}

Ezin lotura eten

1996/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gorputz atalen bat galdu eta gero, atal hori sentitu egiten duela adierazi izan du askok. Eta sentitzea soilik balitz, gaitz erdi! Falta bazaie ere, beso, oin edo beste atalen batean mina sentitu ohi dute pazienteek. Oinazearen jatorria psikologikoa dela esango du irakurle zuhurrak eta, jakina, horrelaxe da. Berriki, galdutako atalaren eta garunaren arteko lotura hori zertan datzan aurkitu dute ikertzaileek. Oraingoz, mina erabat desagertarazterik ez dute lortu, baina arian-arian, hori ere lortuko dutelakoan daude.

Tennesseko Unibertsitateko ikertzaileek aurkitu dute lotura hori, tximinoekin zenbait esperimentu egin ondoren. Hasteko, zauritutako ataleko nerbioetan proteina-mota jakin bat asko ugaltzen zela ikusi zuten ikertzaileek. Horrek ez zituen asko harritu, baina bai proteina hori non ugaltzen zen ikusteak. Izan ere, galdutako atala eta garunaren arteko nerbioetan nagusitzen zen proteina hori. Ondorioetara iristea beraz, ez da oso zaila: atalaren eta garunaren arteko lotura ez da erabat eteten; are gehiago, lotura berri bat sortzen dela uste dute ikertzaileek.

Ikerketaren hurrengo urratsa, nerbio-loturaren nondik norakoak ezagututa, proteina horren ugalketa nola ematen den aztertzea izango da. Eta segidan, urrutiago jo nahi dute ikertzaileek: nerbio-lotura berriak egin nahi dituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia