta energia eolikoa biltegiratzeko teknologiak. Asko beldur dira teknologia nuklearrak ez ote diren atzean geratuko ordurako.
Konpromiso sozialik gabeko industria
Alabaina, proposamen nuklear berriek ebatzi gabeko kezka etikoak gutxiesten jarraitzen dutela adierazi dute ikertzaileek, eta modu desorekatuan banatzen direla sortzen diren etekinak eta arriskuak. Esaterako, uranioaren munduko ekoizpen osoaren hiru laurden komunitate indigenen inguruko meategietatik dator, baina inoiz ez dira berregituratu gero; inguruko lurrak eta herriak pozoitu dituzte. Hondakinen kasuan ere, industria nuklearrak ez du inolako irtenbide teknikorik hondakinak kudeatzeko, lur azpian ezkutatzetik harago; era berean, hondakin nuklearren biltegiak elektrizitate nuklearraz hornitu diren komunitateetatik urruti egoten dira.
AEBko Erreaktoreen Berrikuntzarako Zentroa komunitatea inplikatzeko lehenengo proposamenak aztertzen ari da orain: pertsona asko tabakoa erre, autoak gidatu eta bestelako arrisku pertsonalak hartzeko prest dagoen bezala, egongo al litzateke bere komunitatean eta bere kontsumorako erreaktore nuklear bat jasotzeko prest?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia