Euskal kostaldeko estuarioetako sedimentuen lehen katalogo genetikoa osatu du AZTIk gidatutako nazioarteko ikerketa-talde batek. Ekosistema horietan bizi diren mikroorganismoen biodibertsitatea ezagutzeko balio du katalogo horrek.
AZTIk azaldu duenez, metagenomika-teknikak erabiliz estuarioetako sedimentuen habitata genetikoki karakterizatzeko lehen ahalegin sistematikoa da. Lan honetan 12 estuariotako 92 sedimentu-lagin aztertu dira. Metagenomika bidez, 108 milioi gene eta 471 mikroorganismo-genoma identifikatu dira (bakterio, arkeo, eukarioto eta birusenak).
Katalogo genetiko horri esker, mikroorganismoek estuarioetako ekosistemen funtzionamendua nola eusten duten eta giza presioen aurrean nola erantzuten duten aztertu ahal izango dute ikertzaileek. Izan ere, bildutako informazio genetikoak kutsadurarekin edo kalitate ekologikoaren galerarekin lotutako markatzaileak identifikatzeko aukera emango du.
Era berean, azpimarratu dute baliabide honek bioprospekzio eta bioteknologia aplikazioetarako oinarri sendoa eskaintzen duela; energia urdina, akuikultura edo elikadura-industria bezalako sektoreetan aplikagarriak izan daitezkeen geneak identifikatzeko aukera ematen baitu.
Hala, aplikazio praktiko nagusien artean hauek aipatu dituzte: DNA-n oinarritutako egoera ekologikoaren indizeak garatzea, espezie inbaditzaileak edo patogenoak detektatzeko biozaintza portuarra, dragatze eta isurketa-jardueren kudeaketa, estuarioetako karbono urdinaren jarraipena, eta biogarbiketa zuzendua.
Zientzia irekiaren printzipioari jarraituz, ikerketaren emaitza guztiak, sekuentziak , funtzio- eta taxonomia-anotazioak, eta berreraikitako genoma guztiak, erregistro publikoetan jarri dira eskuragarri (ENA eta BioStudies), komunitate zientifikoak etorkizuneko ikerketetan berrerabili ahal izan ditzan.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia







