}

Feromonek bultzatutako mekanismoak argitzeko bidean

2002/11/20 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Feromonak animalietan eragin handia duten molekula kimikoak dira. Bikotekidea aurkitzen laguntzen dute eta ugalketa-prozesua hasteko seinalea dira. Hala ere, zientzialariek oraindik ez dakite feromonek burmuinean zein mekanismo jartzen duten martxan.

Suitzako, Lausanako eta Genevako unibertsitateen artean eginiko lankidetzari esker, arratoietan feromonen hartzaileak kodetzen dituen gene-familia bat eta hartzaile horietatik bat identifikatu ahal izan dituzte.

Emaitza hori lortu arteko bidea luzea izan da. Urte honen hasiera aldera, feromona-hartzaileak kodetzen zituzten 150 geneen familia aurkitu eta deskodetu zuten. Gene horiek guztiak organo bomeronasala osatzen duten neuronetan bakarrik adierazten dira. Organo bomeronasala arratoiek duten organo berezi bat da, eta horko neurona-sare bat feromonak sumatu eta seinalea burmuinera bidaltzeaz arduratzen da. Neurona horien eskuetan dago arratoiaren sexu-gogoaren, agresibitatearen eta estresaren kontrola.

Gerora egindako beste ikerketa batzuek frogatu zuten geneek, feromona-hartzaileak kodetzeaz gain, beste funtzio batzuk ere betetzen zituztela. Horrek zalantza piztu zuen ikerlarien artean eta saiakuntza gehiago behar zirela agerian utzi zuen.

Aipatutako unibertsitate suitzarretan beste metodo bat erabili zuten geneen funtzioa argitzeko. Gene-familia horretako V1rb2 genea aukeratu eta genea eraldatua zuten arratoi-neuronak hazi zituzten: genea aktibatzen zen bakoitzean, neuronak fluoreszentzia emititzen zuen. Beraz, geneak zenbat eta aktibitate gehiago izan, orduan eta argi gehiago igortzen zuen zelulak.

20 feromona ezberdinen presentzian neuronen erreakzioa behatu zuten. V1rb2 geneak aktibitate gehien arratoien gernuan agertzen den feromona batekin zuela ikusi zuten. V1rb2 generik ez zuten neuronek, aldiz, ez zuten inolako argirik igortzen. Beraz, gene horiek kodetzen dituzten proteinak feromonen hartzaileak direla frogatu zuten.

Orain argitu beharrekoa feromona-hartzaileek garunera bidaltzen dituzten seinaleak garuneko zein prozesu aktibatzen dituzten jakitea da; baita horietatik arratoiaren portaera moldatzen dutenak zeintzuk diren jakitea ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia