}

Ezkerrak versus eskuinak

2002/02/25 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Azken urteotan gauzak asko aldatu badira ere, ezkerra izatea oraindik ez da erraza. Izan ere, ezkerrei akats ugari leporatzen zaizkie: ikasteko zailtasunak izatea, ikasketetan mailarik ez ematea, irakurtzeko eta kalkuluak egiteko gaitasunik ez izatea, gainerakoek baino arnas-bideetako gaixotasun gehiago izatea, gainerakoak baino baldarragoak izatea, alkoholiko bihurtzeko arrisku gehiago izatea, eta abar. Orain arte egin diren ikerketetan ezin izan dira uste horiek guztiak egiaztatu, baina gizarteak oraindik ere horrela bizi du kontua.
Isaac Newton Britania Handiko zientzialari handia ere ezkertiarra zen.

Gizakiak jaiotzetik burmuina modu jakin batean egituratua izaten du. Burmuina organo bakarra bada ere, bikoitza da; elkarrekin lana egiten duten eta etengabeko komunikazioa duten bi hemisferiok osatzen dute. Hemisferioen arteko komunikazioa, gehienbat, gorputz kailukararen bidez eratzen da. Gorputz kailukara, burmuineko hemisferio bien artean dagoen zuntz-sorta da. Adituek diotenez, sorta hori gutxi gorabehera 200 milioi zuntzez osatua dago.

Burmuineko bi hemisferioak itxuraz oso antzekoak dira; berdinak dirudite, baina ez dira. Gehienetan, hemisferio bietatik bat gailendu egiten zaio besteari. Eskuinetan ezkerreko hemisferioak agintzen du, eta gorputzaren eskuinaldea kontrolatzen du; ezkerretan, aldiz, eskuineko hemisferioa da nagusi.

Hemisferio bakoitzak funtzio batzuen gaineko kontrola du, burmuineko neurona-sistema jakin batzuk batez ere hemisferioetako batean egoten direlako.

Horrela, ezkerreko hemisferioak logika eta matematikak erregulatzen ditu, hitz egiteko gaitasuna, idaztekoa…; eskuinekoak, berriz, emozioak eta sormenarekin zerikusia duten funtzioak kontrolatzen ditu. Hemisferioen espezializazio hori dela eta, ezkerrak sentikorragoak eta irudimen handiagokoak direla uste da; baina, aldi berean, baita traketsagoak eta berba egiteko motelagoak ere.

Eskuinak indarrez

Burmuina organu bakarra bada ere, bi hemisferiotan banatuta dago.

Zer gertatzen da zure umea ezkerra bada? Hori konpontzen saiatu behar duzu? Belaunaldiz belaunaldi, ezkerrak eskuin bihurtzeko lana egin du gizarteak, ezkerrak gaixotzat hartzeraino. Gaur egun ezkerra izatea ez da gaixotasuna izatearekin parekatzen, baina oraindik ere badago ezkerra izatea konpondu beharreko zerbait dela uste duenik. Pertsona guztien % 10 inguru ezkerrak dira, eta ez dira eskuinak baino gutxiago, ez gaitasun intelektualari dagokionez, ez eta gaitasun fisikoari dagokionez ere.

Ume gehienak eskuinak izateak, ez du esan nahi ezkerrak anormaltasuna jasaten ari direnik. Hala ere, argi dago gaur egungo gizartean ezkerrak gainerakoak baino arazo gehiago izango dituela, mundua eskuinentzat diseinatua baitago. Beharbada horregatik, guraso asko eta asko ezkerra eskuin bihurtzen saiatzen dira, konturatu barik oker galanta egiten ari direla.

Tximino basatiek bi eskuak erabiltzeko joera izaten dute.

Ezkerra den umea eskuina erabiltzera behartzea frustraziorako bidea izan daiteke, bere alde ahularekin gauzak egitean ez-ulertua senti baitaiteke, segurtasun barik jokatu eta barnerakoi bihurtu. Ezkerra izatea gaixotasuna ere badela pentsa dezake umeak, eta horregatik bere buruarengan konfiantza gal dezake.

Dena den, gauzak ez dira beti diruditena izaten. Umeen kasuan, ezkerra edo eskuina izatea ez da bat-batean ikus daitekeen zerbait. Txikiak direnean, umeak bi eskuak erabiltzeko gai izaten dira, oraindik ez dute erabakita izaten esku bat edo bestea erabiltzea; batzuetan bat erabiltzen dute, hurrengoan bestea, eta, sarritan, biak batera. 4 urte ingurura iristen direnean hasten da erabakitzen esku bietako baten nagusitasuna. Horrela ez balitz, baliteke umeak motrizitate-arazoren bat izatea. 7-8 urterekin dagoeneko jakiten da segurtasunez umea ezkerra ala eskuina den. Hori jakiteko, nahikoa da eguneroko eginbeharrei erreparatzea: idazteko zein esku erabiltzen duen, baloia zein hankarekin joten duen, gozokiei papera nola kentzen dien….

Bele ezkerrak, bale eskuinak…

Animalia gehienek gorputzaren alde bat bestea baino gehiago erabiltzen dute. Hala ere, banakoen erabakiak izaten dira, ez espezie osoaren joerak. Kaledonia Berriko beleek ere, gizakiak bezala, eskuineko aldea erabiltzeko joera nagusia dute. Hori dela eta, bele-mota horri buruzko ikerketak garrantzia hartzen ari dira. Izan ere, adituek uste dute ikerketa horietatik burmuinaren zenbait funtziori buruzko datuak atera ahal izango direla.

Loro ezkertiar ugari dago.

Kaledonia Berriko beleak azkarra izatearen ospea du. Hegazti horri buruz duela 2 urtera arte eginda zeuden ikerketetan esaten zenez, bele hori enborren pitzaduretatik intsektuak ateratzeko adartxoak eta hostotxoak erabiltzeko gai da. Emaitza horiekin konforme egon ez, eta Zeelanda Berriko hiru ikertzailek belea ikertzen eman dituzte azken bi urteak. Ondorio honetara iritsi dira: elikagaiak lortzeko erabiltzen dituen tresnatxoak beleak berak egiten ditu.

Gaia serioa da. Izan ere, zerbait egin ahal izateko nonbait aurkitutako tresnak erabiltzea —animalia askok egiten du— gauza bat da; baina, zeregin horretarako tresnak bereziki egiteak zerbait gehiago esan nahi du, animalia horrek nolabaiteko adimena baduela, alegia. Ikerketaren ondorioak ez dira horretara mugatzen, ikertzaileek ikusi dutelako bere lan-tresnak egiteko Kaledonia Berriko belea, batez ere, gorputzaren alde batez baliatzen dela.

Horretaz ohartzeko, ikertzaileek orduak eta orduak pasa dituzte beleen lana behatzen. Tresnak egiteko, Kaledonia Berriko beleak Pandanus utilis zuhaitzaren hostoak erabiltzen ditu lehengai gisa. Hosto horiek luzeskak eta estuak izaten dira, tinko samarrak, eta arantzak izaten dituzte ertzetan. Beleak, mokoaz baliatuta, gutxi gorabehera 18 zentimetroko luzera eta zentimetro bateko zabalera duen hostoa ebakitzen du.

Lan hori egiteko, beti hostoaren alde zorrotzenetik hasten da lanean. Gehienetan hostoaren ezkerreko ertza aukeratzen du lan egiteko, eta eskuineko begiaren laguntzaz, mokoaren eskuinaldearekin ebakitzen du. Adituek ez dakite Kaledonia Berriko beleak zergatik egiten duen lana era horretan, beste aldetik abiatuta berdin-berdin ebakiko bailuke. Ikerketan 3.700 beleren lana aztertu dute.

Ezker/eskuin gehiago

Era berean, herrialde batzuetan uste dute ezkerralderantz hegan egiten duten txoriek zorte txarra ekartzen dutela.

Kaledonia Berriko beleaz gain, gorputzaren alde bat bestea baino askoz ere gehiago erabiltzen duten animaliak ez dira gutxi. Hegaztietan, adibidez, loro eta kakatua ugarik janariari eusteko edo janaria mokora eramateko ezkerreko hanka erabiltzen dute. Konkordun baleek, aldiz, eskuinaldea erabiltzeko joera handiagoa dute, eta nabaria da hori janaria harrapatzen dutenean edo buztanarekin ura kolpatzen dutenean. Txakurrek, katuek eta zaldiek ere, alde bat erabiltzea bestea erabiltzea baino gustukoagoa izaten dute.

Txinpantzeekin gertatzen dena bitxiagoa da. Txinpantze basatien artean ez da alde bat edo bestea erabiltzeko joera garbiagorik nabaritzen, erdi eta erdi gertatzen ei da; beren ingurune naturaletik at bizi diren txinpantzeetan, ordea, nabari-nabaria da eskuineko eskua gehiago erabiltzeko joera. Antropologoek diotenez, animaliak euren inguru naturaletik atereaz gero, jarrera- eta ohitura-aldaketak gertatzea erraza da. Kasu horietan ere, ez da igartzen espezie-jokabiderik.

Alde baten edo bestearen nagusitasunari buruzko datu gehiago eduki ahal izateko, Atlantako unibertsitateko Hopkins eta Dahl ikertzaileek tximinoen inguruko ikerketak egin dituzte. 134 txinpantze-bikote (ama eta kumea) ikertu zituzten. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, geneek eta jaiotze-ordenak eragin handia dute txinpantzeak ezker edo eskuin izateko orduan. Lehen txinpantze-kumeek ezkerrak izateko ondorengoek baino aukera gehiago ei dituzte.

Ikerketa horiek gizakientzat balio duten? Batek daki, baina, argi dagoenez, gizakietan ere jaioberriak ezkerra izateko aukera handiak ditu beren gurasoak ezkerrak badira… hortaz, hor ere genetikaren eragina nabarmena da. Dena den, adituek uste dute eragile gehiago ere badirela: amaren adina, haurdunaldian umetokian egon diren gorabeherak, jaioberrien ingurunea, ekografien eragina… betiko eztabaida: jaio ala egin egiten gara?

Zailtasun ugari ezkerrentzat

Beste jakintsu askoren moduan 1903. urtean Fisika Nobel saria jaso zuen Mari Curie matematikari eta fisikaria ezkertiarra zen.

Orrialde hauetako beste toki batean ere esan da: mundu hau ez dago ezkerrentzat diseinatua. Gaur egun egunero erabiltzen diren hainbat tresnarekin arazoak izatera mugatzen da kontua, baina historian zehar ezkerrek gorriak ikusi dituzte.

  • Ezkerrei buruzko usteen berri emateko, hizkuntzaren erabilera adierazgarria izan daiteke. Adibidez, errusiarrez ezkerra esateko na levo esaten dute, fidakaitz alegia. Ezkerra, ingelesez lyft (ahula), latinez sinister (zoritxarreko), frantsesez gauche (oker), italieraz mancino (faltsua), polonieraz lewo (legez kanpokoa), alemanieraz linkisch (lotsagarria), portugesez canhoto (gaiztoa), fineraz vasenkatinen (konpondu beharreko zerbait), danieraz kejt (desegokia)….
  • Pitagoresek leku sakratuetara beti eskuineko aldetik —jainkotiarretik— sartzea gomendatzen zuen, eta ezkerretik —hutsetik— irtetea.
  • "Ongia eskuinean dago eta gaiztoa ezkerrean" Aristoteles.
  • Asteko edozein egunetan ezkerren bat ezagutzeak zorte txarra dakar, astearteetan izan ezik. Era berean, herrialde batzuetan uste dute ezkerralderantz hegan egiten duten txoriek zorte txarra ekartzen dutela.
  • Kristautasunaren arabera, bedeinkapenak soilik eskuinarekin egin daitezke, deabrua ezkerra da… Islamean ezkerreko eskutik datorren edozer gauza zikina da.
  • 1921. urteko psikiatria-liburu batek dioenez, ezkerra izatea erokeriarekin pareka daiteke.
  • Emakumezko maoriek ezin dituzte ezkontzeko arropak ezkerrarekin ukitu. Horrela eginez gero, ondorioa heriotza da.
  • Niger ibaiaren ezkerraldeko tribuetako emakumezkoei ez zaie uzten janaria ezkerrarekin gertatzen, magia beltzaren beldurrez.
  • Japonian, XX. mendearen lehen urteetan, emazte ezkerra izatea nahikoa zen dibortzioatu ahal izateko.
  • Eta, gaur egun?: Lata-irekigailuak, Polaroid argazki-kamerak, gitarrak, zartaginak, saxofoiak, ordenagailuetako zenbakidun teklak, artaziak, biolinak, eskoletako idazmahaiak, koadernoak, kremailerak, autoetako aldagailuak, bideo-kamerak… eguneroko mugak dira ezkerrentzat.

Bitxikeriak eta estatistikak

  • Leonardo Da Vinci (1452-1519) Errenazimenduko jakintsuetako bat da. Gizon polifazetiko zela aski demostratuta dago, izan ere, guztiz ezagunak baitira pinturan, arkitekturan, anatomian... burututako lanaren ondareak. Maisu eta jakintsu italiarra ezkertiarra zen, mendetan zehar izan diren beste hainbat pertsona esanguratsuren moduan; Marie Curie, Newton, Miguel Angel.... dira horren adibide argiak.
    Estatu Batuetako Left Hand hirian 450 lagun inguru bizi dira. Guztiak ezkerrak dira.
  • Eskoziako Kerr klaneko gehienak ezkerrak izan ziren. Etsaiei aurre egiteko beren gazteluetako eskailerak ezkerralderantz eraikitzera iritsi ziren.
  • Ezkerren nazioarteko eguna abuztuaren 13a da.
  • Interneten bada "Ezkerren Mundua" izeneko web gune bat. Han agertzen den istorio batek honela dio: "Duela milaka urte, gizakiak tribu txikietan bizi zirenean, gudariek lantza eramaten zuten ezkerreko eskuan eta ezkutua eskuinekoan. Beste tribu batzuekin hitz egitera joaten zirenean, ezkutua lurrera botatzen zuten eta eskuineko eskuekin arerioak agurtzen zituzten. Horrela, nahi izanez gero agurtzearekin batera erasoa ere egin zezaketen. Ausartek, berriz, ezkerreko eskuko lantza lurrera bota eta agurra egiten zuten. Beraz, ausartek ezkerreko eskuarekin egiten dute agurra".
  • 10 pertsonatik 1 ezkerra da (600 milioi pertsona inguru).
  • Gizakien % 30 abilagoa da ezkerreko hankarekin.
  • Herrialde anglosaxoietan beste inon baino ezker gehiago dago.
  • Bikien artean ezker ugari dago, baina oso arraroa da biki biak ezkerrak izatea.
  • Bi guraso eskuinek ume ezkerra izateko probabilitatea % 0,02koa da; bietako bat ezkerra bada, probabilitatea % 0,17ra iristen da; eta biak ezkerrak badira, probabilitatea % 0,46raino igotzen da.
  • Dislexia eta totelkeria izateko aukera gehiago dute ezkerrek, batez ere txikitan eskuineko eskua erabiltzera behartu badituzte.
  • Ezker ospetsuenetako batzuk: Charles Chaplin, Robert de Niro, Peter Fonda, Greta Garbo, Judy Garland, Whoopi Goldberg, Cary Grant, Diane Keaton, Harpo Marx, Marilyn Monroe, Anthony Perkins, Robert Redford, Julia Roberts, Neil Armstrong, Buzz Aldrin, Albert Einstein, Marie Curie, Benjamin Franklin, Isaac Newton, Larry Bird, Jimmy Connors, Diego Armando Maradona, John McEnroe, Martina Navratilova, Pelé, Monica Seles, Ayrton Senna, Mark Spitz, Henry Ford, Bill Gates, Rockefeller, Hans Christian Andersen, Lewis Carrol, Jean Genet, Franz Kafka, Mark Twain, Ludwig Van Beethoven, David Bowie, Enrico Caruso, Phil Collins, Bob Dylan, Mark Knopfler, Jimmy Hendrix, Paul Mc Cartney, Wolfgang Amadeus Mozart, Maurice Ravel, Paul Simon, Atahualpa Yupanqui, Napoleon, Carlomagno, Winston Churchill, Mahatma Gandhi, Julio Cesar, Friedrich Nietzche, Ramsés II, Leonardo Da Vinci, Miguel Angel, Picasso, Fidel Castro...

Deia-ren D2 atalean argitaratua .

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia