Freud, Sigmund
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1856-1939)
Psikiatra famatu hau Moravia-ko Reiberg-en (orain Pribor da, Txekian) jaio zen 1856ko maiatzaren 6an. Guraso juduak zituen eta lau urte jaioterrian igaro ondoren denak Viena-ra aldatu ziren.
Austriako hiriburuan medikuntza ikasteari ekin zion, filosofiarako zuen joerari ihes egitearren. 1873. urtean sartu zen Vienako Unibertsitatera eta 1881ean amaitu zituen Medikuntz ikasketak. Bere familia pobrea zen eta judu-elkarte baten laguntzaz izan zuen unibertsitatean ikasteko modua.
Ikasle zela, neurologiaz arduratu zen, nerbio-zona desberdinen harremanak aztertu zituelarik. Anestesia lokaletarako kokaina erabiltzen lehenengotakoa izan zen, baina bide hura bertan behera utzi zuen.Dena den, berak kokaina min txikitan erabiltzen zuen eta goraipamenak ere egin zizkiolako drogazaletasunari lagundu ziola esan ohi da (Garai hartan Sherlock Holmes lehen nobelatan kokainazale gisa agertu zen, adibidez).
1885. urtean Parisera joan zen, han Jean Martin Charcot medikuarekin lan egitearren. Charcot histerismoaz kezkaturik zebilen eta buruko nahasketak aztertzen dituen psikiatriari hasiera eman zion, Medikuntza barruko arlo berri moduan.
Freud, zelula eta nerbioen fisiologiatik abiatuta buruko nahasmenduen alderdi psikologikoak aztertzera lerratu zen eta 1886. urteaz gero neurologo gisa lan egin zuen.
Mesmer eta Braid-ek erakutsitako bideari jarraituz, bere lankide bat hipnotismoaz baliatzen zen gaixo histeriko bat aztertzeko. Hipnosi-egoeran, gaixoak egoera normalean gogoratzen ez zituen bere aspaldiko oroitzapen mingarriez hitz egiten zion. Freudek 1889. urtean hipnosiaren sistema hau aplikatu egin zuen bere tratamenduetan. Orduan hasi zen egoera kontziente eta inkontzienteei buruz zituen ideiak aditzera ematen.
Oroitzapen mingarri edo desira lotsagarriak erreprimitu edo inkontzientean gorde zitezkeela pentsatzen zuen. Gero, desira eta oroitzapen gorde horiek pertsonaren jokabidean eragina bide zuten eta kontzientea bakarrik kontutan hartuz, jokabide horietarako ageriko arrazoirik ez legoke.
1890. urtean Freudek inkontzientera heltzeko hipnotismoa alde batera utzi zuen. Pazienteari askatasun osoz edozein gairi buruz mintzatzen uzten zion, elkarrizketa apurtxo bat bakarrik gidatuz. Horrela, pazienteak normalean ezkutuan zeuzkan gaiak azaleratu egiten zituen eta hipnosian ez bezala, pazienteak berak bazekien zer esan zuen beti kontziente egon zelako. Inkontzienteko gaiak argitaratu ondoren, teorikoki pazientearen egoera eta jokabideek beren arrazoia izango zuten. Gogamenaren azterketa pausatu honi psikoanalisi deitu zitzaion.
Freudentzat, ametsak oso esanguratsuak ziren, inkontzienteko ideiak azaleratzen zituztela (batzuetan sinbolikoki bazen ere) iruditzen zitzaiolako. 1900. urtean Ametsen interpretazioa izeneko liburua argitaratu zuen, bere ideien berri emanez.
Eztabaidarik gehien sortu zituen arazoa sexuari eman zion interpretazioa izan zen. 1905ean haurren sexualitateaz bere teoriak argitaratu zituen. Haurtzaroko sexualitateak gero izan zezakeen eragina sexualitatean, helduarengan ohikanpoko erantzunak sorraraziz. Iseka eta irain ugari jaso behar izan zuen orduan teoria haiengatik, baina poliki-poliki bere ideiek indar hartu zuten.
1902an, gazte-talde bat bildu zitzaion berarekin lan egitera eta haietako batzuek (Adler eta Jung-ek adibidez) eskola berriak sortu zituzten.
Bere bizitzako azken hamarkadan nazien erasoari aurre egin behar izan zion judua izateagatik. Austrian babestu samarturik zegoen, baina Hitlerren tropek Austria hartu zutenean, Londresera heltzea lortu zuen.
Londresen urtebetez bizi izan zen, minbiziak 1939ko irailaren 23an mundu honetatik eraman zuen arte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia