Ezagutu beharreko botila gorria
2006/02/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ordenagailuak, paperak, olioak... Inguratzen zaituen edozerk har dezake su. Beharbada, zuk zeuk ere bai, tenperatura jakin batean. Ray Bradbury-ren Farenheit 451 liburuan azaltzen den bezala, paperak, esaterako, tenperatura horretan hartzen du su. Imajina ezazu, beraz, birziklatzera bota duzun paper-multzoak su hartzen duela eta inguruan ez daukazula urik. Zalantzarik gabe, su-itzalgailuak dira sua itzaltzeko baliabiderik onena, urik ez dagoenean. Baina, su-itzalgailuei buruzko teoria ezagutu arren, ezinbestekoa da horiek erabiltzen jakitea egoerari aurre egiteko.
Eskuetan hartu eta aztertuz gero, hainbat atal nagusi nabarmentzen dira su-itzalgailuan. Lehena eta begi-bistakoa botila da. Sutea itzaliko duen itzaltzailea duen ontzia, alegia. Barnean hauts itzaltzailea izango du, noski. Botilak beti du itzaltzaile horren jarioa blokeatzen edo neurtzen duen balbula bat ere. Kanpoaldean, berriz, guztiontzat informazio orokorra duen etiketa. Azken hori ere su-itzalgailuaren osagaietako bat da, bai.
Su-itzalgailua eskuan hartu eta benetan maneiatzen dakigula egiaztatzen da suteren bat dagoenean. Urtero izaten dira suteak han eta hemen. Suteen % 30 nahi gabe eragindakoak dira; sastrakak erretzean, gaizki itzalitako zigarrokinak edozein lekutan botatzean, aisialdian egiten diren suak gaizki itzaltzean... sortzen dira. Gizakiaren arduragabekeriaren ondorioz pizten dira, azken batean. Modu naturalean sortutakoak ere izaten dira, tximistek eragindakoak, esaterako, baina oso gutxi.
Bata zein bestea izan, sua sortzeko ezinbesteko osagaiak hiru dira: erregaia (adibidez, egurra, plastikoa, gasolina, sastrakak...), erregarria (oro har, aireko oxigenoa) eta aktibazio-energia edo beroa. Hiru osagai horien baturak sua sortzen du. Alderantziz, elementu horietako bat kenduz gero, sua itzali egiten da. Horretarako, hainbat bide daude: erregaia erabat kendu edo disolbatuz haren kontzentrazioa jaitsi, beroa ezabatu edo tenperatura jaitsi eta sortzen diren baporeak airearen oxigenoarekin nahastea eragotzi --tapaki bat erabiliz, adibidez, edo zuzenean su-itzalgailuarekin--.
Nolako sua, halako su-itzalgailua
Su-itzalgailu erabilienak karbono dioxidoa, hainbat hautsen nahasteak eta hidrokarburo halogenatuak dituztenak dira. Sortzen den suaren arabera, su-itzalgailu bat edo beste bat erabili behar da. Izan ere, su guztiak ez dira berdinak.
Sute-motak, oro har, erregaiaren arabera bereizten dira: A motakoak material solidoen suak dira. Material horiek organikoak izaten dira gehienetan, eta txingarra sortu ohi da horrelakoak erretzean. Gasolina, pinturak, olioa eta horrelako likidoak erretzean, berriz, B motako suak izaten dira. Gasak (metanoa, propanoa, butanoa...) eta metalak (sodioa, magnesioa, potasioa...) erretzen direnean, C eta D motakoak dira, hurrenez hurren. Azkenik, E motakoak edo su elektrikoak daude. Bereizketa hori oso garrantzitsua da, eta ezinbestekoa da argi izatea.
Demagun, beraz, ordenagailuak su hartzen dizula. Hortaz, E motako sua duzu. Karbono dioxidoa, esaterako, erraz sartzen da suan, eta ez du elektrizitaterik eroaten. E motako su elektrikoak itzaltzeko su-itzalgailurik egokiena, beraz, karbono dioxidoduna da. Gainera, ez du igortzen zirkuitu elektrikoa honda lezakeen hondakinik. Halaber, izaera elektrikoa duten metalek su hartzen duten kasuetan ere oso eraginkorra da. Gainera, karbono dioxidodun su-itzalgailuek badute bereizgarri bat: tronpeta-itxurako iragazki bat dute. Tutu malguak dituztenean ere, tutu malgu horien bukaeran iragazki berezi bat dute, tronpetatxoa, alegia. Izan ere, CO 2 -a zero azpitik 70 ºC-an ateratzen da, eta larruazalean erredurak sor ditzake ukituz gero. Hotzak ere erre egiten du maiz. Irteerako espantsio bortitzak hoztu egiten du gasa.
Arestian aipatutako horien antzekoak baina tronpetarik gabekoak hainbat hautsen nahasteak dituzten su-itzalgailuak dira. Oso eraginkorrak dira, baina kalte handiak sortzen dituzte, bereziki, tresna elektrikoetan. Gainera, badute traba txiki bat: hauts horiek zertxobait itogarriak dira.
Hurrengoek, hidrokarburo halogenatuak dituzten su-itzalgailuek, alegia, erabilera asko dituzte. Oro har, A eta D motatako suak izan ezik, beste guztiak itzaltzeko gai dira. Dena den, klorofluorokarbonoen taldeko konposatu horiek ozono-geruzari kalte egiten diote, eta, horrexegatik, ingurumenari kalterik ez egiteko irtenbide berrien bila dabiltza adituak. Nork esango luke konposatu horiek daudela su-itzalgailuetan... Gaur egun debekatuta dago su-itzalgailu horiek erabiltzea. Dena den, instalazio zaharretan oraindik ere erabiltzen dira.
Bestalde, suteen aurkako ur-ahoak ere baditugu. Suteen aurkako ur-ahoek urez hornituak egon behar dute. Oso sinpleak dira. Tutu malgua, presioa kontrolatzeko manometroa eta lantza dituzte. Bi eratakoak daude: Zurrunak eta malguak. Lehenak abantaila nagusi bat du: tutu zurruna guztiz askatu gabe erabil daiteke. Txorakeria dirudi, baina larrialdietan ez da hain erraza izaten tutua erabat askatzea. Bigarrena, berriz, guztiz biguna eta malgua da, eta erabat askatu behar da erabili ahal izateko.
Ura, su-itzaltzaile unibertsala
B motako suak edo likidoen suak ere itzali ditzake urak. Baina ez denak. Erretzen ari den likidoa polarra bada (alkohola, adibidez), ez da egongo inolako arazorik hori itzaltzeko. Likido apolarra (petrolioa esaterako) bada, ordea, litekeena da sugarrak hedatzea.
Bestalde, urak presio handia du tutu malgutik irtetean, eta, hainbat kasutan, presio horrek erretzen ari den likidoa sakabanatu eta sua areagotu egin dezake itzali ordez. Horrexegatik, maiz, sua oso lokalizatua denean, pintura-pote batean dagoenean adibidez, tapaki batez itotzea izaten da egokiena.
Eta zer esanik ez sutea entxufe, kable eta antzekoen inguruan sortzen denean; badaezpada ere, urik ez erabili. Izan ere, deskarga elektriko bat jasotzeko arriskua izango duzu.
Ezin aipatu gabe utzi oro har suhiltzaileek erabiltzen duten aparra; hauts berezi batzuen eta uraren arteko nahasketaren ondorioz sortzen den aparra, alegia. Aparra likidoen suak itzaltzeko erabiltzen da nagusiki. Neurri txikiagoan bada ere, solidoak erretzen direnean ere erabil daiteke.
Demagun enpresa bateko langilea zarela eta tenperatura altuetan dagoen olio-depositu batek su hartzen duela. Hori guztia itzaltzeko, inguruan dituzun su-itzalgailu guztiak ez dira aski izango. Horrexegatik, suhiltzaileei hots egitea izango da onena. Haiek erabiltzen duten aparrak, ingurunea hozteaz gain, gaineko geruza bat sortuko du, eta olioaren eta oxigenoaren arteko kontaktu fisikoa eragotziko du. Hala, epe motzean sua guztiz itzaliko da.
Aipatutako su-itzalgailu horiek guztiak eskuz erabiltzekoak dira. Baina badira su-itzalgailu egonkorrak ere. Gaur egun, hainbat tokitan su-detektagailu automatikoak ezartzen dituzte, tenperatura batetik gora edota sugarrik nabarituz gero martxan jartzen diren horietakoak.
Edozein suteren aurrean su-itzalgailua izatea bezain garrantzitsua da eskura izatea. Halaber, zuhurtasunez eta patxadaz jokatu behar da. Hasieran urrutitik sua itzaltzen saiatu, eta, itzaltzen doan neurrian, pixkanaka hurbiltzen joan, betiere norberaren burua arriskuan jarri gabe. Inoiz suari aurre egitea egokitzen bazaizu, kontuz ibili.