}

Fatronik-ek diseinatu eta instalaturiko mikroaerosorgailu-prototipoa martxan da jada

2003/11/27 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Fatronik zentro teknologikoak mikroaerosorgailu bat diseinatu eta instalatu du Aubixa euskal girotze barnetegian (San Pedro auzoa, Elgoibar). 2003ko urriaren amaieraz geroztik, 2,5 kW-eko mikroaerosorgailua energia ekoizten ari da.

Halaber, mikroaerosorgailuaren ekoizpenari, 120 W-eko lau plaka fotovoltaikoren laguntza gehitu zaio. Lehenengo urratsetan, barnetegiaren lau hozkailuak elikatzeko, kontrol-etxolako argiztatzeko, PCetarako eta datuak erdiesteko sentsoreak elikatzeko energia emango du sistemak. Hain zuzen ere, inguruko baliabide naturalen (haizea eta eguzkia) ustiaketa egokia eta berriztagarria gauzatuko duen sistema hibridoa osatu dute.

Aerosorgailuaren errotorea Australiako Bolwell Corporation enpresak diseinaturiko hiru hegalez osaturik dago: hegalek 2,1 m-ko luzera dute eta, Reynolds zenbaki baxuko balioetan lan egiteko aukeraturiko profil aerodinamikoaz gain, errotik muturrera tortsio-angelu aldakorra dute. Horrela, haizearen hegalarekiko eraso-angelua konstante mantentzen da bere luzera osoan. Errotorea polo anitzeko iman iraunkorreko (PMG) sorgailu elektriko bati zuzenean akoplaturik dago, tarteko abiadura-biderkatzailerik gabe. Ekoizten den korrontea alternoa da eta tentsio eta maiztasun aldakorrekoa. Korronte hori hainbat baterietara zuzentzen da, eta aurretik erreguladore elektriko batetik pasarazten da. Erreguladore elektriko horrek korronte alternoa zuzen bilakatzen du, eta gehiegizko potentzia xahutu. Ondoren, korrontea 220V-eko tentsio alternora eraldatzen da berriro, ekoiztutako potentzia ohiko kontsumorako egokitzeko.

Aerosorgailuak 3,5 m/s inguruko haize-abiadurarekin ekiten dio biraketari, eta 9,5 m/s inguruko abiadurarekin atzematen du 2,5 kW-eko potentzia izendatua. Era berean, haizeak abiadura jakin bat gainditzen duenean (16m/s inguru), side furling edo aerosorgailuaren potentziaren kontrol-sistema pasiboa martxan jartzen da automatikoki. Kontrol hori orientazio pasiboko gailuaren eta aerosorgailuaren gorputzaren arteko mihiztadura artikulatuaren bidez lortzen da. Errotorearen biraketaren galgaketa honen bitartez, azpiegitura elektrikoa gainkargetatik babestu eta osagai mekanikoek gehiegizko indar zentrifugoak jasatea eragozten da.

Mikropotentziaren mailako sistema hibrido hau aplikazio isolatu gisa lan egiteko diseinaturik dago, sare elektrikotik at, alegia. Aplikazio-mota hauek erabilera handikoak izan daitezke herrigune eta hirigunetatik urrun, landa-eremutan edota garatze-bidean dauden lurraldeetan. Izan ere, sistema horiek sare elektrikoaren ordezko izan daiteke hura helaraztea garestia denetan; horrela, lurraldearen garapen jasangarria bermatzen dute, baliabide naturalekiko kontzientzia eta begirunea zabalduz, gainera.

Bestalde, potentzia handiko aerosorgailuekin alderatuz, ezberdintasun nagusiena mikrosorgailuen izaera eta diseinu xumean datza: instalatzeko eta mantentzeko errazak dira, inpaktu estetiko txikia dute, eta ingurunean erabat integragarriak dira. Teknologia honek AEBetan ditu ekoizle garrantzitsuenak eta erabiltzaile gehien, pixkanaka Espainian eta Europan zabaltzen ari bada ere.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia