}

Ezkerra izatea, oso normala den 'berezitasuna'

2005/01/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Biztanleriaren % 10-15 ezkerra da. Gaur egun argi dago esku nagusitzat ezkerrekoa erabiltzen dutenak ez direla ezgaitasun edo anormaltasunen batek jotako pertsonak, baina duela 40-50 urte kontu horiek ez zeuden hain onartuak.

70eko hamarkadan zientzialariek ezkerra izatea pertsonaren ezaugarritzat jo zuten, zuzendu beharreko akastzat hartu ordez. Baina geroztik ere makina bat umeri irakatsi nahi izan diete irakasleek nahiz gurasoek beren esku naturala erabili ordez eskuina baliatzen. Eta, oraindik ere, gutxiengo zabal horrek eskuinentzako diseinatua dagoen mundu batean bizi beharra dauka sukaldeko tresnarik gehienak eskuinentzat pentsatuak daude, eta musika-tresnak ere, gitarra eta esku-soinua, esaterako, eskuineko eskuarekin jotzen dira.

Zergatik da ezkerra?

Ikertzaileak ez datoz bat pertsona bat eskuina edo ezkerra zergatik den erabakitzeko orduan. Itxura guztien arabera, ume baten aita ezkerra baldin bada, ume hori ezkerra izateko posibilitatea % 10ekoa da, % 20ekoa ezkerra ama baldin bada; eta bi gurasoak ezkerrak baldin badira, umea ere ezkerra izateko probabilitatea % 85eraino igotzen da. Hala ere, bi gurasoak ezkerrak dituzten umeen erdiak eskuinak dira. Zergatik, ordea? Hezkuntzaren eragina izango ote da?

Bikiena ere beste eragozpen bat da herentzia genetikoa lehenesten duten ikertzaileentzat: bikietako bat ezkerra izan daitekeen proportzio berean izan daitezke biak ezkerrak (% 25).

Genetikaren pisua albo batera utzita, arrazoi neurologikoak ikertzaile guztiek onartzen dituzte. Ezkerra edo eskuina izatea garunak mugatzen du.

Egin daitekeen okerrena da umea eskuin izatera behartzea.

Dena den, umeak 5-7 urte dituen arte ez da puntu hau erabat finkatzen, eta ordura arte pazientziaz jokatu beharra dago umeak gauza guztiak ezkerreko eskuarekin egiteko joera baldin badu. Gauza horiek ongi egiten erakutsi beharko zaio, eskuin bati erakusten zaion modu berean, baina bere joera naturala errespetatuz, ikaskuntzan atzerapenik izan ez dezan behar adinako trebezia lortzen lagunduz, baina inola ere ez beste eskua erabiltzera behartuz.

Horixe da egin daitekeen gauzarik okerrena, eskuin izatera behartzea umea. Gaur egun, argi eta garbi dago ezkerreko aldea erabiltzeak ez dakarrela atzerapenik garapenean ezein arlotan, eta, aitzitik, eskuina erabili beharrak ondorio negatiboak sor diezazkiokeela umeari bere garapen psikomotorrean.

Ikertzaileek diotenez, jaiotzerakoan pertsona gehienak ezker-eskuinak dira, hau da, bi eskuez baliatzeko gaitasun edo ahalmen berbera dute, teorian. Hala ere, haurrari bi hilabete inguru dituenerako nabaritzen zaio bere lateralitatea, jostailuak, adibidez, eskuineko eskura edota ezkerrekora eramaten dituen ikusiz. Baina, lehen esan bezala, datu horiek ez dira behin betikoak, urte batzuk behar baitira erabat finkatzeko.

Gaur egun, beraz, ez dago, teorian bederen, arazorik ezkerra izateko. Bestalde, ezker ospetsuak izan dira historian zehar: Aristoteles, Nietszche, Leonardo da Vinci, Picasso, Napoleon, Marilyn Monroe edo Bill Gates, beste askoren artean. 1975. urtean Ezkerren Nazioarteko Eguna izendatu zuten lehen aldiz abuztuaren 13a. Bitxikeria bat ere bai: bada biztanle guztiak ezkerrak diren hiri txiki bat AEBetan, Left Hand (ezkerreko eskua) izenekoa.

Funtsezko galderak

  • Zergatik hartu izan da gauza txartzat ezkerra izatea? Mateoren Ebanjelioan esaten denez, Azken Judizioaren egunean Jesusek hau esango omen dielako bere ezkerrean eserita daudenei: “urrun zaitezte nigandik, madarikatuak!”.
  • Ba al da animalia ezkerrik? Bai, posibilitateen arabera % 50 omen dira. Eta hartz polarren artean, adibidez, ez dago eskuinik.
  • Eta gaixotasun gehiago izaten dituzte? Estatistiken arabera, urte gutxiago bizi ohi dira. Baina horren arrazoia da gizonezko ezker gehiago dagoela emakumezko ezkerrak baino, eta haien hilkortasun-indizea altuagoa dela.

Neurologiaren ekarpena

Ezkerrak betidanik anormaltzat edo okerragotzat hartu izan dira (hizkuntza ia guztietan ezker hitza baldar, oker edo maltzurraren sinonimoa izan da), eta mendeetan behart dituzte beren ‘mania’ hori zuzentzera.

Neurologia modernoak gauza asko argitu zituen XIX. mendearen erdialdean. Garai hartako adituek, Paul Broca kirurgialari eta antropologo frantziarra guztien buru, garunak nola funtzionatzen zuen erakutsi zuten. Gure burmuina bi hemisferiotan zatitzen dela frogatu zuten, eta hemisferio bakoitzak bere funtzio espezifikoak dituela. Ezkerreko hemisferioak mintzamena, kalkulu matematikoak eta gorputzaren eskuinaldearen mugimenduak gobernatzen ditu, eta eskuinaldeak, berriz, espazioaren pertzepzioa eta ikusmena, musika eta gorputzaren ezkerreko aldearen mugimenduak.

Garunak modu gurutzatuan kontrolatzen du gorputza, eta, gehienetan garunaren ezkerraldea nagusitzen denez, agindurik gehienak gorputzaren eskuinera bideratzen dira. Ezkerrak diren pertsonetan, ordea, eskuineko hemisferioa nagusitzen da, eta, gorputzaren ezkerreko aldera bideratzen ditu aginduak.

Hemisferio baten nahiz bestearen nagusitasuna lateralitate izenez ezagutzen da. Lateralitatea erabatekoa da hemisferio batek alde bera gidatu eta gobernatzen duenean eskuan, oinean eta begian. Baina eskuan ezkerra nagusitzen denean eta begian, aldiz, eskuina (edo baita alderantziz ere), lateralizazio gurutzatuaz hitz egiten da.

Horrela esanda, badirudi ezkerrek erraztasun handiagoa eduki beharko luketela espazioaren pertzepziorako, eta sentikortasun artistiko handiagoa, baina, aldi berean, baldarragoak izan beharko luketela hitzezko adierazpenetarako eta kalkulu numerikoetarako. Baina ez dago modurik horrelako diferentziarik frogatzeko: izan ere, eskuineko hemisferioa arduratzen da sarritan ezker-hemisferioaren eginkizunez, bereak dituen eginkizunen kalterako baldin bada ere. Areago, badira espazioaren pertzepzioarekin lotuak dauden trebetasunei dagokienez eskuinak baino baldarragoak diren ezkerrak ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia