Ezusteko handirik gabeko goi-bilera Johannesburgon
2002/09/04 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Garapen Jasangarriaren Johannesburgoko Goi-bilera, aurrez espero zen bezala, garrantzizko akordio handirik gabe bukatu da. Hamar eguneko lanaren ondoren munduko estatuburuek hitzartu duten ekintza planak gobernuz kanpoko erakundeen kritikak eragin ditu, haien iritziz lortutako akordioek ez baitute balio munduaren garapen jasangarria eta pobrezia aberatsen interes ekonomikoen aurretik jartzeko.
Atalez atal hartuta, honako hauek dira Johannesburgoko Goi-bileraren emaitza nagusiak:
- Energia. Energia berriztagarriak gehiago erabiltzea aipatzen du ekintza planak, baina helburuak eta epeak aipatu gabe. Europako Batasunak energia berriztagarrien aldeko konpromiso sendoak eta zehatzak proposatu zituen —energia ekoizpen osoaren % 15era iristea 2010. urterako—, baina ez zuen arrakastarik izan. Ezezkoa jaso eta gero, Europako Batasuneko herrialdeek iragarri dute energia berriztagarrien aldeko beren programa bultzatuko dutela 2010. urterako energia berriztagarriak kontsumo osoaren % 10 izatea lortu arte.
- Produktu kimikoak. Lan-taldea eratzea 2020. urtea baino lehen, produktu kimikoek osasunean eta ingurunean duten eragina gutxitzeko.
- Biodibertsitatea. 2010. urterako biodibertsitatearen galera nabarmen murrizteko akordioa. Helburu zehatzik ez da ezarri.
- Baliabide naturalak. Estatu mailako estrategiak ezartzea baliabide naturalen degradazioaren joera aldatzea lortzeko.
- Ura eta saneamendua. Gaur egun edateko urik ez duten 1.100 milioi pertsona eta saneamendu-sarerik ez duten 2.400 milioi pertsona daude munduan. 2015. urterako kopurua erdira jaistea.
- Klima aldaketa. Errusiak, Kanadak eta Txinak Kiotoko protokoloa berresteko konpromisoa azaldu dute. Hortaz, indarrean jarri ahal izango da. Dudarik gabe, Johannesburgotik atera den berririk pozgarrienetakoa.
- Produkzioa eta kontsumoa. Produkzio- eta kontsumo-prozesuak jasangarritasunera bideratuko dituzten estatu mailako programak bultzatzeko lan-eremua ezartzea.
- Lan eskubidea. Lanaren Nazioarteko Erakundearen akordioei buruzko erreferentziak.
- Merkataritza eta globalizazioa. Aurrez zeuden akordioen berrespena, baina Munduko Merkataritza Erakundeak ez du lehentasunik izango ingurumen gaietan.
- Arrantza. 2012. urterako babestutako itsas eremuen sarea sortzea eta, 2015. urterako, galdutako itsas-erreserbak berreskuratzeko konpromisoa.
- Gobernuak. Demokrazian eta legean oinarritutako sistemen alde egiteko konpromisoa, sistema horiek garapen jasangarriaren oinarri direla aipatuta. Herrialde aberats askok dirulaguntzak sistema demokratikoa duten herrialdeetara mugatzea proposatu dute.
- Gizarte Fondoa. Garapenerako Gizarte Fondoa eratu da.
eu es fr en ca gl
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia