}

Fred, astronauta berezia

2001/06/03 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Nazioarteko Espazio Estazioko astronautek lagun berri bat dute. Ez du ez hanka ez besorik, gizon ikusezina dirudi eta mutua da. Fred du izena eta bere lana ez da astronautei konpainia egitea.
James H. Newman Nazioarteko Espazio Estazioaren kanpoaldean lanean. Unity moduluko heldulekuetan ditu eskuak eta hankak airean. Behean, Lurra.

Fred gizaki baten maketa da, baina soinarena eta buruarena besterik ez. 90 zentimetro neurtzen ditu eta 45 kg-ko pisua du. Azal artifiziala, benetako hezurrak eta organo artifizialak ditu eta lau hilabetez ibiliko da Nazioarteko Espazio Estazioarekin batera biraka. Fred espazioko erradiazio bortitzak astronauten gorputzean nola eragiten duen aztertzeko tresna izango da. Ozono-geruza ahulduta dagoela dakigun arren, ederki bizi gara Lurrean atmosferaren babespean. Eguzkiak geroz eta gogorrago jotzen du eta azaleko minbiziari aurre egiteko babes-kremak ipintzea funtsezkoa da, baina hori ez da ezer espazioan barna dabilen erradiazioarekin alderatuta. Eta harako ez dago kremarik.

Atmosferaren mugetatik at, grabitate ezari eta espazioko erradiazioari egin behar izaten diote aurre astronautek. Erradiazio hori abiadura handiko partikulek osatzen dute eta, giza gorputza zeharkatzean, min handia egin dezakete. Kaltegarrienak izpi kosmiko galaktikoak dira. Izpi horiek izarren supernoba-leherketek azeleratutako nukleoz osatuta daude eta hidrogenoa bezain arinak edo burdina bezain astunak izan daitezke. Zenbat eta astunagoak izan hainbat eta kaltegarriagoak dira.

James S. Voss astronauta Nazioarteko Espazio Estazioan.

Izen arruntagoa duten protoiak ere ez dira makalak. Izpi kosmiko galaktikoak baino energia gutxiago dute eta ez dira hain kaltegarriak, baina ezta onberak ere. Gehienak Eguzkiak berak igortzen ditu eta eguzki-erupzio bat gertatzen denean oso kontzentrazio handitan iristen zaizkie astronautei. Orduan, oso arriskutsuak izan daitezke.

Hori guztia gutxi ez balitz, Lurraren inguruan orbitan dabiltzan astronautek hirugarren erradiazio-iturri bat ere hartu behar dute kontuan, Brasilgo kostaren goialdean dagoen Hego Atlantikoko Anomalia. Eskualde horretan Lurrak harrapatutako izpi kosmiko galaktikoak pilatzen dira, eta azkar igaro beharreko eskualdea da. Hala ere, Atlantiko Hegoaldeko Anomalia 20 minutu baino gutxiagoan zeharkatuz gero, gorputza erradiazioak sortutako kalteak konpontzeko gai dela kalkulatu da. Arazoa beste hau da, Nazioarteko Espazio Estazioak egunean bost aldiz zeharkatzen duela eskualde hori eta 22 bat minutu behar izaten dituela horretarako.

Astronauta izatearen arriskuak

Fred maketaren gorputz-atalak.

Nazioarteko Espazio Estazioa bezalako eraikuntza batek izpi kosmiko galaktikoen eta protoien bonbardaketa etengabea jasaten du eta, egunean bost aldiz, Brasilgo Anomalia ere bai. Erradiazioen erruz, satelite, zunda eta ontziek energia-galerak, sistema elektronikoen hutsegiteak eta matxurak izan ditzakete eta xahututako dirutza guztia ezerezean utzi. Horregatik, espazioratzen den edozer erradiazioaren kontra babestuta dago, teorian baita astronautak ere. Izan ere, erradiazio-dosi handiek zelulak hil eta ehunak kalte ditzakete eta txarrenean minbizia, begi-lausoa eta nerbio-sistemako asaldurak sor ditzakete.

Nazioarteko Espazio Estazioko biztanleek oso erradiazio-dosi txikiak jasotzen omen dituzte eta, estatubatuarrek behin eta berriz errepikatu dutenez, euren astronautetako batek berak ere ez du inoiz espazioko erradiazioekin erlazionatutako gaixotasunik izan. Zientzialariak 1940 urtetik ari dira erradiazio kosmikoak ikertzen eta, gizakia espaziora bidaiatzeko gai denetik, makina bat esperimentu egin dira bizidunengan zer eragin duten ikusteko. Errusiarren Mir estazioak, esaterako, asko irakatsi dio Nazioarteko Espazio Estazioari.

Nazioarteko Espazio Estazioa, 2000ko abuztuaren 8ko irudi batean. Atzean Eguzkia.

Alabaina, orain arteko neurketa guztiak hilabete batzuetako egonaldietan oinarrituta egin dira eta larruazala bakarrik ikertu ahal izan da. Ez da gorputz-barneko organoek erradiazioari nola erantzuten dioten aztertu, nahiz eta hori izan garrantzitsuena. Erradiazioa zein dositan den arriskutsua finkatzeko behar-beharrezkoa da garunean, bihotzean, biriketan, gibelean... nola eragiten duen jakitea, organo horietan sortzen baititu minbiziak.

Nazioarteko Espazio Estazioan lehen aldiz aztertuko da espazioko erradiazioaren eta gorputz barneko organoen arteko erlazioa, besteak beste Fred-i eskerrak. Erradiazioa gorputz barnean nola hedatzen den neurtuko da eta, proiektuaren arduradunek adierazi dutenez, emaitzek astronauta bakoitzari egokituko zaion eredua osatzeko balioko dute. Izan ere, astronauta bakoitzaren altuerak, pisuak eta historia pertsonalak asko baldintzatzen dute barneko organoek jasoko duten erradiazio-dosia. Adibidez, astronauta estazioaren barnean modu batean edo bestean higitu, jasotako dosia ezberdina izan daiteke.

Fred lau hilabetez egongo da estazioaren kanpoaldean flotatzen, astronautak estaziotik kanpora egiten dituzten ibilaldietan egoten diren gisan, estaziotik kanpora lanean ari direnean jasotzen baitute astronautek erradiazio gehien. Lau hilabete barru Lurrera ekarri eta sentsoreetan bildutako datuen analisia egingo da. NASAren proiektu honez gain, Alemaniak eta Japoniak beste ikerketa bana egingo dute, estazio barneko erradiazio-maila neurtzeko.

T.E. Jerningan astronautak ia zazpi orduko ibilaldia egin zuen espazioan 1999an.

Epe ertainera begira, Marterako balizko bidaia baten plangintza egiteko oso ikerketa baliagarriak izango dira hauek. Izan ere, gaur egun dagoen teknologiarekin behintzat, Martera joan-etorria egin eta bertan zer edo zer ikertzekotan hiru bat urteko txango espaziala egin beharko dute astronautek, eta horrek erradiazio asko suposatzen du. NASA setati dabil Marterako bidaia iragartzen eta, ikusten denez, prestatzen ere bai. Beste askotan bezala, espazioari begira eginiko ikerketek Lurrean ere lagunduko dutela espero dezagun.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia