Febo, kanpotarra Saturnoren lurraldean

Saturnoren satelite txikietan handiena, Febo, kanpotik etorritakoa omen da; hau da, ez zen gure eguzki-sistemaren erdigunean sortu, lur-planetak eta satelite gehienak bezala. Aitzitik, Kuiperren gerrikoko objektuen antzeko jatorria izan dezake.

Izan ere, Cassini-Huygens zundak joan den urtean jasotako datuen arabera, Febok inguruko sateliteek baino arroka gehiago eta izotz gutxiago du; eta Kuiperren gerrikoko objektuetan ohikoak diren mineralak eta molekula organikoak ere aurkitu dira.

Dena dela, ez da Saturnoren sateliteekin lotutako berri bakarra. Izan ere, astronomoek hamabi satelite gehiago aurkitu dituzte, eta, horrenbestez, 46 dira oraingoz Saturnoren inguruan ezagutzen diren sateliteak.

Gure eguzki-sistemako sateliteen rankinga ez du aldatu horrek; izan ere, Jupiterrek jarraitzen du lehenengo lekuan 63 sateliterekin, Saturno da bigarren 46rekin eta, atzerago, Urano eta Neptuno daude, 27rekin eta 13rekin, hurrenez hurren.

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Kimika Zientziak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan ari da 2003ko otsailetik Elhuyar Fundazioan.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia