}

F-117: hegazkin ikustezina

1991/05/01 Uzkudun, Maddi Iturria: Elhuyar aldizkaria

1989.eko udaberrian zehar zenbait OHE (OVNI gaztelaniaz) agertu zen Kaliforniako zeruan. Inork ez zuen pentsatu OHE haiek hegazkinak izan zitezkeenik. Hegazkin ikustezin horren historia eta ezaugarriak ezagutuko ditugu orain.
Enara-isatsa eta geometria bitxia, zimurrez betea. Hona F-117 Stealth-aren, hegazkin ikustezinaren , begibistako bi ezaugarri.

1989.eko udaberrian zehar itxura bitxiko hainbat objektu Kaliforniako zerua zeharkatzen ikusi zuten dozenaka lagunek. Lekuko guztiek deskribaketa berdina egiten zuten: triangelu-tankera hartzen zieten, gezi-erako burua, eguzkirantz zuzendutako hiru argi hori bizi eta, aurreko muturraren muturrean, argi gorri keinukari bat.

OHEak ( Objektu Hegalari Ez-ezaguna, UFO edo OVNI siglekin ezaguna erdaraz) gero eta ugariago agertzen ziren arren, Pentagonoa mutu zen; azalpenik ez.

1990.eko apirilera arte ez zen OHEen korapiloa askatu, US Air Force-k bere Stealth Fighter, Lockheed F-117A ehizegazkin ikustezinaren aurkezpena egin zuen arte alegia. Lehenago, 1988ko azaroan, US Air Force-k hegazkin horren berri emana zuen lehenengo aldiz, ordurarte sekretupean bait zegoen, baina hala ere inork ez zuen ikusi eta inork ez zuen pentsatu Kaliforniako OHE haiek F-117 hegazkinak izan zitezkeenik.

Hegazkin horren historia eta garapena, hegazkina bera bezain ikustezin eta isilpekoa, 1973. urtean hasi zen. Garai hartan EEBBetako Defentsa-Departamentuak material ez-metalikoez eraikitako hegazkinek ematen zuten radar-seinalea neurtzeko lau plazako ikerregazkin txiki bat erabiltzen zuen: Windecker Eagle I izenekoa zen, konposite dielektrikoez (korronte elektrikoa eroaten ez dutenez) bakarrik egina; beira-zuntzaz hain zuzen. Entseiuen emaitzak baikorrak izan ziren eta horrexek bultzatu zituen ikerketetan aurrera egitera.

1973.eko amaieran black program bat abiarazi zuten, hau da, ezkutuko fondoak erabili eta oso jende gutxik ezagutzen duena. Etsaien radarrentzat detektaezin izango zen eta ikuskatze- eta eraso-misioetarako bereziki prestatutako hegazkin bat egitea zen programaren helburua. Zenbait hegazkingile handik bere proiektua aurkeztu zuen. Azkenik, 1976.ean, Lockheed etxeak bereganatu zuen kontratua: 30 milioi dolar bi prototipo eraikitzeko. EST izenaz bataiatu zituzten ( Experimental Stealth Tactical ). Abiazioaren historian estraineko aldiz agertu zen Stealth (isilpeko) hitza.

F-117 bat lurrartzen Nelliseko basean, EEBBetako Nevadan. F-117a 278 km/h-ko gutxienezko abiaduraz hurbiltzen da lurrartze-pistara. Lurrean, berriz 194 km/h-ko gehienezko abiadura lortzen du aireratu aurretik.

1977.eko azaroan egin zuen lehenengo hegaldia prototipoak. Sekretupean mantendu ahal izateko, Nevada estatuko Nellis base militarrera desmuntatuta eraman zuten kamioitan. Nelliseko basea ikaragarria da; Euskadi osoa baino handiagoa. Bertan hainbat saio egin ondoren, EST prototipoak etsaien radarrei ihes egiteko balio zuela frogatu zuen. 1978.ean, beti ere sekretupean, ESTan oinarritutako hegazkin bat seriean fabrikatzeko kontratua sinatu zuten Lockheed etxeak eta EEBBetako Defentsa-Departamentuak. Bi ziren kontratuan bertan hegazkinari esleitutako eginkizunak: hegazkinaurkako defentsaz ongi hornitutako guneen ikuskatze taktikoa eta ongi babestutako lehentasunezko helburuei erasotzea, hala nola misil-bateriei, radar-antenei, komunikazio-baseei, zubiei etab.i Horrela jaio zen F-117 hegazkina.

1981.ean egin zuen estraineko hegaldia lehenengo F-117ak eta 1983ko urriaz geroztik eskoadrila berezi batek, 4450th Tactical Group izenekoak, erabili ditu. Erabili bai, baina ez edonola. Egunez ez zituzten ateratzen, inork ez ikustearren. Horregatik, egunez Corsair II hegazkinak bakarrik erabiltzen zituzten. Berauei zenbait aldaketa eta egokitzapen egin zieten F-117aren ezaugarriak itxuratzearren. Hauek berriz, gauez baino ez ziren aireratzen eta Nelliseko poligonoaren gainean aritzen ziren, beronen mugak zeharkatu gabe.

Ez da harrigarria, beraz, hegazkin hori zegoenik inork (eritzi publiko- eta komunikabide-mailan) ez jakitea. Hala ere, 1986.eko uztailaren 11n gertatu istripu batek erne jarri zituen kazetari begiluzeak eta aeronautika-adituak. Egun horretan, goizeko ordubatak eta laurdenetan aireratu zen bere basetik F-117 bat ohizko gau-entrenamenduko hegalaldi baterako. 6.000 metroko altueran Kaliforniako zeruan zebilela, bapatean beherantz amildu zen ziztu bizian eta muino baten kontra lehertu zen. Pilotuak ezin izan bide zuen jaurtiki bere burua eta hegazkinarekin batera erori zen.

Berehala, istripuaren inguru osoa itxi egin zuten. Zientzi fikziozko filmetan bezala, US Air Force-ko ikuskatzaileek bertako agintariei eta lekukoei debekatu egin zieten gertatu eta ikusitakoari buruz ezer esatea. Istripuaren ondoko orduetan, zenbait kilometro karratutako azalera itxi, zirkulazioa eten eta istripu-lekuaren gaineko hegalaldiak ere debekatu egin ziren. Bertaratutako kazetariek ezin izan zuten beren jakinmina ase: ongi armatutako soldatu-katea batek alferrikako bihurtzen zituen inguratzeko ahaleginak. Militarren demaseko ardura hark zer pentsatua eman zien adituei. Dudarik gabe, hegazkin ultrasekretua zen. Zein ordea?

Ez zen hori istripu bakarra izan. Hori baino lehen, 1982.eko ekainean, F-117 bat Nelliseko poligonoan bertan lehertu zen, baina militarrez gain inork ez zuen horren berri izan. Geroago, 1987.eko urrian, beste F-117 bat lehertu zen lurraren kontra Nellis inguruan, pilotua ere hilik gertatu zelarik.

Nolakoa da hegazkin ikustezina ?

Hegazkin detektaezin edo antiradarraren historia 40.eko hamarkadaren amaieran hasi zen. Zenbait prototipo garatu da harez geroztik. Horietako batzuk ezagunak dira, hala nola F-104 Starfighter izenekoa, edo gerra hotzaren garaiko U-2 famatuak. Azken belaunaldikoak dira F-117 Stealth eta argazkian dagoen Northrop B2 bonbaketaria. Baina historia zoro hau ez da hemen amaitu. F-117arekin hartutako eskarmentuaz etorkizuneko YF-22 eta YF-23 hegazkinak diseinatzen ari dira gaur egun estatubatuarrak.

Birreaktore eta plazabakarra da. Forma angeluarrak ditu eta alde horretatik guztiz iraultzailea da. Beraren aitzindari izan diren U-2 eta SR-71 hegazkin espiatzaileen profila askoz klasikoagoa zen. Azalera laun asko angeluak eratuz elkarri josita daudenez, bat ere gozatu edo biribildu gabe alegia, erresistentzia aerodinamiko handi samarra du.

Oinarria aluminiozkoa da, baina material konpositeak ugari ditu; batez ere Fibaloy izeneko estratifikatua. Konposite hau oso RAM ( Radar Absorbent Material, Material Radar-Zurgatzailea) ona da eta bera erabili da aparatuaren egiturako txasis gehienetan, indargarrietan, zeharragetan eta hegoen eta fuselajearen estaldura-paneletan ere bai. Gainera, Fibaloy materialaren indargarri beste konposite bat erabiltzen da, Filcoat izenekoa, erretxinaz estalitako karbono-zuntzezko bandatan. Nolabait esateko, Fibaloy delakoa hormigoia balitz, Filcoat delakoak hormigoi armatuan dauden burdin barren funtzioa beteko luke.

Bestalde, hegazkinaren igorpen infragorria mugatzearren, berotzen diren atal guztiak, hala nola erreaktoreen ondoko panelak edo hegoen eraso-ertzak eta bi deribak, karbono-zuntz berezi batez estalita daude. Deribak, adibidez, aluminiozkoak dira, baina RAMezko geruza lodi bat dute gainean.

F-117aren diseinuak berak hegazkinaren radar-azalera baliokidea murrizten biziki laguntzen du. Egituraren goiko alde osoa aldeska-multzo batez osatuta dago, aldeskok 30 gradu baino gehiagoko angeluak eratuz elkarri lotuta daudelarik. Aldeskok ispilu batek bezala jokatzen dute: beraien kontra jotzen duten radar-uhinak norabide guztietara barreiatzen dira igorpen-iturrira itzuli gabe. Aldeska horietako batek radar-uhina norabide egokira itzuliko balu ere, oihartzun hori apenas jasoko lukeen radarrak, zeren, diseinatzaileek diotenez, igorpen-energiaren % 98 hegazkinaren Fibaloyzko estaldurak zurgatu egingo bait luke. Gainera, metalezko zatikiez osatutako pintura batez estaltzen dira hegazkinaren barne- eta kanpo-elementu metalikoak eta, aurrekoaz gainera, zirrikitu guztiak (hala nola kristala eta fuselajearen artekoak, ateak, etab.) zerra-hortzen erako estaldura batez ezkutatuta daude radar-uhinak norabide guztietara barreiatzeko.

Erreaktoreak

Erreaktoreak polimerozko zorro batean ahokatuta daude. Zorroa piramide huts txikiez beteta dago, radar-uhinen oihartzuna moteltzeko eta motorearen zarata-maila ere murrizteko. Erreaktoreen aire-sarbideak fuselajearen alde banatan daude, hegoen gainean eta hegoen eraso-ertzarekiko paraleloan, beti ere radar-seinalea ahultzearren. Erreaktoreak konpositezko saretxo babestaile batez hornituta daude. Saretxoaren gelaguneak oso txikiak dira: bakoitzaren azalera 1 cm 2 ingurukoa da. Gainera, saretxoak izotzaren aurkako sistema elektriko batez hornituta daude.

Erreaktoreek egozten duten tenperatura handiko gasaren igorpen infragorriak murrizteko, toberen irteerek lama bertikal barreiatzaileak dauzkate. Lama hauek fuselajearen ihes-ertzaren luzera osoa hartzen dute. Gainera, aire-sarbide osagarriak daude erreaktore bakoitzaren karkasaren gainean. Hauek aire hotza zurgatu egiten dute eta airea aparteko zirkuitu batean zehar iragan ondoren nahastu egiten da toberetatik ateratzen den gas beroarekin. Sistema horrek bitara eragiten du: batetik fluxua barreiatzean gas-egozketaren maila akustikoa moteldu egiten du eta bestetik gasaren irteera-tenperatura arras murrizten du. Horrela, igorpen infragorrien bidez gidatutako misilak ez ditu erakartzen. Dena den, hala lama barreiatzaileek nola aire-sarbide osagarriek erreaktoreen errendimendua mugatu egiten dute.

Beste ezaugarriak

General Dynamics-Boeing YF-22. Hegazkin hau prototipoa da. Garatze-fasean dago gaur egun. EEBBetako Aire-armadak ez du oraindik hegazkin honi buruzko azalpen zehatzik eman. Halere, kruzero-abiadura handia eta ahalmen suntsitzaile ikaragarria duela ezaguna da. F-117ak bezala, YF-22a ere ikustezina egungo detekzio-sistementzat.

Hegazkinaren geometria bitxi eta angeluz jositako hori ez da oso aerodinamikoa; ezta egokiena ere hegazkinaren egonkortasuna ziurtatzeko. Horregatik oso egonkortze-sistema konplexua erabiltzen du, presio-sentsore bidez zirkuitu laukoitzeko hegaldi-komando elektrikoetan, FBW izenekoetan ( Fly by Wire ), oinarriturik.

Kabinaren beiratea multigeruza-prozedura batez tratatuta dago, pilotuaren ekipamenduak (mikrofono, kasko, bisore, etab.ek) sortutako erradiazio elektromagnetikoa ahultzeko. Altuera txikiko eta ikuspenik gabeko hegalaldietarako, laserrezko argiztagailu, oztopoak detektatzeko infragorrizko kamera eta telebista-kameraz hornituta dago pilotua, denak begi aurrean duen bisorera konektatuta. Soto edo zamategian ia tona bat bonba eraman dezake. Mota askotakoak: laserrez gidatutako bonbak; optikoki gidatutako airetik lurrerako misilak; radar-antenek berek igorritako uhinen bidez gidatutako radarraurkako misilak; izpi infragorriez autozuzendutako airetik airerako misilak; etab.

