}

EZPELA, hegal harritsuetako zuhaiska

1997/07/01 Terés, Joxepo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Familia honen barruko espezie guztiak zuhaiskak edo zuhaitz txikiak izaten dira. Oro har, hosto bakunak eta oso lore txikiak izaten dituzte. Bere baitan 5 genero eta 60 espezie inguru daude, eskualde epel, subtropikal eta tropikaletan banaturik.

Bestalde Buxus generoko zuhaiska edo zuhaitz txikiek hosto osoak, aurkakoak eta larrukarak dituzte eta monoikoak direla esan behar da. Genero honen barruan, Euskal Herrian espezie bakarra dago, aztergai dugun ezpela, hain zuzen ere.

J.Terés

Espezie hau zuahiska edota zuhaitz txikitzat hartzen da, zenbaitetan 8 metroraino iristen delarik. Adar zurrun ugari eta sakon zartatuak ditu. Hostoak (nahikoa txikiak eta txorten laburrekoak) gainaldetik berde ilunak eta disdiratsuak eta azpialdetik mateak eta zurbilagoak izaten dira. Lore-glomeruluak ugariak izaten dira, arrak nabarmenki eseriak azaltzen direlarik. Martxotik maiatza bitartean loratzen da, baina loreak irail-urrian hasten dira garatzen. Fruitua, berriz, kapsula esferiko bat izaten da.

Banaketari dagokionez, Mediterraneoaren arro inguruan arrunta da. Gehienbat, baso-mota desberdinetan, sastrakadietan, gailur eta hegal harritsuetan hazten da, azken bizileku hauetan sail handiak eratzeko joera duelarik. Pirinioetan, esate baterako, oso ugaria da.

Ezpela lorategietako hesiak egin ahal izateko oso estimatua izan da eta bere egurra torneatzeko eta tailak egiteko ere oso erabilia. Landare pozoitsua izan arren, sendabelar modura erabili dela jakin izan dugu. Diuretikoa dela eta gibeleko gaixotasunak eta malaria sendatzeko ona dela diote. Purgagarria da eta bereziki bere azalak duen buxina osagaiari esker, bizigarria dela diote.

FITXA TEKNIKOA

Ezpela

Familia: buxazeoak
Espeziea: Buxus sempervirens
Banaketa: Mediterraneo arro inguruan nahikoa arrunta
Habitata: sastrakadi eta baso-mota desberdinak, gailur eta hegal harritsuak
Sendabelarra: bai

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia