Faraday, Michael
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1791-1867)
Fisikari eta kimikari ingeles hau Surreyko Newington herrian jaio zen 1791n. Bere familia pobrea izanik eta hamar anai-arreba zirenez gero, koadernatzaile batekin lanean hasi behar izan zuen gazterik.
Bere lanbidean liburuen azalaz ezezik, barruko mamiaz ere jabetzen zen. Bere nagusiak gainera, hitzaldi zientifikoetara joateko erraztasunak ematen zizkion gazteari.
1812an Faradayk Humphry Davy-ren hitzaldi batzuetara joateko aukera izan zuen eta ondoren han entzundakoak koloretako diagrama eta oharrez betetako txosten batera bildu zituen. "Royal Society"-ko Banks lehendakari jaunari eta Davy berari bidali zien txostena, aldi berean laguntzaile gisa lana eskatuz.
Humphry Davy-k 1813an dei egin zion eta harez gero Faraday bere laguntzaile izan zen lehen baino diru gutxiago irabaziz. Davy-k berehala Europan zehar bidai luzea egin zuen bere emaztea eta laguntzailea alboan zituela. Bidaia hark besteak beste Faradayri Napoleon urrutira ikuste-ko eta Davy-ren emaztearen mesprezua jasateko aukera eman zion.
Faraday Davy-ren laborategian burubelarri saiatu zen eta bere maisua meagizonentzako segurtasun-lanpara diseinatzen ari zela akats batzuk zuzendu zizkion. 1825ean laborategiko zuzendari izendatu zuten eta Royal Institution delakoan kimika-irakasle 1833an, baina ordurako aurkikuntza garrantzitsuak eginak zituen. 1823an gasak presioz likidotzeko sistema asmatu zuen eta bera izan zen Fahrenheit eskalako tenperatura negatiboak (zero azpikoak) lortu zituen lehenengoa.
1825ean Faradayk bentzenoa aurkitu zuen eta geroxeago Davy-ren ikerlan elektrokimikoak osatuz, baita elektrolisia ere. Elektrolisiaren bidez material urtuetan zehar (elektrolitoetan zehar) korronte elektrikoa pasarazita metalak bereizten dira. Elektrolisiaren legeak 1832an argitaratu zituen.
Oersted-en saiakuntzaz ere arduratu zen. Korronte elektrikoak iparrorratza desbideratu egiten zuen, baina Faradayk asmatutako zirkuitu berri baten bateriako korronte elektrikoari eta iman finko bati esker, alanbre bat birarazi egiten zen.
Indar magnetikoez baliaturik korronte elektrikoa sortzeko saioak egin zituen. Burdinezko nukleo baten inguruan bi bobina ipinita, bati bateriako korrontea konektatu zion. Horrela zirkuitu hark nukleoan eremu magnetikoa sortzen zuen eta zirkuitua ireki eta ixterakoan, bigarren bobinan korronte elektrikoa induzitzen zen. Lehen transformadorea egin zegoen beraz.
Faradayk eremu magnetikoak indar-lerroen adierazteko sistema asmatu zuen eta hitzaldi askotan eman zituen bere teoriaren xehetasunak. Ez zen ordea saiakuntza berriak egin gabe gelditu. Kobrezko gurpil bat iman iraunkor baten poloen artean birarazi zuen eta gurpilean korronte elektrikoa induzitzen zen biraketak irauten zuen bitartean. 1831. urtea zen eta lehen sorgailu elektrikoa asmatuta zegoen. Handik aurrera korronte elektrikoa erraz eta merke sor zitekeen.
Faraday oso erlijiosoa zen, "Sandemanians" izeneko sektako partaidea, hain zuzen. Beren arauetan mundu honetako harrokeriei ihes egiten zitzaien eta horregatik Faradayk ez zituen estimatu egin zizkioten ohoreak eta eman zizkioten dominak. "Royal Society"-ko partaide izatea bakarrik hartu zuen kontutan.
1867ko abuztuaren 25ean Hampton Court-en hil zen (Londres inguruan) eta berak nahi bezala, lauza sinple baten azpian ehortzi zuten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia