}

Exoplaneten bila

2001/05/23 Elhuyar Zientzia

Exoplanetak Eguzkia ez den izarren inguruan orbitatzen duten planetak dira. Zeharkako datuak bilduta, 60 exoplaneta baino gehiagoren berri jakin dute astronomoek, baina oraindik ez dute zuzeneko behaketetan bat bera ere ikusterik lortu.

Orain, gure galaxiatik hurbil dagoen izar baten inguruan omen dauden bi exoplaneten existentzia frogatu nahi dute. Egitasmoa Frederick West astronomo amateur estatubatuarrak bultzatu du.

Izarra Gliese 876 izeneko nano gorri bat da eta Lurretik 15 argi-urtera dago; hau da, espazioaren neurriak kontuan izanda, oso hurbil. Planeta biek orbita sinkronikoak dituzte, 30 eta 60 egunekoak hurrenez hurren, eta izarraren neurriarekin alderatuta, handiak dira.

Fredericken esanean, maiatzaren 27a artean, hamaika egunez exoplaneta horiek ikusteko moduan izango dira. Nonbait, denbora-tarte horretan, bi exoplanetak beren izarraren aurpegi berdinean bat egingo dute eta izarraren argitasuna % 45 ezkutatuko dute.

Astronomo amateur guztiak behaketak egitera gonbidatuak daude, denen artean emaitza ona lortu ahal izango dela uste baitu Elkarte Planetarioak. Parte hartu nahi baduzu, hau da beren web gunea: www.aavso.org.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia