}

Ezusteak hiesaren historia berraztertzean

2008/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ezusteak hiesaren historia berraztertzean
2008/10/01 | Elhuyar
Tanzaniako Gombe parkeko txinpantze ama eta kumea. Ama SIV-seropositiboa da.
M. Wilson/Science

Hiesa noiz eta nola azaldu zen azaltzen duten datu berriak eman dituzte Minnesotan (AEB) egin duten Evolution 2008 batzarrean. Horien arabera, orain arte nahiko ziurtzat jotzen ziren hainbat uste ezeztatu egin dira, edo, behintzat, zalantzan jarri dira.

Adibidez, Arizonako Unibertsitateko ikertzaile batek frogatu duenez, GIB-1 aldaerak uste baino lehenago infektatu zituen pertsonak. Hain zuzen ere, GIB-1 tximinoek zuten SIV birusak gizakietara jauzi egitean azaldu zen HIV-1, eta hori da giza populazioan gehien hedatuta dagoen aldaera. Orain arte uste zuten 1931ren inguruan gertatu zela espezieen arteko jauzia. Alabaina, ikertzaileak 1959ko eta 1960ko odol-laginetan zeuden HIV-1 birusak genetikoki aztertu zituen, eta ikusi zuen oso haien genomak espero baino askoz ere desberdinagoak zirela. Horrek adierazten du birusak aspaldi infektatu zituela gizakiak, eboluzionatzeko denbora behar baitu. Kalkuluen arabera, birusak 1908. urtearen inguruan infektatu zituen pertsonak lehenengo aldiz. Horrez gain, frogatu du birusa ez zela oso ohikoa XX. mendearen erdialdera arte; nonbait, populazioa hirietan biltzeak eragin handia izan du hiesaren hedapenean.

Bestalde, bada beste aldaera bat gizakietan, HIV-2, hura ere tximinoetatik iritsitakoa. HIV-2aren aurrekari hori duten tximinoak ez direnez gaixotzen, zientzialariek uste zuten milioika urte zeramatzala tximinoekin. Orain, unibertsitate bereko beste ikertzaile batzuek tximinoen eta birusaren zuhaitz genetikoak alderatu dituzte; birusak eta tximinoak elkarrekin milioika urte egin bazituzten, zuhaitzek antzeko itxura izan beharko lukete. Ez da horrela, ordea, eta hortik ondorioztatu dute duela 200 urte inguru azaldu zela birus hori tximinoetan.

1
246
2008
10
021
Mikrobiologia; Medikuntza
Berriak labur
13

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia