Fotosintesi sintetikoa
1990/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ikerlari amerikarrez osatutako talde batek eguzki-energia biltzeko bide berri bat urratu du. Molekula artifizial bat sintetizatu dute, zeinak fotosintesia (landareek eguzkitik energia lortzeko erabiltzen duten prozesua alegia) mimifikatu egiten bait du. Argiaren fotoiek molekula elektrikoki kargarazi egiten dute. Karga hau nahikoa iraunkorra da gainera eta berori zirkuitu elektriko batean gorde daiteke.
Pentado izeneko molekula hau Arizonako unibertsitateko laborategi batean sintetizatu da. Fotoi batek molekula jotzen duenean, hau kitzikatu egiten da eta elektroi bat goi-mailako energi egoerara igarotzen da. Elektroia molekularen erdian dauden porfirinazko eraztunetakoa da.
Kitzikatutako elektroia behe-mailako energi egoerara itzultzen denean aldameneko atomo batera joaten da. Beherago joan nahi badu, beste atomo batera jauzi egingo du eta horrela, jauzika-mauzika, elektroiak hasierako puntutik urrun bukatzen du. Jauziek molekularen mutur batera eramaten dute elektroia eta molekula polarizatu egiten da. Mutur bat positiboki kargatzen da eta negatiboki bestea.
Karga-bananketaren bidez fotoiaren energiaren erdia, pixka bat goitik behetik, energia potentzial kimiko moduan gordetzen da. Landareek eta zenbait bakteriok karga-bananketa erabiltzen dute fotosintesiaren kimikari hasiera emateko.
Lehenago ere antzeko molekulak sintetizatu izan dira, baina kasu horietan, karga bananketak 300 nanosegundo inguru bakarrik irauten zuen eta ondoren energia argi edo bero moduan galtzen zen. Devens Gust eta bere lankideek sortutako molekulak 55 mikrosegundoz izaten ditu kargak banandurik. Denbora hori nahikoa luzea da molekularen energia eroaleak biltzeko edo beste produktu kimiko batzuen bidez gordetzeko.
Pentadoa mintz batean zehar kokatzen (bi muturrak mintzaren bi aldeak ukitzen ari direlarik) baldin bada, kargak erreakzio kimikoak eragin ditzake. Erreakzio kimiko horiek energia gorde dezakete, pila edo baterietan gertatzen den legez. Molekula bi eroaleren artean kokatzen bada, korronte elektrikoa sortuko da kanpo-zirkuitu batean.
Molekula hauek oso erabilgarriak izan daitezke. Gust-ek esaten duen legez, “Argizta itzazu eta karga lortzen duzu; muturrak hari batez lotu eta korrontea daukazu”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia