Ezponden dinamika
2005/11/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Trenbide- nahiz errepide-sarean ohikoak izaten dira ezpondak. Ezpondak mendi-zati bat jan ondoren agerian utzitako aldapak edo malkarrak dira. Gune ezegonkorrak direnez, arazo ugari sortzen dituzte, eta, Euskal Herriaren kasuan, gainera, arazoak areagotu egiten dira hainbat faktoreren eraginez: orografia malkartsua delako, euri dezente egiten duelako eta tolestutako eta puskatutako material sedimentario ugari dagoelako.
Arriskuak eta kalteak
Arrokaz osatutako ezponden kasuan, ezegonkortasunen sorrera arroka-multzoaren ezaugarri geomekanikoen, ezpondaren beraren kontserbazio-egoeraren eta uraren barneratze-kondizioen menpekoa da.
Kontuan izan behar da, gainera, ezponda batzuek zuzenean ibilbidera bideratzen dituztela arrokak, eraikuntza-lanetan moztutako materialek norabide hori zutelako, baina beste batzuetan ibilbidearekiko zeharka egoten dira arroka-multzoak, eta, ondorioz, arrisku gutxiago izaten dute.
Neurri zuzentzaileak
Azterketa geoteknikoen bidez, ezegonkorrak izan daitezkeen elementuak identifikatu, kontrolatu eta zuzendu egiten dira, eta, horretarako, arrisku potentziala duten guneetarako protokolo edo programa bereziak garatu behar dira. Programa horiekin, neurri zuzentzaileekin lortuko liratekeen onurak baloratu eta erregistratutako arazoak konponduko lirateke.
Hain zuzen ere, EHUko hidrogeologia-geoteknia taldeak 10 parametro hauetan oinarritutako programa garatu du: arrokaren sailkapena (hidrogeologia-geoteknia taldeak Euskal Herrirako ezarritakoa), etenguneen orientazioa, baldintza hidraulikoak, meteorizatzeko erraztasuna, ezpondaren historia, bloke/ /masa ezegonkorraren bolumena, ezpondaren altuera, arrokak errepidera heltzeko probabilitatea, ikuspen-distantzia vs. erreakzio-distantzia eta errepidearen garrantzia.
Parametro horien bidez, ezpondaren egonkortasuna eta arroka-jausiak eragingo lituzkeen kalteak baloratzen dituzte. Sailkapen horrek zortzi arroka-mota bereizten ditu, eta mota bakoitzaren ezaugarriei eta obran duten portaerari buruzko informazioa ematen du.
Azkenik, arroka-mota bakoitzerako neurri zuzentzaileak proposatzen dira. Horien artean daude altzairuzko barrak tenkagailu moduan erabiltzea, hormigoiaz ezponda estaltzea, arrokak jasotzeko sare dinamikoak jartzea eta abar. Azken finean, azterketa guztien helburua da neurri zuzentzaile egokiak proposatu eta arriskuak minimizatzea.