}

Fermi, Enrico

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1901-1954)

Fisikari italiar hau Erroman jaio zen 1901.eko irailaren 29an. Pisako Unibertsitatean bukatu zuen doktoregoa 1922an, Benito Mussolini boterera heldu baino hilabete batzuk lehenago.

Harez gero bere ikerketok Alemanian egin zituen Max Born-en zuzendaritzapean, baina 1924an Erromara itzuli eta 1926an Erromako Unibertsitatean fisika-irakasle izendatu zuten.

Chadwick-ek 1932an neutroia aurkitu zuenez geroztik, Fermi erabat arduratu zen partikula azpiatomiko horretaz. Partikula neutroetan oso aditua zen eta ez da ahaztu behar Pauli-k postulatutakoari "neutrino' izena berak eman ziola.

Neutroia oso garrantzitsua zen, berari esker erreakzio nuklear mota asko egin zitekeelako. Elektrikoki kargarik ez zuelako, positiboki kargatutako nukleo atomikoak ez zuen aldarazten. Beraz partikula-azeleratzailerik ez zen behar neutroiari energia ematearren. Neutroiek izan ere, zenbat eta energia gutxiago eduki, hainbat eta efektu handiagoak eragiten zituzten.

Fermi konturatu zenez, erreakzio nuklearren hasieran neutroien efektua handiagoa zen ur- edo parafina-geruza zeharkarazten zitzaienean. Neutroi bat atomo bateko nukleoak zurgatzen duenean, nukleo berriak noizbehinka beta partikula bat igortzen du eta pisu atomiko handiagoko hurrengo elementu bihurtzen da. Fermiri uranioa neutroiz bonbardatzea bururatu zitzaion, sistema periodikoko hurrengo elementua lortzearren. Haren ustez X uranio izeneko elementu berria lortu zuen 1934an sistema hura aplikatuz.

Fermik neurri batean bakarrik zeukan arrazoi, bost urte geroago McMillanek frogatu zuenez. Hahn-ek arazoa ikertu zuenean, Fermik uste baino fenomeno garrantzitsuagoa zela konturatu zen. Halo ere, neutroi-bonbardaketaz eta batez ere neutroi termikoez egindako lanengatik, 1938an Fisikako Nobel Saria eman zioten, Meitner-ek hilabete batzuk geroago fisio nuklearraren sekretua argitu baino lehen.

Dena den, Fermi familiak Italian arazo handiak zituen. Fermi antifaszista zen eta Nobel Saria jasotzeko ez zuen uniforme faszistarik jantzi. Gainera, emazte judua zeukan. Nobel Saria jaso eta Stockholm-etik Fermi bere familiarekin lparramerikara joan zen betirako. 1945ean eman zioten iparramerikar hiritartasuna. Han fisio nuklearra ikertzen segitu zuen, katen erreakzioak ikertzen batez ere.

Bonba atomikoa produzitzeko Manhattan proiektua sortu zenean, Fermi zuzendari izendatu zuten. Arrakasta izan zuen bere pila atomikoak eta 1942ko abenduaren tan Chicagoko Unibertsitateak katen erreakzioa mantendu zuenean, Aro Atomikoari hasiera eman zitzaion.

Handik bi urte t'erdira, fisio-erreakzioez baliatzen ziren bonba atomikoak bota zituzten Bigarren Mundu Gerran, Japoniako Hiroshima eta Nagasaki hiriak deuseztuz.

1945ean, Fermi Ikerketa Nuklearreko Institutuan hasi zen lanean eta lehen bonba atomikoa egiten parte hartu bazuen ere, fusiozko H bonba atomikoa egitearen kontrakoa zen, Oppenheimer-en antzera.

1954an minbiziak jota hil zen eta 100 zenbaki atomikoa duen elementu kimikoari "fermio" izena eman zioten, fisikari italiarraren omenetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia