
Ehun mila urteko hegazti-luma batzuetan eremu koloredunak eta koloregabeak bereizi ahal izan dituzte Yale Unibertsitatean, Conneticuten. Mikroskopio elektronikoz begiratzean lumetan ikusi ohi diren egitura berezi batzuei erreparatu zieten, eta ikusi dute esku artean dituzten luma fosilek marra ilunak eta argiak dituztela.
Aztertu dituzten egiturak pilatuta agertzen diren saltxitxa-itxurako egiturak dira. Orain arte uste zuten lumez elikatu ziren bakterioen arrastoak zirela, baina Yale Unibertsitateko taldea ohartu da egiturok ez direla luma guztian homogeneoki agertzen, geruzatan edo marratan baizik. Hortaz, pentsatu dute bakterioak ez, baizik lumari kolorea eman zioten melanosomen arrastoak direla, zeluletan melanina gordetzen duten organuluak.
Oraingo hegaztien lumak ere aztertu dituzte, ondorioztatu duten hori egiaztatzeko; eta ikusi dute baietz, oraingo lumetan ere itxura bereko egiturak ageri direla koloredun eremuetan.
Irudia: Morguefile
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.