Diseinu bereziari esker eta erabilitako material zurgatzaileei esker, F-117aren radar-azalera baliokidea 0,01 eta 0,001 m 2 artekoa da. Kaio batek arrasto handiagoa utziko luke radar-pantailan! Altuera txikiko hegalaldian doalarik, aise zeharka ditzake radar-sareak. Haren oihartzuna radar-pantailan nahastu egingo litzateke eguzkiak berak bidaltzen duen zaratarekin .

F-117 STEALTH-AREN EZAUGARRI NAGUSIAK

  • Hegoen kanpoko ertzen arteko zabalera: 13,23 m
  • Luzera: 19,85 m
  • Altuera: 3,81 m
  • Hegoen azalera: 239 m 2
  • Pisua hutsik: 9.072 kg
  • Motoreak: post-konbustiorik gabeko bi turborreaktore, General Electric F-404, gutxi gorabehera 5,6 tonako bultzada unitariokoak.
  • Lurrartzeko hurbilpen-abiadura: 278 km/h
  • Lurreko abiadura: 194 km/h
  • Irismen edo autonomia: 640 km
  • Kruzero-abiadura: 0,8-0,9 Mach
  • Gehienezko altuera: 10.970 m
  • Prezioa: 106 milioi dolar (106.000 milioi pezeta edo 53 milioi libera)

HEGAZKIN IKUSTEZINA, HEGAZKIN HILTZAILEA

1990.eko apirilaren 21ean egin zuen US Air Force-k F-117 hegazkinaren aurkezpena kazetarien aurrean. Defentsa-Departamentuak jakin erazi zuenez, F-117aren berri ematea beharrezkoa zen, aurrerantzean hegazkinaren erabilpena gaueko eta basamortuaren gaineko hegalaldietara murriztu ezin zelako. Hala ere, aurkezpen ofiziala baino lehen hartua zuen F-117ak su-bataioa. Panaman izan zen; 1989.eko abenduaren 19tik 20rako gauean, F-117ek bonbardatu egin zituzten Noriega jeneralaren soldaduak, US Army-ko paratxutistak jausi aurretik.

Baina batez ere azken egunetan bilakatu da ezagun publiko orokorrarentzat hegazkin ikustezina; zoritxarreko Pertsiar Golkoko gerran hain zuzen. Izan ere, artean gerra hasi gabe zegoela eta Golkora bidalitako kazetariek zeregin handirik ez zutela, estatubatuarren gerra-makineriaren bikaintasunak aldarrikatzeari ekin ziotenean (beldur naiz ni ere artikulu honekin antzeko zerbait ez ote naizen egiten ari) jakin genuen 20 bat F-117 zeudela Saudi Arabian.

Geroago, gerra hasi eta handik 10 bat egunera jakin ahal izan genuen F-117 Stealth-ak izan zirela gerrari hasiera ofiziala eman ziotenak, urtarrilaren 17an gerrako lehenengo bonbak Bagdadeko komunikazio-dorre baten kontra jaurtiki zituztenean. Eta, jadanik gerrako zurrunbilo zitalaren erdi-erdian, jakin genuen F-117 Stealth batek jaurtiki zituela otsailaren 13an Bagdadeko Al-Amiriah babeslekua suntsitu eta ehundaka zibil hil zituzten bi bonbak. Zientzia eta teknika ez dira neutroak. Teknologiari buruzko berri aseptikoen atzekaldea ikustea irakurlearen sen onaren eginkizuna da, atzekalde hori ikusteraztea idazlearena den bezainbatean.


DETEKTAEZINTASUNA NOIZ ARTE?

Ikusi dugunez, milaka milioi dolar xahutu dira eta urtetako lana behar izan da F-117 bezalako emaitza lortzeko. Emaitza ustez erabatekoa, erradiodetekzioak ezin gaindituzkoa. Hala ere, hasia da dagoeneko iragartzen radar-belaunaldi berria, hegazkin detektaezinetan detektaezinena ere detektatuko lukeena: super-radarra, RIAS izeneko sistema frantsesa. Teknologia militarraren lasterketa zoroa beste maila bat igotzen hasi da inora ez daraman eskailera kiribilean gora.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia