Euskal itzulpengintzaren bilakaera, teknologiaren argitan
2025/06/01 Uxoa Iñurrieta Urmeneta - UEUko GOI institutuko irakasle eta ikertzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Saia gaitezen, une batez, Joannes Leizarraga irudikatzen, XVI. mendean, Biblia euskaratzeko lanean. Ziur asko, luma, tinta-potoa eta papera izango zituen mahai gainean, eta latinezko itzulgaia parean, atril modukoren batean jarria. Bost mende joan dira euskarazko lehen itzulpentzat hartzen den hura sortu zenetik, eta ederki aldatu dira gauzak, aldatu direnez...! Baina, beharbada, irakurle bat baino gehiago harrituko da esaten badiogu gaur egun oraindik aktibo dauden itzultzaile batzuek ez zituztela hain baldintza desberdinetan egin beren lehen itzulpenak. Izan ere, aipatu ditugun ezaugarri horietako gehienak euskal itzultzaileen egunerokoaren parte ziren duela berrogei bat urtera arte: itzulgaiaz, koadernoaz eta boligrafo edo arkatzaz gain, kontsultarako hiztegiren bat edo beste bakarrik izaten zuten mahaian (eta horiek ere, jakina, paperezkoak). Eskuz egiten zuten lan-prozesuaren zatirik handiena, eta, koadernoko orriak zirrimarraz josi eta lana bukatutzat eman ondoren, idazmakina erabiltzen zuten azken bertsioa garbira pasatzeko.
Ordutik honako aldaketak kronologikoki kontatu beharko bagenitu, ezinbestean aipatu beharko genituzke itzultzaileen jardunerako mugarri izan diren hainbat tresna: ordenagailua, CDa, Internet… Eta, jakina, hamarkadaz hamarkada gero eta azkarrago garatzen joan diren hizkuntza-teknologiak. Egin dezagun errepasoa.
Mahaigain fisikoetatik birtualetara
Itzultzaileek deskribatu bezala egiten zuten lan, gutxi gorabehera, 1980ko hamarkadaren erdialdera arte. Hamarkada hartan, ordea, ordenagailu pertsonalak iritsi ziren gurera, eta laster egin zut en lekua itzultzaile askoren lan-tresnen artean. Izan ere, ez da harritzekoa: badago aldea zirriborro-itxurako koaderno-orrien gainean lan egitetik idazten dena pantailan beti garbi ikustera, esaldi berbera lauzpabost aldiz berridatzita ere.
Senez itzulpen-aldizkaria ere garai hartantxe sortu zen, 1984an, eta hasieratik izan da euskal itzultzaileen artean pil-pilean egon diren joera nagusien lekuko. Hari begiratuta ikus daiteke, adibidez, ordenagailu hitza 1985ean aipatu zela lehen aldiz,[1] eta konputagailu, berriz, handik bi urtera,[2] itzultzaile-lanetarako “tresna baliagarri” gisa. Hasieran ez zegoen edonoren eskura ordenagailua etxean izatea, baina urte gutxiren buruan bihurtu zen tresna baliagarria ez ezik (ia) ezinbestekoa ere.
Hitz azpimarratuak eta berehalako kontsultak
Pantailarako trantsizioa den-denek egina ez oraindik, eta zer da, eta segituan hasi ziren agertzen itzultzaileen lan-jarduna erabat aldatuko zuten beste baliabide batzuk: zuzentzaile ortografikoak eta, haiekin bateratsu, hiztegi elektronikoak. Xuxen izan zen euskarazko lehenengo zuzentzaile ortografikoa,[3] eta 1994an kaleratu zen, hasieran diskete-formatuan. Testugintzan aritzen den edozeinek ederki daki zenbateko laguntza ematen duten halakoek, arreta zertan jarri ohartarazten baitute oker idatzita egon litezkeen hitzak azpimarratuta. Baina Xuxen, gainera, ez zen edozein garaitan iritsi: bi hamarkada eta erdi besterik ez ziren euskara batua sortu zela, eta idazkera-arauak finkatzen ari ziren oraindik. Hortaz, bide aparta izan ziren itzultzaileen (eta beste hiztun askoren) artean arauok zabaltzen laguntzeko.
Hiztegiei dagokienez, berriz, 3000 Hiztegia[4] eta Elhuyar hiztegi elektronikoa[5] izan ziren CD formatuan agertzen lehenengoetarikoak, 1996an biak. Kontsultak egiteko lana ikaragarri erraztu zen: paperean hiztegi-sarreraren arabera bakarrik bila zitekeena, orain, kategoria gramatikalaren, azpisarreren eta beste zenbait ezaugarriren arabera bila zitekeen, ordura arte baino askoz ere azkarrago, eta orriak atzera-aurrera pasatzen ibili gabe.
Sare bat, mundua luze-zabal
Dena dela, disketeen eta CDen boladak ez zuen luzaro iraun: milurteko berria iritsi aurretik, Internetek eztanda egin zuen, eta, denbora gutxian, huraxe bihurtu zen informazio-iturri asko eta askoren euskarri nagusi. Handik aurrera, zuzentzaileak eta hiztegiak ez ezik, bestelako hizkuntza-baliabideak ere agertzen hasi ziren; besteak beste, corpus kontsultagarriak. Euskaltzaindiak XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa jarri zuen eskuragarri,[6] UPV/EHUk Ereduzko Prosa Gaur,[7] Elhuyarrek eta Ixa ikerketa-taldeak ZT corpusa[8] eta Corpeus…[9] Nolabait esateko, corpus kontsultagarriek aukera ematen diete itzultzaileei testu-bilduma handietan bilaketak egiteko eta, hala, hiztegi-sarreretan datozen adibideez gain beste asko ere ikusteko.
Milurteko-hasierarekin bateratsu sortutako baliabide gehiago ere aipa litezke, baina ekar ditzagun beste bi, behintzat, errepaso labur honetara: ItzuL posta-zerrenda[10] eta Euskalbar.[11] Lehena EIZIE elkarteak sortu zuen 2004an, eta, berez, nahiko teknologia sinplea du atzean; posta-zerrenda bat “besterik” ez da, azken batean... Ez da, hargatik, laguntza txikia itzultzaile-jendearentzat: zalantzaren bat ezin argitu badabiltza, hortxe dute foroa galdetzeko, eta segituan hasten da e-mail bidezko iritzi-trukea. Euskalbar, berriz, nabigatzailean instalatzeko gehigarri bat da, 2006an sortua, eta aukera ematen du hizkuntza-kontsultak aldi berean hainbat baliabidetan egiteko. Lehen bertsioan, lau hiztegitan egin zitezkeen bilaketak; baliabide berriak sortu ahala, ordea, gehigarriaren tentakuluak ere zabaltzen joan dira. Gaur egun, ItzuLek 900 harpidedun baino gehiago dauzka, eta Euskalbarrek 70 hizkuntza-baliabide baino gehiagotarako irispidea ematen du; ez dira zifra makalak, ezta?

Garunetik kanpoko memoriak...
Itzulpen-memoriak ere milurteko-aldaketaren garaian hasi ziren euskal itzultzaileen ordenagailuetan sartzen, eta, gaur egun, apenas dagoen halakoak erabiltzen ez dituen itzultzailerik. Labur azaltzeko, badira zenbait programa itzultzaileen lanak modu egituratuan gorde eta memoria bihurtzen dituztenak, bi hizkuntzetako testuak parez pare jarrita: itzulgaia segmentuz segmentu banatu (gutxi gorabehera, esaldiz esaldi), eta erabiltzaileak horietako bakoitza nola itzuli duen erregistratzen dute.
Baina ez hori bakarrik: gogoratzeaz gain, gogorarazi ere egiten dute. Izan ere, lanean aurrera egin ahala, norberak aurrez itzulitako testuetan bilatzen dute, eta, inoiz antzeko segmenturen bat itzuli dela ikusiz gero, orduko itzulpena erakusten dute iradokizun gisa.
Oro har, itzulpen-memoriek (eta haiekin batera erabiltzen diren glosario eta abarrek) mesede egiten diote testu itzulien barne-koherentziari, eta, egitura zurrun eta errepikakor samarrak dauzkaten testuak itzultzen dituztenen larruan jarriz gero, erraz ulertzen da zergatik zabaldu diren hainbeste denbora gutxian. Hala ere, gezurretan ariko ginateke lan-mota guztietarako aproposak direla esango bagenu: poesia itzultzeko, adibidez, bistan da ez lukeela zentzu handirik testua zatika-zatika itzultzeak. Horregatik eta antzeko beste arrazoi batzuengatik, kritikak ere jaso izan dituzte; batez ere, sormena mugatzen dutela, lehendik egindakoa ikusiz gero zaila izaten baita beste itzulpen posible batzuetan pentsatzea.
...eta pertsonatik kanpoko garunak
Eta bagatoz, pixkanaka, adimen artifizialaren arora, gaurkora. Esan beharra dago itzultzaile automatikoak ez direla hain kontu berria dagoeneko (gaztelania-euskara hizkuntza-parerako lehena, Matxin,[12] 2006an sortu zen), baina, euskararen kasuan, duela gutxira arte eskuragarri zeudenek ez zuten oso kalitate onik, eta ia pentsaezina zen halakoak inoiz lan-tresna izango zirenik gurean. 2018an, ordea, Modela sortu zen,[13] euskarazko lehen itzultzaile neuronala, eta haren ondotik etorri dira gaur egungoak: besteak beste, Elia,[14] Itzuli[15] eta Batua.[16]
Ezin esan itzultzaile guztiak zaleak direnik (itzulpen-memoriei zenbaitek errezeloz begiratzen bazieten, itzultzaile automatikoei, zer esanik ez!), baina gero eta itzulpen-zerbitzu gehiagotan dauzkate halakoak, gehienetan itzulpen-memoriak kudeatzeko tresnetan bertan integratuta: lehentasuna norberak aurretik itzulitako testuek izaten dute, baina, norberaren memorietan ez badago itzultzen ari denarekin bat datorren segmenturik, itzulpen automatikoa eskaintzen da iradokizun gisa.
Baten batek pentsa lezake ea zertarako dagoen pertsona orduan, itzulpenak sistema automatiko batek sortzen badizkio… Baina, inork zalantzarik badu ere, argitu dezagun pertsonaren esku-hartzea ezinbestekoa dela oraindik ere itzulpen-prozesuan, eta izango dela, baldin eta azken testuak kalitate maila gorena izatea nahi badugu. Izan ere, erosoago lan egiteko balio dute, bai, baina zuzenketa-lana (edo, itzulpen automatikoaren kasuan esaten den bezala, postedizioa) zentzumen guztiak erabiliz egin beharreko lana da, emaitza natural samarren artean esanahi-aldaketek kamuflatuta ihes egin ez dezaten, testu osoko hizkera koherentea izan dadin eta, azken batean, itzultzaile-zuzentzaile profesional batek kontuan hartzen dituen ñabardura guztiak behar bezala gera daitezen.
Eta hemendik aurrera, zer?
Esanak esan, gauza bat, behintzat, argi dago: euskal itzultzaileen komunitateak ikaragarrizko aldaketak bizi izan ditu azken hamarkadotan, eta ederki jakin du garaian garaikora moldatzen. Hori bai, aldaketa horiek guztiak hoberako edo okerrerako izan ote diren… Tira, nori galdetzen zaion: hizkuntzarekin jolastea maite dutenentzat, beharbada, mekaniko eta ez-gizatiar bihurtzen ariko da berez sormenetik asko duen lanbide bat; beste batzuek, berriz, buru-nekea gutxitzeko eta lanak errazteko aukerak ikusiko dituzte aurrerapen teknologikoetan.
Edozein kasutan, aldaketen abiadura ikusita, tentuz ibili beharko dugu aurrerantzean ere, sortzen zaizkigun aukerei etekina ateratzeko baina arriskuak ere gogoan hartzeko. Izan ere, gauza bat da lanbide baten parte diren zereginak denborarekin aldatzea, eta beste bat, oso bestelakoa, kontrolik gabeko iraultza bat ontzat ematea teknologia digitalenganako mira itsuz, aintzat hartu gabe zer ondorio izan ditzakeen horrek, lanbidean ez ezik, euskararen beraren bilakaeran; besteak beste, erabilera-ohituretan eta testuen kalitatean.
Zer esango ote luke Leizarragak burua altxatuko balu...?
Bibliografia
[1] Ibarzabal, A. 1985. “Donostiako udako VI. Ikastaroak”. Senez: itzulpen eta terminologiazko aldizkaria, (3), 141-143. https://eizie.eus/eu/argitalpenak/senez/19850901
[2] Mendiguren, X. 1987. “Itzultzailearen etxeak Europan”. Senez: itzulpen eta terminologiazko aldizkaria, (6), 241-243.
[3] Agirre, E., Alegria, I., Arregi, X., Artola, X., Díaz de Ilarraza, A., Maritxalar, M., Sarasola, K. eta Urkia, M. 1992. “Xuxen: a spelling checker/corrector for Basque based on two-level morphology”. Third Conference on Applied Natural Language Processing, 119-125.
[4] Bostak bat. 1996. Hiztegia 3000.
[5] Elhuyar Fundazioa. 1996. “Elhuyar hiztegi elektronikoa”. Elhuyar zientzia eta teknologia, (114), 44-47.
[6] Euskaltzaindia. 2002. XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa.
[7] Sarasola, I., Salaburu, P., Landa, J. eta Zabaleta, J. 2007. Ereduzko Prosa Gaur (EPG).
[8] Elhuyar Fundazioa eta Ixa taldea. 2006. Zientzia eta Teknologia corpusa.
[9] Elhuyar Fundazioa eta Ixa taldea 2007. Corpeus: internet euskarazko corpus gisa.
[10] EIZIE elkartea (d.g.). ItzuL posta-zerrenda.
[11] Euskalbar (2024ko uztailaren 1ean kontsultatua). Wikipedia.
[12] Mayor, A., Alegria, I., Díaz de Ilarraza, A., Labaka, G., Lersundi, M. eta Sarasola, K. 2011. “Matxin, an open-source rule-based machine translation system for Basque”. Machine Translation, (25), 53-82.
[13] Etchegoyhen, T., Martínez, E., Azpeitia, A., Labaka, G., Alegría, I., Cort-es, I., Jauregi, A., Ellakuria, I., Martin, M. eta Calonge, E. 2018. “Neural Machine Translation of Basque”. Proceedings of the 21st Annual Conference of the European Association for Machine Translation, 139-148.
[14] Elhuyar Fundazioa. 2021. Elia.eus.
[15] Eusko Jaurlaritza. 2019. Itzuli.eus.
[16] Vicomtech. 2019. Batua.eus.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia